Prentsa Oharren banner

Udalak COVID-19ren eragina murrizteko prebentzio-neurriak handitu ditu

Gasteizko Udalak prebentziozko hainbat neurri ezarri ditu herritarren osasuna zaintzeko, Eusko Jaurlaritzaren erakunde arteko mahaian parte hartu ondoren. Mahai horretan koordinatu dira zerbitzu eta ekipamendu publikoetan hartu beharreko jarraibideak. Neurri horiekin batera, udalaren menpe dauden ikasketa zentroen jarduera etetea erabaki dute gaur eguerdian, Lakuako Gobernuko Osasun eta Hezkuntza sailek ezarritako jarraibideari jarraituz. Etete hori martxoaren 24ra arte izango da, asteartea, eta beste agindurik izan ezean ohiko jarduerara itzuliko da.

 

Martxoaren 10etik martxan jarriko diren neurriak:

 

– Gizarte-etxeetan jarduera etetea, bi zerbitzutan izan ezik: Oinarrizko Gizarte Zerbitzuetan eta Herritarren Arretarako Bulegoetan. Kirol instalazio guztietan ere jarduera etengo da.

 

– Bertan behera utzi da aurrez aurreko prestakuntza-jarduera guztia: udal hezkuntza-zentrotan jada hartu den neurria enpleguaren arloko prestakuntza-zentroetara hedatzen da (CETIC eta Ignacio Ellacuría), hala, gizarte-etxeetan eta adinekoen zentro soziokulturaletan emandako ikastaroen bloke osora.

 

– Eskola-kiroleko jarduera eta Udal instalazioetan egiten diren jarduera fisikoko ikastaro guztiak eten dira.

 

– Pertsona asko biltzen diren kirol eta kultura ekitaldiei dagokienez, zuzenean erantzungo zaio Eusko Jaurlaritzak esandakoari eta parte hartzaileen kopurua, ekitaldiaren lekua eta esparruaren gehieneko edukiera zehatz-mehatz aztertuko da.

 

– Adingabeen gizarte eta hezkuntzazentroen jarduera ere eten egin da.

 

Neurri horiek guztiak arautzen dituen funtsezko irizpidea adingabeak espazio itxietan elkartzea saihestea da. Koronabirusak bereziki ez die eragiten, baina gaixotasuna nahiko erraz transmititu dezakeen biztanleria-sektore bat da adingabeena.

 

Adinekoentzako zerbitzuen arloko neurri espezifikoak ere indartuko dira:

 

-Gizarte zerbitzuen kasuan, Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailak eta Osakidetzak zentro soziosanitarioei zuzendutako gomendioak eguneratzeko ardura hartu du Udalak. Horrek esan nahi du, familiek eta zentroetako erabiltzaileen bisitariek ezingo dutela bisitarik egin sukarra edo arnasketa-sintoma akutuak badituzte. Era berean, ospitaleratutako paziente bakoitzeko senideen bisitak murriztea gomendatzen da. Laguntzaileek ezin izango dute sukarrik edo arnasketa-sintoma akuturik izan.

 

Eskuen higienerako eta arnas higienerako neurriak ere zorroztuko dituzte, gainazalen garbiketak indartzeaz gain.

 

Neurri horiek guztiak hartzen badira ere, datozen egunetan zehaztapen gehigarriak egin ahal izango dira. Udal giza baliabideen arloan, bestalde, Udal langileen ordezkariekin bilera bat egitea aurreikusi da biharko (asteartea) ezarri beharreko neurri zehatzak aztertzeko.

 

Azkenik, Gasteizko Udalak eskatzen die familiei ulertu ditzatela ezarritako neurriak. Eta jarrai ditzatela Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailak ematen dituen prebentzio-jarraibide orokorrak.

Share

Prentsa-deialdiak (2020-03-10)

Prentsaurrekoa. Ruper Ordirakaren kontzertua aurkeztea

Parte hartzaileak. Ruper Ordorika, kantaria

Eguna. Asteartea, martxoak 10

Ordua. 11:00

Tokia. Teatro Principal Antzokia

——————————

‘Exodo’ erakusketa inauguratzea

Parte hartzaileak. Gizarte Politiken zinegotzi Jon Armentia; Berdintasun eta Giza Eskubideen foru zuzendari Nerea Melgosa; eta erakusketako egileak: Andoni Lubaki, fotokazetaria eta Karlos Zurutuza, erreportaria

Eguna. Asteartea, martxoak 10

Ordua. 12:00

Tokia. Montehermoso Kulturunea

 

Share

Gizon bat atxilotu dute borroka batean beste bati eraso egiteagatik

Udaltzainek 35 urteko gizonezko bat atxilotu zuten lesioen delitu baten ustezko egilea izateagatik.

Gertakariak 10:30 inguruan jazo ziren Arriagako Atean, borrokaren baitan, atxilotuak ustez beste gizonezko bati eraso egin zionean. Udaltzainak iritsi zirenean, ustezko egilea ihes egiten saiatu zen, baina azkenean harrapatu egin zuten. Biktima osasun arloko langileek artatu zuten, masaila odoletan zuelako.

Bestalde, asteburuan beste bi lagun atxilotu zituzten haien aurkako errekisitoria judizialak zeudelako. Lehenengoa 50 urteko gizonezko bat izan zen, Ariznabarra auzoko etxe batean gertatutako ur-ihesarekin lotuta identifikatu zutenean. Bigarrena 19 urteko emakumezko gaztea izan zen. Beste gazte batzuekin batera identifikatu zuten Molinuevo parkean estupefazienteak izateagatik.

Asteburuan, Udaltzaingoak 43 zirkulazio-istriputara bertaratu behar izan du eta 5 lagun zauritu dira horietan.

Istripuak

Ostiraletik, zirkulazioko berrogeita hiru istripu gertatu dira, eta horietan bost pertsona zauritu. Gainera, Udaltzaingoak bideko segurtasunarekin lotutako delituak direla eta hamaika gidari ikertu ditu: zortzi alkoholemia positiboekin lotuta; bat, proba egiteari uko egiteagatik, eta bi, gidabaimenik gabe zirkulatzeagatik.

Asteburuan, Udaltzaingoak prebentziozko lau alkoholemia-kontrol egin ditu, eta 80 gidari baino gehixeagok egin behar izan dituzte alkoholemia-probak. Haietako hiruk emaitza positiboa eman eta bide administratibotik salaketa jaso zuten.

Share

Vitoria-Gasteizko Udalaren erakunde-adierazpena ageriko arrazoirik gabe desagertutako pertsonen familiekiko elkartasunez

 Deklarazio irakurketaren audioa

Itxurazko arrazoirik gabe Desagertutako Pertsonen Eguna da martxoaren 9a. Hala erabaki zuen Diputatuen Kongresuak 2010ean, ganbera osoaren aho bateko babesarekin. Aurten, hamargarren urteurrena denez, oroitzapen honek are garrantzi handiagoa hartzen du, eta herritarren parte-hartze zabalena eta gure erakunde demokratikoen inplikazioa eskatzen.

Udalok, hurbilen dugun administrazioa den heinean, zeregin aktiboa izan behar dugu desagertzeen errealitatearen aurrean: 30.000 salaketa erregistratu dira Espainian azken urtean, eta 180.000 inguru Barne Ministerioak 2010ean erregistro ofiziala egiten hasi zenetik.

Gehien-gehienak konpontzen badira ere, beste asko erantzunik gabe geratzen dira, eta ez dago jakiterik absente dauden pertsonek bizirik jarraitzen duten ala hilda dauden; horrek mina eta babesgabetasuna sortzen die senideei.

Norbait desagertzen denean, lekua erabakigarria da, eta udalen zeregina ezinbestekoa, eta balio handikoa, lehen minututik eraginkortasunez erantzun baitezakete. Informazioa azkar ematea, familientzako arreta, tokiko herritarren laguntza, lurraldearen kartografia eta Udaltzaingoaren eta Estatuko segurtasun indar eta kidegoen arteko koordinazioa udal ekintzako plan baten parte izan behar dira, ondo zehaztu eta jakinarazitakoa.

Horixe da gure korporazioek Desagertutako Pertsonen Eguna dela eta berritzen duten konpromisoa, arreta berezia emanez giza talde kalteberenei: adin txikikoak, nerabeak, osasun mentaleko arazoak dituzten pertsonak, eta gaixotasun neurodegeneratiboak dituzten adinekoak, alzheimerra, kasu.

Senideekiko elkartasuna eta haien sufrimendua arintzeko baliabideak eskaintzea gure erantzukizuna dira, errealitate horrek erantzutera behartzen baikaitu.

Udalbatza honek bat egiten du egun horren oroitzapenarekin, eta aipamen berezia egin nahi die Borja Lázarori, haren familiari eta lagunei. Borja 2014ko urtarrilean desagertu zen, Kolonbian, eta, azken urteotan, Udalak hainbatetan erakutsi du konpromiso irmoa duela desagertutako pertsonak bilatzeko eta haien senideei babesa emateko, eta, bereziki, Borjaren kasuan.

Beraz, eragindako pertsonei elkartasuna adierazten jarraitu nahi diete Udal honetako talde politiko guztiek, eta, horregatik, ageriko arrazoirik gabe desagertutako pertsonei buruzko VIII. Topaketa Teknikoak datorren maiatzean gure hirian egiteko konpromisoa hartu du, Borja Lázaroren familiari  —eta, hedaduraz, desagertzeek eragindako pertsona guztiei— hurbiltasuna eta maitasuna erakusteko.

 

Share

La Oreja de Van Gogh, Talco, Los Rebeldes, Su ta gar eta Belako, Foru plazako kontzertuetako protagonista Andre Maria Zuriaren jaietan

La Oreja de Van Gogh

Aihotz plazan, berriz Xabi Solano, Revolta Permanent, Amak eta Skakeitan arituko dira

 

 

 

 

 

 

 

Musika da Gasteizen abuztuaren 4tik 9ra bitartean egiten diren Andre Maria Zuriaren jaietako protagonista nagusietako bat. Nonahi entzuten da musika jaietan, agertoki ugaritan. Foru plazan da publikorik gehienetako hartzen duen lekuetako bat.

Hezkuntza eta Kultura zinegotzi Estíbaliz Cantoren aburuz, “leku horretako musika-eskaintza jende orori zuzendua da, pil-pilean dauden taldeak eta banda mitikoak uztartuz programazio anitza biltzen duena”.

Talco taldeak inauguratuko du Foru plazako agertokia, abuztuaren 4an, asteartez. Talde jatorriz italiarra da, Venezian sortua, ska estiloan puntan dagoena Europan. Soinu sendo eta irmoa dute, eta  haize-instrumentuen presentzia handia dutelarik, zirkoko musika eta Italiako folka gogoratzen dute.

Abuztuaren 5ean, asteazkenean, eta Andre Maria Zuriaren jaietako egun handiarekin bat, La Oreja de Van Gogh donostiar taldearen txanda izango da, zeinak mundu zabalean 8 milioi diskotik gora saldu baitu. Besteak beste Grammy latino eta MTV Europa sariak irabazi ostean, taldeak zortzigarren diskoa grabatu du, eta udaberrian kaleratzea espero du.

Ostegunean, abuztuaren 6an, banda mitiko bat arituko da, Los Rebeldes alegia. Carlos Segarrak eta taldekideek beren ohiko rockabilly energiaz betea joko dute, eta dantzan jarriko du jai gogoz joandako jendea. 2019an Corazón de rock & roll diskoa estreinatu zuten, hasi zirenetik joan diren lau hamarkadak ospatzeko asmoz arrakasta handienen bilduma.

Abuztuaren 7an, ostiralez, Su ta Gar eibartarrak izango dira oholtza gainean, euskaraz egindako heavy metal musikaren aitzindariak. Dagoeneko 11 disko eta 1.000 kontzertutik gora bildu dituztelarik, joan den neguan 30. urteurrena ospatzeko bira egin zuten, eta sarrera guztiak saldu zituzten jo zuten areto guztietan.

Foru plazako programa abuztuaren 8an amaituko da, larunbatean, eta talde alternatiboen artean berezienetako bat den Belako arduratuko da horretaz. Inspirazioa 80ko new wave hartan hartuta, Mungiakoa kritika zein publikoa txunditu du euskaraz baina, batez ere, ingelesez abestutako beren post-punk abestiekin.

Aihotz plaza

Gasteizko Aihotz plaza da hiriko zaindariaren ohorezko jaietan musikak hartzen beste leku bat.

Xabi Solano izango da bertan lehena, abuztuaren 5ean, beti alboan duen trikitixak lagunduta. Esne Beltza taldearen sortzaile izandakoa bakarkako bere proiektu berriarekin etorriko zaigu, zeinaren barruan Bi izeneko disko argitaratu berri duen, pieza berrien eta euskal musikaren klasikoen bertsioak, kolaborazio interesgarriak tarteko.

Abuztuaren 6an, ostegunez, Revolta Permanent izango da Aihotz plazan. Barakaldo taldeak asmatu egin du euskarazko rapa musika elektronikoarekin eta rock industrialarekin uztartzen, hartara estilo berezi eta nahastezina lortu duelarik. Gasteizen bere azken diskoa aurkeztuko du, Lobotomiak izenekoa, iazko urte amaieran kaleratua.

Eta musika sendo eta bizkor batetik, proiektu dotore batera, hain zuzen ere Amak taldeak plazaratzen duena. Alaitz Telletxea (Alaitz eta Maider), Maixa Lizarribar (Maixa ta Ixiar), Amaia Oreja (M-n ezten) eta Kristina Solano (M-n ezten) batu dira bertan, eta trikitrixa, pandero eta ahots arteko hamaika konbinazio sortu dituzte. Ostiralean izango da, abuztuaren 7an.

Programazioaren urrezko amaiera Skaiketan donostiar taldearen eskutik etorriko da. 2008an hasi zuen ibilbidea, euskal rock erradikalaren sena ska, punk, reggae eta hip hop estiloak uztartuz. Zortzi musikari taula gainean, ikuskizun benetan bizkorra.

Cantoren ustean Aihotz plazako agertokia “euskal musikari eskainitako gunea da, edozein estilotan delarik ere. Abesti tradizionala, baina baita proposamen bortitzagoak ere, esaterako rapa, elektronikoa, ska, hip hopa, eta abar…”.

Share

Egin da Eusko Legebiltzarrerako hauteskundeetarako mahaiburu eta mahaikideak izendatzeko zozketa

Martxoaren 10etik 12ra arte banatuko zaie jakinarazpena izendatutako 2.781 pertsonei

 

 

 

 

 

Gaur goizean egin da apirilaren 5ean izango diren Eusko Legebiltzarrerako hauteskundeetarako mahaiburu eta mahaikideak izendatzeko zozketa, bertan zeudela Udal Errolda Ataleko zinegotzi arduradun Borja Rodríguez Ramajo, idazkari nagusi Martin Gartziandia eta zenbait udal sailetako teknikariak.

Orotara 309 hauteskunde-mahai jarriko dira, 33 hauteslekutan; aurreko hitzorduetan baino hautesleku bat gutxiago izango da: Udalaren ustez, Samaniego LHIko hauteslekuko irisgarritasuna ez da egokiena, jende asko bertaratzen delako, eta baliabideak ez direlako nahikoak eskaerari erantzuteko. Hori dela eta, han jartzen ziren hauteskunde-mahaiak beste leku hauetara aldatu ditugu: Paulo Freire HHI (3. barrutiko 25. sekzioari dagokion mahaia) eta Iparralde gizarte etxea (lau mahai, 3. barrutiko 19., 20., 21. eta 23. sekzioei dagozkienak)“, azaldu du Rodríguez Ramajok.

Martxoaren 10etik 12ra bitartean jakinaraziko zaie mahaiak osatuko dituzten 2.781 pertsonei izendatuak izan direla. Hauteskunde-mahaiko kide izendatu izana jakinarazten dela hobeto bermatzeko, hiru saiakera egin ondoren jakinarazpena egiterik ez bada postontzian utziko zaie oharra“, iragarri du Udal Administrazioaren eta Eraldaketa Digitalaren zinegotziak.

Pertsona horiek udaletxera joan beharko dute (Espainia plaza, z/g), martxoaren 13an (ostirala) edo 14an (larunbata), 10:00etatik 14:00etara zein 17:00etatik 21:00etara.

Udalak ez ditu argitaratuko zozketaren emaitzak, herritarren datu pertsonalen konfidentzialtasuna gordetzeko.

Gasteizen bizi diren 189.762 pertsonak eman ahalko dute botoa hauteskunde horietan, baita atzerrian bizi diren beste 5.026 gasteiztarrek ere.

Martxoaren 20an hasiko da formalki hauteskunde-kanpaina, eta apirilaren 3ra arte iraungo du, hots, apirilaren 5eko hauteskundeen aurreko gogoeta-egunaren bezperara arte.

Bozketa-egunean, goizeko bederatzietan irekiko dira hauteskunde-mahaiak, eta arratsaldeko zortzietan itxiko; orduan ekingo zaio emaitzen zenbaketari.

Share