Prentsa Oharren banner

Gasteizek udako kultur programazioa aurkeztu du

Herritarrek 48 emanaldiz gozatu ahalko dute: kale antzerkia, dantza, kontzertuak, magia, antzerkia, bertso saioak, bakarrizketak, zirkua, aire zabaleko zinema eta pintura lehiaketa.

Kartela

Gasteizko Udalak 2020ko udako kultur programazioa aurkeztu du, zeina uztailaren 14tik irailaren 4ra bitartean garatuko baita. “Normaltasun berriaren” barruan Gasteizko kultura suspertzeko asmoz sortu da ekimena.

“Gure helburu nagusia tokiko kultura babestea da, berriro kalera ateratzea eta, azken finean, zuzeneko ikuskizunen ilusioa berreskuratzea. Horretarako, Kultura Zerbitzutik, tokiko konpainia eta taldeetan soilik oinarritutako programazioa antolatu dugu, bai Gasteizkoak bai Arabakoak“, adierazi du Hezkuntza eta Kultura zinegotzi Estibaliz Cantok. “Joan den ekainaren 16an egindako Kultura Elkargunean proposamen interesgarriak jaso genituen, eta horietako asko udan babestu nahi izan ditugu“, gaineratu du.

Tokiko konpainiak eta taldeak izango dira, beraz, uztailaren 14tik irailaren 4ra arte egingo den aire zabaleko kultur programazioaren protagonistak; arratsaldez izango dira ikuskizunak, asteartetik ostiralera. 48 ekitaldik osatuko dute programazioa: kaleko antzerkia, dantza, kontzertuak, magia, antzerkia, bertso saioak, bakarrizketak, zirkoa, aire zabaleko zinema eta pintura lehiaketa.

Ikuskizun guztiak aire zabalean egingo dira, esparru hesituetan eta edukiera mugatuarekin. Jarduerak hiriko hainbat lekutara iritsiko dira, hala nola Arriagako parkea, Aranbizkarreko parkea, Zulueta jauregiko lorategiak, Hegoalde gizarte etxearen eta Zabalganeko gizarte etxearen kanpoaldea, elurtegia, Salburuko Gabriela Mistral kirol-gunea eta apaizgaitegia.

Uda honetan, aire zabaleko zine emanaldiak izango dira Gasteizko hainbat lekutan. Uztailaren 31n (ostirala) abiatuko da programa, ‘Detective pikatxu’ filmarekin, Santa Maria Katedraleko plazan, eta abuztuaren 29an (larunbata), amaituko da, ‘Padre no hay más que uno’ filmaren emanaldiarekin, espazio berean.  ‘La pequeña Suiza’, ‘Aladdín’, ‘Vitoria, 3 de marzo’, ‘Chicos buenos’ eta ‘Los Goonies’ lanek osatzen dute zikloa. Play Gasteiz-ekin elkarlanean antolatu da.

Uztailaren 18an, berriz, Aire Zabaleko Pintura Lehiaketaren XIV. edizioa egingo da. Parte hartu nahi dutenek uztailaren 6tik 16ra bitartean (biak barne) egin ahalko dute eskabidea, udalaren web orriaren bidez eta 010 telefonoaren bidez (945 161100 Gasteiztik kanpo izanez gero), eta lehiaketaren egunean bertan; gehienez 55 pertsonak hartu ahalko dute parte.

Aurtengo gaia ‘Hirigintza XXI. mendean: Salburua auzoa’ izango da, azken urteetan hiriaren ekialderantz izan den hedapen urbanistikoa erakusteko xedez. Larunbat goiz osoan zehar, gasteiztarrek lehiaketan parte hartzen duten artistak lanean ikusi ahalko dituzte Salburuan.

Amaitutako lanak 17:00ak baino lehen entregatu beharko dira, eta 19:30ak arte egongo dira ikusgai gizarte etxearen kanpoaldean. Orduan jakinaraziko da epaimahaiaren epaia.

Lehen sariak 1.600 euroko zuzkidura du, eta bigarrenak, 1.400 euro. Horietaz gain, lehenengo ‘Gasteiz’ sariari 1.200 euro egokituko zaizkio eta bigarrenari, 1.000 euro. Azken bi sari horiek ohiko bizilekua Araban duten eta aurreko bi sarietako bat ere jaso ez duten artisten artean aukeratuko dira.

 

Datozen egunetan itxiko dugu udako kultur programazioa, eta horren barruan sartu diren azken proposamenen berri emango dizuegu, oraindik tokiko eragileekin zehazten ari baikara“, iragarri du Cantok.

 

Oro har, kultur genero desberdinetako proposamenek osatuko dute programazioa:

  • Arte eszenikoak: Zanguango, El Mono Habitado, Pez Limbo, Zurrunka, Kolectivo Monstrenko, Gag Street Boys, Panta Rhei…
  • Zirkua: Sarini Zirko, Hutsun + Ortzi, Bapatean…
  • Dantza: Larrua, Doos Colectivo…
  • Magia: Sun Magoa, D’Albeniz Magoa, Asier Kidam…
  • Bakarrizketak: Gorka Aginagalde, Belén Nevado, Kike Loiola, Jose Cruz Gurrutxaga, Josune Vélez de Mendizabal + Ane Gebara…
  • 2 bertso-saio, Arabako Bertsozale Elkartearen eskutik.
  • Musika: Mice, Izaki Gardenak, Moni Garage, Shiny Red Mood, Aldakan Beltz, Raul Romo, Moonshine Wagon, Los Misterios, Turukutupá…

 

 

Bandaren itzulera

Gainera, Uraren Lorategi Sekretuak Gasteizko Udal Musika Bandaren zazpi kontzertu hartuko ditu uztailaren 10etik 24ra eta irailaren 4tik 25era. Gasteizko publikoarekiko berrelkartzean, Udal Bandak, Luis Orduña eta Iker Olazabalen zuzendaritzapean, ‘Música de km.0’, ‘Héroes y villanos’, ‘Música Latina’, ‘Personajes históricos’ eta ‘una aventura espacial’ deitutako emanaldiak eskainiko ditu.

Aurreko astean Principal antzokiak, Oihaneder Euskararen Etxeak eta Montehermoso kulturuneak aurkeztutako programazioak gehitu behar zaizkio aipatutakoari.

 

Kultura segurua

Sailak protokolo bat ezarri du programatutako ikuskizun guztietara modu seguruan joateko, osasun-segurtasuna bermatzeko eta indarrean dagoen araudia betez:

 

  • Ikuskizun guztiak aire zabalean egingo dira, esparru hesituetan, edukiera mugatuarekin eta sarrera-kontrolarekin, lekua erreserbatu beharko baita.
  • Ezingo da zutik egon, eta, horretarako, aulkiak jarriko dira, metro eta erdiko tartea utzita. Aulkiak desinfektatu egingo dira emanaldi bakoitzaren aurretik eta ondoren.
  • Nahikoa denboraz joan beharko da, arazorik gabe sartu eta eseri ahal izateko. Ikuskizuna hasi baino 30 minutu lehenagotik sartu ahalko da.
  • Sartzeko eta irteteko ibilbideak adieraziko dira, pertsonen arteko gurutzaketak saihesteko. Antolatzaileek ikusle bakoitzari zein eserleku dagokion adieraziko diote, iritsiera-ordenaren arabera.
  • 6 urtetik aurrera, maskara erabili behar da esparrura sartzeko eta bertatik irteteko. Eseri ondoren bakarrik egon ahalko da maskararik gabe. Ikusle bakoitzak bere maskara eraman beharko du.
  • Ikuskizun osoan eserlekuetan egon beharko da. Antzezpena egiten den bitartean esparrutik irten behar izanez gero, ezin izango da berriro bertara sartu.
  • Haurrak ezingo dira zutik egon, ezta esparruan mugitu ere.
  • Familia edo tutoreak arduratuko dira adingabeek segurtasun-arau guztiak betetzeaz. Bete ezean, esparrutik alde egin beharko dute.
  • Ezin da esparruaren barruan erre.
  • Ezin da animaliarik sartu.
  • Hustea mailaka egingo da, antolakuntzaren argibideei jarraituz.
  • Lekua erreserbatzeko unean, ezarritako protokoloa irakurri dela eta onartzen dela adierazi beharko da.

 

Lekuak ikuskizunaren egunean bertan erreserbatuko dira, 9:00etatik aurrera, udalaren webgunean edo telefonoz (laster jarriko da). Erreserba ikuskizun bakar baterako eta emanaldi bakar baterako izango da, eta pertsona bakoitzak gehienez bi plaza erreserbatu ahalko ditu. 

 

Kontzertu-aretoak

Bestalde, Gasteizko Udalak kolaborazio garrantzitsuak egingo ditu kontzertu-aretoekin, Dazzekin adostutakoa kasu. Horren bidez, Vital Fundazioa Kulturuneak bost jazz emanaldi hartuko ditu uztailaren 10etik 14ra. Hauek, zehazki: Raynald Colom Trio (10ean), Roman Filiú Trio (11n), The Cuban Jazz Syndicate Feat. Pepe Rivero (12an), Félix Rossy & Toni Saigi (13an) eta Pacheco & Seppere & Regidor (14an). Guztiak 20:00etan hasiko dira.

Horrez gain, Urban Rock Concept aretoak zortzi kontzertu eskainiko ditu, uztailaren 18tik irailaren 15era. Joaquín Sabinari omenezko kontzertuak irekiko du programa, uztailaren 18an, Sabin Joaquina eta Viceversaren eskutik, zeinek Mairuren rockarekin partekatuko baitute gaua. Abuztuaren 1ean Red Iron Squad taldearen txanda izango da eta 29an, Bonustrackena.

Irailean, berriz, rock zaleek bost taldez gozatu ahalko dute: Matt Woods, hilaren 1ean; Amann & The Waywards Sons, 5ean; Demian Band, 10ean; Lobo y Carmine, 11n, eta Rober J. Hunter, 15ean.

Helldoradori dagokionez, areto horrek bi saio egingo ditu kontzertu bakoitzeko, bata eguerdian (bermut saioa), 13: 00etan eta bigarrena 18: 30ean. Irailaren 5etik 20ra arte, MFC Chicken (5ean), Faitheless (12an) eta Victimas Club (20an) izango ditugu.

Areto bakoitzaren ohiko salmenta-kanalera jo beharko da kontzertu horietarako sarrerak erosteko.

 

 

 

 

Share