Prentsa Oharren banner

Gasteizek Cabaret Festival jaialdia hartuko du abuztuaren 1etik 12ra

 

 

Besteak beste, David Bisbal, Pablo López, Ara Malikian, Hombres G, Dúo Dinámico eta India Martínez arituko dira Arabako hiriburuan.

Abuztuaren 1etik 12ra bitartean, Cabaret Festival jaialdia hartuko du Gasteizek, Iradier Arenan. Musikari ezagunen kontzertuak, umore emanaldiak eta txikienentzako ikuskizunak eskainiko dira.  Radio Gorbeak antolatu du, Televitoriaren laguntzarekin.

Gasteizko Udaleko Hezkuntza eta Kultura zinegotzi Estíbaliz Canto, Arabako Foru Aldundiko Kultura diputatu Ana M. Del Val,  Eusko Jaurlaritzako Turismo zuzendari Goyo Zurro eta Nervión Flyn-en zuzendari David Camín izan dira jaialdia aurkezteko prentsaurrekoan. Bertako zenbait artistak ere hartu dute parte: Gatibuko kide Álex eta Haimar, Huntza taldeko kide Josune, eta Maribel Salas eta Gorka Aguinagalde aktoreak.

Cabaret Festival jaialdi kontzeptu berria da, intimo, dotore eta esklusiboa, Parisko kabaretetan inspiratua eta 20ko hamarkadako estetikan girotua. Herritarrek goi mailako ikuskizunez gozatu ahalko dute, leku ireki batean —Iradier Arenan— eta leku-kopuru mugatuaz, 1.000 pertsona gehienez, osasun arloko agintarien irizpideak betez.

“Eskerrak eman nahi dizkiot Nervión taldeari, ekitaldi hori egiteko Gasteizen aldeko apustua egin dutelako udan zehar Espainiako hainbat hiritatik egingo duen biran. Pandemiak guztiok geldiarazi gaitu, arlo askotan. Egoera berri honetan, Gasteizko kultura suspertu nahi dugularik, pertsonen segurtasuna eta osasuna bermatzen dituzten ekitaldiak lehenesten ditugu“, azaldu du Gasteizko Hezkuntza eta Kultura zinegotzi Estíbaliz Cantok.

Jaialdiak maila handiko figurak eta taldeak aurkeztuko ditu: David Bisbal, Pablo López, Ara Malikian, Hombres G, Dúo Dinámico, India Martínez, Gatibu, Omar Montes, Natalia Lacunza, Izaro, Antonio José, Zea Mays eta Huntza. Goyo Jiménez, Carlos Latre, Los Morancos, Luís Piedrahita, Gorka Aguinagalde, Gurutze Beitia, Maribel Salas eta Óscar Terol, berriz, umore ukitua jartzeaz arduratuko dira.  Hiriko  haurrek, azkenik, Cantajuegos eta Pirritx, Porrotx eta Marimototsen ikuskizunez gozatu ahalko dute. Izen horiei beste batzuk ere gehituko zaizkie, baieztatu ahala.

“Gasteizko Cabaret Festival jaialdiaren kartelean bertako artistak Estatuko beste batzuen ondoan agertzen dira, eta horrek tokiko ehunaren balioa nabarmentzen du; izan ere, haiekin eskuz esku aritu gara lanean covid-19a gure hirira iritsi zenetik”, azpimarratu du Cantok. “Gasteiztarrak zein bisitariak ekimen berri horrekin bat egitera animatzen ditugu, Gasteizko uda kolorez beteko baitu. Zain gauzkazue”, erantsi du.

Sarrerak bihar jarriko dira salgai, 12:00etan, www.nervionentradas.com eta www.cabaretfestival.es webguneetan, baita Kutxabanken web-orrian ere.

 

Informazio gehiago

 

 

 

 

 

 

Share