Prentsa Oharren banner

Bildumagileen azoka igandean irekiko da berriro, Santa Barbara plazan

 

Bildumagileen azokak asteburu honetan ekingo dio berriro jardunari, baina beste leku batean, Santa Barbara plazan. Izan ere, Covid-19arekin lotutako prebentzio-arau berriak direla kausa beharrezkoa da edukiera kontrolatzea eta azoka egiten den lekua mugatzea. Ohiko lekuan —Espainia plaza—, ordea, jende ugari ibiltzen da batetik bestera, eta zaila gertatzen zen neurriak betetzea.

“Bildumagileen azokan hiriko pertsona asko elkartzen dira gauzak trukatzeko, eta horregatik mantendu nahi izan dugu, baina behar diren segurtasun-neurriak hartuta. Santa Barbara plazan duela aste batzuk hasi ginen beharrezko segurtasun-neurriak probatzen”, azaldu du Merkataritza zinegotzi Igor Salazarrek.

Azokako hogei saltokietan askotariko bilduma-gaiak erakusten eta saltzen dira: zigiluak, txanponak, billeteak, mineralak, oroi-dominak, postalak, argazkiak, liburuak, egutegiak, aldizkariak, loteria, binilozko diskoak, kartak edo kromoak.

Datozen hilabeteetan, beraz, Santa Barbara plazako pergolaren azpian egingo da azoka, ohiko ordutegian (10:00etatik 15:00etara) eta saltoki-kopuru berarekin. Pergolako zutabeen artean hesiak edo zintak jarriko dira, eta bi sarrera eta irteera bat egokituko. Ekonomia Sustapenaren, Enpleguaren, Merkataritzaren eta Turismoaren Sailak kontratatutako langileek kontrolatuko dituzte sarrera-irteerak, saltzaile ibiltarien elkartearen laguntzarekin. Bezeroei gel hidroalkoholikoa eskainiko zaie, azokako erosleek berek erosia. Gainera, saltokien alboen artean 1,5 metrotik gorako distantzia utziko da.

Share