Prentsa Oharren banner

Adinekoentzako zentro soziokulturalen sareak jantoki-plazen kopurua handituko du, lantegien eskaintza handituko eta bakardadearen aurka egiteko “Piztu zure auzoa” programa hiri osora zabalduko

Kudeaketa-kontratu berriak hobekuntza garrantzitsuak aurreikusten ditu hurrengo bi urteetarako

Jantokiko 68 plaza berri egokituko dira, eta beste 400 lantegi eta ikastaroetan

Udalak laster esleituko du adinekoentzako zentro soziokulturalak kudeatzeko kontratu berria, oraindik lizitazio-fasean baitago. Kontratu berriari esker, Gizarte Politiken, Adinekoen eta Haurren Sailak hobekuntza garrantzitsuak egingo ditu baliabide horien 35.000 erabiltzaileri baino gehiagori eskaintzen dizkien zerbitzu eta programetan.

Berrikuntzak urritik aurrera iritsiko dira, kudeaketa bi urterako esleitu ondoren eta 3,3 milioi euroko urteko aurrekontuarekin —egungo kontratuak baino ia milioi erdi euro gehiago—. Berrikuntza nagusietako bat zentro bat gehiago kudeatu beharra izango da, San Martinekoa, datozen hilabeteetan irekiko baita; beraz, dagoeneko 16 izango dira udal sarea osatzen duten adinekoentzako zentro soziokulturalak.

Zentro soziokultural berria sareko handiena izango da eta zerbitzu guztiak izango ditu: informazioa, kafetegia, ile-apaindegia, podologia, hemeroteka, infoteka, osasun-parkea, erorketen prebentziorako programa eta animazio soziokulturalerako programa, baita 48 plazako jantokia ere. Plaza horiei Aranako zentroan sortu berri diren beste 20 plaza gehituko zaizkie; bertan egokitzapen-lanak egingo dira datozen hilabeteetan, jankideen kopurua 70era arte handitu ahal izateko.

Jantoki-zerbitzuak bazkari osoa eta egokia eskaintzen du, eta erabiltzaileen gizarte-integrazioa sustatzen; urte osoan erabili ahalko da, zerbitzu hori duten 10 zentroetan. Adinekoentzako jantoki-sareaz gain, beste hiru jantoki daude udalaren zainpeko apartamentuetan; horrenbestez, guztizko eskaintza egunean 700 menutara iritsiko da.

Bakardadeari aurre egitea

Kontratu berriarekin, adinekoentzako zentro soziokultural guztiek animazio soziokulturaleko teknikari bat izango dute; beraz, orotara 16 egongo dira —gaur egun 10 ari dira sare osoari arreta emateko lanetan—. Horri esker, zentro guztietara zabaldu ahalko da “Piztu zure auzoa” programa. Programa hori bakardade-egoeran dauden adinekoei zuzenduta dago, eta gaur egun Koroatzean, Landazurin eta Pilarren garatzen da.

Langile gehiago izateak auzoetako erakunde eta elkarteekin lan komunitarioa sustatzea ere erraztuko du; hain zuzen ere, horixe proposatu zioten sailari adinekoek berek iaz zentro soziokulturalen parte-hartze eredua ebaluatu zutenean. “Auzo bakoitzeko sare komunitarioetako lana sustatuko dugu eta belaunaldien arteko jarduera gehiago antolatuko ditugu. Ikastetxeen, goi-mailako eskolen eta unibertsitatearen lankidetza bilatuko dugu, beste adin-talde batzuekin topaketak eta ezagutza-trukeak sustatzearren. Horrek gure hiriko gazteek adineko pertsonei eta zahartzeari buruz duten irudia hobetzen lagunduko digu”.

Zurrumurruen aurkako estrategia bat ere garatuko da, eta esperientzia berri bat abiaraziko da, zeinaren bitartez adinekoek eskainiko baitizkiete ikastaroak, lantegiak eta jarduerak beste adin batzuetako taldeei. Belaunaldien arteko programa horrek hiru lantegi eskainiko ditu zentro bakoitzeko, eta adinekoek beren ezagutzak eta trebetasunak transmitituko dituzte horietan.

Lantegi eta leku gehiago

Urritik aurrera, adinekoentzako zentroek aldatu egingo dute ixteko ordutegia, eta ordu erdi aurreratuko da, hau da, 20:30ean amaituko da jarduera. Izan ere, ordu horretatik aurrera jende gutxi ibili ohi zen zentroetan; horrek baliabideak birbanatzea ahalbidetuko du, beste zerbitzu eta programa batzuk bultzatzeko.

Horrekin lotuta, ikastaro eta lantegien eskaintza 12.812 ordukoa izatetik 14.218 ordukoa izatera igaroko da. Hau da, 30 lantegi gehiago eskainiko dira —319ra iritsi arte—–, eta 450 leku gehiago; beraz, 4.000 adinekok gozatu ahalko dute askotariko jarduerez.

Era berean, osasun-parkeen erabiltzaileentzako arreta 713 ordutan handituko da, eta osasun-parke gehiagotan izango da dinamizazioa, gaur egungo 8etatik 12ra igarota.

Azkenik, Abetxuku, Judimendi eta Sansomendiko zentroek ordubetez luzatuko dute informazio-zerbitzuen ordutegia: egunean 4 ordutik 5 ordura igaroko dira, astelehenetik ostiralera.

Share