Prentsa Oharren banner

Gazte talde batzuei zigorra jarri zieten osasuneko segurtasun-neurriak ez betetzeagatik

Udaltzaingoak festa bat itxiarazi du Gamarrako Ateko pabilioi batean, eta 43 salaketa jarri.

Bi jaieguneko asteburu honetan, Gasteizko Udaltzaingoak gazteen hainbat talderi jarri die zigorra pandemiarekin lotutako osasuneko segurtasun-neurri batzuk ez betetzeagatik (musukoa eramateko edo lonjetan ez elkartzeko betebeharra, adibidez). Esku-hartze esanguratsuena igande goizaldean gertatu zen Gamarrako Ateko pabilioi batean. Jai bat itxiarazi zuten bertan. Udaltzaingoak 43 salaketa jarri zizkieten parte-hartzaileei Eusko Jaurlaritzaren osasun-araudia ez betetzeagatik. Jarduera lizentziarik eta suteen aurkako babes-neurririk (su-itzalgailuak, seinaleztapena eta husteko bideak) gabe ari ziren egiten.

Asteburuan, bestalde, baina egun bat lehenago, udaltzainek Gasteizko beste bi tokitan hamarka laguni jarri zieten zigorra. Alde batetik, Aragoi kaleko lonja batean bilduta zeuden beste 25 gazte salatu zituzten; izan ere, egungo araudiak lokal horietan biltzea debekatzen du.

Bestalde, Santiago eguneko arratsaldean, beste patruila batek Aranzabal kalean esku hartu behar izan zuen. Bertan, udaltzainek 24 gazte salatu zituzten musukoa ez zeramatelako. Horrekin lotuta, gogorarazi beharrekoa da duela aste batzuk toki berean eta arrazoi bera dela eta, beste 20 neska-mutil salatu zituztela.

 

 

Bi atxilotu

Gainera, ostiraleko, hilaren 24ko, arratsaldean, 26 urteko gizonezko bat atxilotu zuten zigorra hautsi izanaren ustezko egilea izateagatik. Udaltzainak Salburua auzora joan ziren borroka bat zegoela zioen abisua jaso ostean. Borrokan aritutakoekin elkarrizketatu eta dagozkion ikerketak egin ostean, gazteetako bat atxilotu zuten inplikatutako beste pertsona batekiko urruntze-agindua indarrean zuelako.

Bestalde, udaltzainek errekisitoria judiziala zuen 56 urteko gizonezkoa atxilotu zuten larunbat arratsaldean. 18:00ak inguruan, gizonezko batek derrigor eraman beharreko musukoa ez zuela jantzita ikusi zuten. Zigorra jartzeko identifikatu zutenean, Bartzelonako 3. Instrukzio Epaitegiak emandako errekisitoria judiziala zuela egiaztatu zuten eta, horrenbestez, agindua gauzatu.

Ostiraletik, uztailaren 24tik, hamazazpi zirkulazio-istripu gertatu dira eta horietan bi lagunek zauri arinak izan dituzte.

Share