Prentsa Oharren banner

Jarduera-plan bat jarri du abian Udalak, modu arin, koherente eta koordinatuan erantzuteko, pandemiaren agerraldi berririk balego ere

Udal zerbitzuek fase bakoitzean nola jokatu beharko duten zehazten duten protokolo espezifikoak biltzen dituen kontingentzia-plana aurkeztu du Gorka Urtaran alkateak  

Erantzuteko barne-egitura hobetzen du, alkateak zuzenduko duen koordinazio-mahai batek gidatutako bost komiterekin

 

Covid-19aren pandemiaren aurrean jarduteko plana aurkeztu du gaur goizean Gorka Urtaran alkateak. Horren bitartez, Udalaren barne-antolakuntzarako sistema berri bat egituratzen da, “pandemiaren agerraldi berririk balego ere modu arin, koherente eta koordinatuan erantzuteko. Aparteko egoera bizi izan dugu azken hilabeteotan. Egoera berri honetara egokitu eta bizi izan dugun krisi sanitarioari erantzutea izan da gure lehentasuna, aste horietan. Unerik zailenetan ere, dozenaka lagunek lanean jarraitu dute Udalean, behar izan dutenei gizarte-arreta emateko, kaleak zaindu eta garbi mantentzeko, garraio publikoak zerbitzua ematen jarrai zezan, egoera hori koordinatzeko eta erabakiak ahalik eta modurik eraginkorrenean hartzeko, eta ikusten ez diren baina beharrezko ziren gauza guztiek funtziona zezaten funtsezkoak izan diren beste hainbat lan egiten”, azaldu du alkateak. Eta gehitu du: “Lan handiko asteak izan dira, une bakoitzean egoera aldakor eta berri batera egokitu behar izan dugu. Horrelako egoerei —berriro gertatuz gero— hobeto aurre egiteko aukera emango diguten gauza asko ikasi ditugu”.

Jarduera-plan berriak dakartzan neurriak eta gidalerroak beti egongo dira osasun-agintariek ezarritako jarraibideen mende. Gainera, Udalak jarraipen-adierazleen sistema bat garatu du, zein etengabe eguneratzen baita, eta hirian dauden datu epidemiologiko eta sanitarioen jarraipena egiteko aukera ematen baitu.

Lan-egitura berri bat aurreikusten du agerraldi berrien aurrean jarduteko planak, deszentralizatuagoa, arintasun handiagoa eta barne-koordinazioa xede.

Lantalde espezifikoak ezarri dira, sail bakoitzaren jarduera- eta ezagutza-eremuetan oinarrituta eta antolakuntzaren ikuspegi integralarekin. Hartara, orain arte neurri guztiak lan-mahai bakar batek koordinatzen bazituen ere, aurrerantzean alkateak gidatutako mahai batek koordinatuko ditu gaikako 5 komite espezifikoak: gizarte-zerbitzuak, herritarrentzako instalazio eta zerbitzuak, espazio publikoa, garraioa eta herritarren segurtasuna, baliabideak eta komunikazioa.

Zerbitzuen antolakuntzaren aurreikuspena egiten du plan berriak —barrura nahiz kanpora begira—, alarma-egoeren faseen arabera zehaztu eta egituratuta.

Udalari egitura operatibo arin eta malgu bat eskaintzea da pandemiaren agerraldi berriei erantzuteko estrategia, krisi sanitarioak eragindako egoerei azkar eta eraginkortasunez erantzuteko modua izan dezan. Gainera, barneko eta kanpoko komunikazio- eta koordinazio-bideak ezartzen ditu antolakuntzaren maila guztietan, beste erakunde batzuk nahiz herritarrak aintzat hartuta. Erabakiak hartzea errazten du, ekintzen eta emaitzen gordailu batean oinarrituta, eta erakundearen esku jartzen du krisiaren maila bakoitzean indarrean dagoen araudi orokor eta sektorial guztia.

“Beste alderdi garrantzitsu bat da neurrien koherentzia maila guztietan sustatzea eta udal-ekintzaren ikuspegi integratzailea eta multisektoriala erraztea”, nabarmendu du alkateak, eta azpimarratu du udal-zerbitzu bakoitzaren plangintza zehatza dagoela, fasez fase egituratuta, eta zerbitzu eta sailen protokoloak garatu direla, fase eta zerbitzu bakoitzerako beharrezkoak diren xehetasun operatibo guztiak bilduz.

Komite tekniko bakoitzeko intranetean lan-eremu bana sortzea ere aurreikusi da planean, dokumentazio, jarduera-protokolo, plan eta posta-kontu espezifikoekin, eta udal-langileei horien berri ematea.

Talde horietako bakoitzeko egutegi bat egin da, eta kontaktu-zerrenda bat, oporraldietan eta ordezkapen-aldietan erreferentzia-pertsonak zein izango diren jasota uzteko.

Aldian-aldian egiten dituzte bilerak bost komiteek, eta horrela jarraituko da osasun-agintariek arrisku sanitariorik ez dagoela esan arte. Pandemiaren agerraldi berririk izanez gero, egoera horretara egokituko da komiteen bileren maiztasuna, komite bakoitzaren antolakuntza-autonomiaren irizpideak eta Koordinazio Mahaiaren ikuskaritza eta irizpideak kontuan izanik.

Jarduera-plana (pdf)

Share