Prentsa Oharren banner

Zoladura sendotu eta zuloak betetzeko udako kanpainan 180.000 eurotik gorako inbertsioa egingo da, eta Gasteizko kale erabilienetako batzuk hobetuko dira horri esker

Gasteizko Udalak 182.274,12 euro inbertituko ditu hiriko kaleetako zoladura sendotu eta zuloak betetzeko ohiko kanpainan. Gaur goizeko bileran onetsi du Gobernu Batzarrak lan horietarako kontratazio-dosierra esleitzea Firmes Alaveses eta Sisca Señalizaciones enpresei. Lanak abuztuaren bigarren astean hasiko dira. Oraingo honetan, hiriko kale nagusietako batzuk konponduko dira, Forondako atea, Arriagako atea, Olagibel kalea, Done Jakue hiribidea, Frantzia kalea eta Bake kalea, batzuk aipatzearren. Kale horiek nahiko hondatuta daude, urteen eta erabilera handiaren poderioz.

Mugikortasunaren eta Espazio Publikoaren Sailaren proiektuak orotara 5.800 metro koadroko azaleran esku hartzea aurreikusten du, eta lanek hiru aste irautea. Zoladurak fresatuko dira, bigunguneak eta beste akats batzuk konponduko eta, azkenik, asfaltozko aglomeratu beroa botako.

Enpresa kontratistak kale hauetan lan egingo du:

-Forondako atea

-Honduras

-Gorbeia

-Arriagako atea

-Frantzia kalea

-Bake kalea

-Becerro de Bengoa kalea

-Olagibel kalea

-Done Jakue hiribidea

-Astronomo kalea

“Gure galtzadak hobetu nahi ditugu, erosoagoak izan daitezen bertatik zirkulatzen dutenentzat, bai ibilgailu motordunez bai bestelako garraiobidez“, azaldu du Gorka Urtaran alkateak. “Aurten ahalegin berezia egingo dugu hirira sartzeko kale nagusietan, hala nola Forondako atean eta Arriagako atean, baita gehien erabiltzen diren kaleetako batzuetan ere, Frantzia eta Bake kaleetan, Olagibel kalean eta Done Jakue hiribidea, esate baterako“.

 

Share