Prentsa Oharren banner

Saharako errefuxiatu-kanpamentuetako erizain eskolako zuzendariarekin bildu da Jon Armentia

Gasteizek 1998tik laguntzen dio zentro horri, eta aurten 60.000 € bideratuko ditu bertara.

Garapenerako lankidetzako zinegotzi Jon Armentiak Saharako errefuxiatu-kanpamentuetako erizain eskolako zuzendari Musa Isa hartu du gaur goizean udalean. Udalak 1998tik laguntzen dio zentroari, eta bertan egiten duen lanaz aritu dira biak.

“Oso zeregin garrantzitsua du. Erizainek berebiziko zeregina dute errefuxiatuen lehen mailako arretan, oso mediku gutxi baita bertan. Gehienak Espainiara edo beste lurralde batzuetara joan direnez, baliabide materialak eta giza baliabideak oso eskasak dira” azaldu du Armentiak.

Eskolak erizaintza-ikasketak ematen ditu, eta emagin, pediatria-laguntzaile eta estomatologia adarretako espezializazioa. Dozenaka pertsona prestatzen ditu urtero, kanpamenduetan bizi diren milaka errefuxiatuei zerbitzu eman diezaieten. Iaz 95 pertsona aritu ziren, eta ireki zenetik, 300 pertsonatik gora prestatu dira eta 1.214 profesionaletik gora birziklatu.

Hasiera batean, udalaren laguntzak irakaskuntza hobetzea eta, batez ere, ikasgaietako eskuliburuak prestatzea izan zuen ardatz. 2005etik, berriz, laguntzak eskolaren funtzionamendurako izan dira bereziki: instalazioak hobetu eta onik zaintzea, langileei ordaintzea, bertako ikasleen elikadura- eta higiene-gastuak ordaintzea…

Aurten udalak 60.000 euro bideratuko ditu errefuxiatu-kanpamentuetako erizain eskolara. 2019an baino 15.000 euro gehiago dira, izan ere covid-19a dela eta eskolak amaitu ondoren, eskolak bere baitan hartu ditu berrogeialdian dauden pertsonak, eta udalak bere gain hartu du horien elikadura-gastua.

Share