Prentsa Oharren banner

(Audioz gaurkotua) Gasteizek jardunaldi berezia egingo du larunbatean, Mugikortasunaren Europako Astea ospatzeko

 

San Antonio kalean egingo da jarduera, azkenaldian egindako hirigintza-jarduketei esker eskuratu duen pertsonentzako espazio publikoaren izaera berria azpimarratuz

 Garraio publikoa eta hirian garatutako mugikortasun-proiektuak aldarrikatzeko eta hiria antolatzeko modu berria (superetxadiak) ezagutarazteko eguna izango da

 

Amaia Barredoren adierazpenak

Urtero bezala, irailaren 16tik 22ra bitartean egi ohi den Mugikortasunaren Europako Astea ospatzeko prestatzen ari da Gasteiz. Aurtengoan, osasun egoera dela eta, programa egun bakarrera mugatu da; larunbatean, irailak 19, izango da, San Antonio kalean, 11:00etatik 14:00etara. Mugikortasunaren eta Espazio Publikoaren zinegotzi Amaia Barredok azaldu ditu xehetasunak.

Duela gutxi zenbait hirigintza-jarduketa burutu dira San Antonio kalean, oso izaera ezberdina eman diotenak. Horien bidez, “eguzki kalea” bihurtu da, hau da, pertsonen erabilera lehenesten den kalea, egonaldia, gozamena eta harremanak ibilgailu pribatuen gainetik jarrita. Araba Jeneralaren kalearen eta Florida kalearen parean eguzkiloreak margotu dira lurrean, oinezkoen babes eta segurtasunaren sinbolo gisa, eta horrexegatik aukeratu da jardunaldiaren agertoki izateko. 

Ingurugiro Gaietarako Ikastegiak eta TUVISAk sustatzen dute jarduera. Hainbat informazio eta zabalkunde gune jarriko dira, elkarren artean bereizita, oinezkoen igarobide segurua  bermatu eta jendetzak saihesteko.

 

Iraganeko eta etorkizuneko hiria

 Batetik, atzera begiratu eta duela 20 urte Gasteizko garraio publikoa nolakoa zen ikusteko aukera izango da, “Egingo zenuke denboran atzera?” jardueraren beste edizio baten bidez oraingo egoerarekin alderatuz. Mugikortasunaren Astearen barruan hainbatetan egin da ekintza hori, eta aurten TUVISA izango da protagonista. Horren bitartez, azken hamarkadetan mugikortasun iraunkorraren alorrean Gasteizen izandako aurrerapenez jabetzeko aukera dute herritarrek.

Aurrerapen horren adibiderik onena BEA-autobus elektriko adimentsuaren ibilgailua dugu, zeinarekin duela hilabete batzuk probak egiten hasi baitziren 2021ean instalatzeari begira. Ibilgailua erakusgai jarriko da aipatutako espazioan, nahi duen orok bisitatu ahal izan dezan, eta zuzenean ezagutu garraiobide berriak Gasteizko garraio publikoaren sareari ekarriko dizkion ezberdintasunak eta abantailak.

Trafikoaren antolakuntza berria 

Beste espazio batean superetxadiei buruzko informazioa emango da, Gasteizek mugikortasun iraunkorraren alorrean duen proiektu handietako bat. Gasteizko Udalak urteak daramatza eredu hori lantzen, hiriko espazioak eraldatuz eta superetxadiak sortuz trafikoa eta espazio publikoa antolatzeko estrategia gisa, beti ere pertsonei lehentasuna ematearren. Informaziogune horretan kontzeptua argituko da, haren abantailak azalduko, horiek osatzen dituzten kale motak bereiziko, eta oraingo egoeraren berri emango. Era berean, “eguzki” kaleak ezagutaraziko dira. Hain zuzen ere, San Antonio kalea da horien eredu: gaur egun umeak arriskurik gabe jolastu daitezke bertan, galtzada osotik ibil daiteke, eta ostalaritzako aretoek terrazak jarri dituzte lehen ibilgailu pribatuek hartzen zuten lekuan.

 

Bizikleta elektrikoak herritarrek eskura 

Beste karpa batean, IGIk mugikortasun iraunkorraren alorrean kudeatu eta bultzatzen dituen programa nagusiak ezagutarazi eta sustatuko ditu, hala nola lanera joateko bizikleta elektrikoen mailegua, edo ibilgailu motordunen ordez karga-bizikleten erabilera sustatzeko kanpaina. Gainera, bi bizikleta elektriko eramango dira, herritarrek probatu ditzaten eta hartara hiri-garraiobide hori ezagut dezaten.

IGI garatzen ari den mugikortasun-proiektu europarrak ezagutzeko aukera izango da, halaber:

 

Europako Batzordeak sustatzen du Mugikortasunaren Europako Astea, eta 2020ko edizioan “Emisiorik gabeko mugikortasun baten alde” aukeratu du gaitzat. Europako Itun Berdean jasotako asmo handiko helburua aipatzen du lemak: 2050erako ikatz emisiorik ez izatea.

Share