Prentsa Oharren banner

Gasteizko merkataritza lokala dinamizatzeko hitzarmena berritu du Ekonomia Sustapenak Gasteiz Onekin

 

Gasteiz On elkartearekin lankidetza-hitzarmena sinatzea onetsi du gaur Tokiko Gobernu Batzarrak, Ekonomia Sustapen, Enplegu, Merkataritza eta Turismo zinegotzi Maider Etxebarriak proposatuta, 2020an hiriko merkataritza dinamizatzeko jarduera-kanpaina diseinatu eta gauzatzeko. Ekimen hori dela medio, 225.720 euro emango dizkio Gasteizko Udalak, merkataritza lokala sustatu eta ostalaritza-sektoreari laguntzeko jarduerak biltzen dituen programa gauzatzeko.

Gasteiz Onek antolatu eta Udalak diruz laguntzen dituen ekintzen artean, nabarmentzekoak dira ON Dendak – Establezimendu seguruak edo #ganasdequevuelvas kanpainak, zeinek gertuko merkataritza lokala ikusaraztea baitute helburu, baita 2020ko udazkeneko eta neguko kanpainak ere.

“Garai zail hauetan sektoreari laguntzeko hainbat ildo garatzeko baliatzen ari garen tresnetako bat da hitzarmen hau. Merkataritza lokalaren ardatz diren eragileekiko lankidetza funtsezkoa da ekonomia dinamizatzeko eta hurbileko establezimenduak ikusarazteko. Horrelako ekimenei esker, Gasteizek aurrera jarraitzen du”, nabarmendu du Ekonomia, Enplegu, Merkataritza eta Turismo zinegotzi Maider Etxebarriak.

 

 

Share