Prentsa Oharren banner

Abenduaren 3tik 18ra arte azoka enogastronomikoa egingo da Santa Barbara plazan

Aenkomerrek sustatu du Arabako baserritarren, tokiko saltokien eta upeltegien arteko topagune hori

 

Abenduaren 3tik 18ra arte 2020ko AEnkomer elikadura azoka egingo da Gasteizko Santa Barbara plazan, Araba osoko eskaintza enogastronomikoa elkartzeko asmoz.

Arabako Merkataritza eta Zerbitzu Enpresaburuen Elkarteak sustatu du ekimena, lurraldeko eta leku mugakideetako baserritarren, tokiko saltokien, upeltegien eta beste proposamen gastronomiko batzuen arteko topagunea bihurtzeko asmoz. Gasteizko Udalak, Arabako Foru Aldundiak, Vital Fundazioak eta Azoka Plazak emandako laguntzari esker antolatu ahal izan da.

Eskaintza bereizgarria duten produktuak eta establezimenduak ezagutaraztea da helburua, eta beste leku batzuetako produktuak ere eskaintzea horien osagarri, azoka aberatsagoa eta dinamikoagoa izan dadin.

Hauek izan dira azoka aurkezteko prentsaurrekoan: Igor Salazar, Enplegu, Prestakuntza eta Merkataritza zinegotzia; Felipe García, Enplegu, Merkataritza eta Turismo Sustapenaren foru zuzendaria; Arantxa Ibañez de Opacua, Vital Fundazioaren zuzendaria; Edurne Parro, AEnkomerren zuzendari-kudeatzailea, eta Eloy López de Foronda, Gasteizko Azoka Plazaren kudeatzailea.

“Bihartik aurrera azoka oso honetara etortzera animatzen ditugu gasteiztarrak, osasunaren arloko agintariek ezarritako neurri guztiak beteta leku segurua baita, eta bertan kalitate goreneko produktuak erosi ahalko baitituzte Eguberrietarako. Abenduaren 18ra arte egongo da zabalik”, azaldu du Igor Salazarrek.

Bigarrenez egingo da merkatua Gasteizko Azoka plazaren ondoan; egunero irekiko da, 10:00etatik 13:00etara eta 17:00etatik 20:30era.

 

 

Share