Prentsa Oharren banner

Gasteizek bat egin du “Hiri Berdea, hiri garbi eta osasungarriak Europarentzat” akordioarekin

Gasteizek beste konpromiso bat hartu du nazioarteko iraunkortasun-estrategiekin. Udal Gobernuak “Hiri Berdea, hiri garbi eta osasungarriak Europarentzat” —(Green City Accord, Clean and Health Cities for Europe (GCA)— akordioarekin bat egitea onetsi du. Europako Batzordearen ingurumen-ekimen berri hori 2020ko urriaren 22an abiarazi zen, Europako hiriek ingurumena babesteko duten konpromisoa biltzeko asmoz, airearen, zarataren eta uraren kalitatea hobetuz, natura eta biodibertsitatea kontserbatuz eta hobetuz, eta hondakinen kudeaketa eta ekonomia zirkularraren sustapena indartuz.

Hiri Berdea akordioa sinatuz, Gasteizek Europako beste hiri batzuekin partekatzen du hirien etorkizuneko ikuspegia, 2030. urtean herritarrek aire garbia arnastu, edateko ura eduki eta parke eta berdeguneez gozatu ahal izan dezaten, eta inguruneko zarata-maila baxuagoak izan daitezen. Ikuspegi horretan txertatuta dago, halaber, ekonomia zirkularra errealitate bihurtzea, jatorriko gaikako bereizketa ekoizleen ohiko jarduera izatea eta hondakinak balio ekonomikoa duten lehengai bilakatzea.

Sinatzen duten hirietako alkateek konpromisoa hartuko dute aurre egin behar dieten ingurumen-erronka premiazkoenei heltzeko, herritarrekiko lankidetza estuan, anbizio handiagoarekin, beren lurraldeak garbiagoak, osasungarriagoak eta baliabideen erabileran efizienteagoak izan daitezen 2030erako.

GCA akordioak tokiko gobernuei helburuak lortzeko tresnak eta finantzaketa eskainiko dizkie. Europako Batzordeak hiriei lagunduko die, sareak sortzeko eta finantzatzeko aukerak emanez.

Akordioak Europako beste ekimen batzuekiko koherentzia sustatuko du tokian-tokian, eta Europako Itun Berdea (European Green Deal) eta garapen jasangarriko helburuak (GJH) betearazten lagunduko du, bereziki hauek: bizitza osasuntsua bermatzea eta guztiontzako ongizatea sustatzea adin guztietan (3. GJH); uraren eskuragarritasuna eta kudeaketa jasangarria eta guztiontzako saneamendua bermatzea (11. GJH); hiriak eta giza kokaguneak inklusiboak, ziurrak, erresilenteak eta jasangarriak izan daitezela lortzea (12. GJH); ekoizpen- eta kontsumo-eredu jasangarriak bermatzea (12. GJH), eta lehorreko ekosistemen erabilera jasangarria zaindu, ezarri eta sustatzea, basoak modu jasangarrian kudeatzea, desertifikazioaren kontra borrokatzea, lurren degradazioa geldiarazi eta inbertitzea, eta aniztasun biologikoaren galera gutxitzea (15. GJH).

Akordio horri atxikiz, hiriek 2030erako funtsezko 5 arlotan beren ahaleginak areagotzea adostu dute:

  • Airea: airearen kalitatea nabarmen hobetzea, Osasunaren Mundu Erakundeak (OME) airearen kalitateari buruz ezarritako jarraibideetara hurbilduz eta Europar Batasuneko (EB) airearen kalitateari buruzko arauek ezarritako mugen urraketekin lehenbailehen amaituz.
  • Ura: aurrerapen esanguratsua egitea gure ur-masen kalitatean eta uraren erabileraren eraginkortasunean.
  • Natura eta biodibertsitatea: gure hiri-biodibertsitatea kontserbatu eta hobetzeko aurrerapen nabarmena egitea, gure hirietan berdeguneen hedadura handituz, hiri-biodibertsitatearen galera murriztuz eta bertako ekosistemak leheneratuz.
  • Ekonomia zirkularra eta hondakinak: ekonomia zirkularrerantz aurrera egitea, etxebizitzek sortutako hondakinen kudeaketa nabarmen hobetuko dela, hondakinen sorrera eta isurketak nabarmen murriztuko direla eta berrerabilpena, konponketa eta birziklapena nabarmen handituko direla ziurtatuz.
  • Zarata: hirietako kutsadura akustikoa nabarmen murriztea, OMEk gomendatutako mailetara hurbiltzeko.

Hiri Berdea, hiri garbi eta osasungarriak Europarentzat akordioaren helburuak bat datoz Gasteizko Udalaren ingurumen-helburuekin, eta, beraz, atxikitze hori egokitzat eta onuragarritzat jo da hiri jasangarriagoa eta pertsonentzat erakargarriagoa eraikitzeko, garapen jasangarriaren helburuak lortzeko bidean aurrera egiteko eta balio eta helburu berberekin konprometitutako beste udalerri batzuekiko lankidetza sendotzeko“, nabarmendu du Lurraldearen eta Klimaren aldeko Ekintzaren zinegotzi Ana Oregik.

 

Share