Prentsa Oharren banner

Jardueren eskaintza, entitateei laguntzea eta sektoreko proiektuak berreskuratzea izango dira Kirol eta Osasun Sailaren 2021eko aurrekontuaren xedeak

Pandemiaren aurreko jarduera- eta instalazio-eskaintza osoa berreskuratzea, hirian kirola sustatzen duten entitateei babesa ematea eta agintaldiaren hasieran iragarritako proiektuei heltzea; horiek izan dira Kirol eta Osasun Sailaren hurrengo urterako aurrekontua taxutzeko orduan aintzat hartu diren hiru helburuak. 8.662.201 eurokoa izango da aurrekontua, guztira, eta erdia baino zertxobait gehiago, 4,6 milioi euro, Gasteizko ekipamendu-sare zabalari eusteko baliatuko da.

 

Udal Administrazioaren Sailari atxikitako bi inbertsio garrantzitsu gehitu behar zaizkio kopuru horri: 550.000 euro, Astronomoetako futbol-zelaia eraberritzeko, eta milioi bat euro, Mendizorrotzeko atletismo-pista eraberritzeko. “Bi obra horiek oso albiste onak dira kirolarentzat, eta 2021eko aurrekontuan aurreikusitako inbertsio-ahaleginaren erakusgarri dira, hiriaren susperraldi ekonomiko eta soziala helburu”, adierazi du Kirol eta Osasun zinegotzi Livia Lópezek.

 

Instalazioekin batera, pertsonak dira kirol arloko aurrekontuaren bigarren jarduera-ardatz nagusia, 2.540.000 euroko partidarekin, hainbat eragilerekin lankidetzan garatzen diren programetan laguntzera zuzenduko baita.

 

Hirugarren ekintza-ardatza kirol-ekitaldiena da, eta 140.000 euro izendatu dira horretarako, Livia Lópezek azaldu duenez: “Gasteizko kirol-egutegi ugaria eta askotarikoa osatzen duten hitzordu guztiak —handiak eta ez hain handiak— berreskuratu eta bultzatzen saiatuko gara, guztiak baitira garrantzitsuak”.

 

Pandemiak atzeratzera behartu zuen proiektuak berreskuratzeari dagokionez, hiru dira nabarmentzekoak:

 

  • Kirol Zerbitzuaren genero-eraginari buruzko azterlana (15.000 euro). Azterlan horren bitartez, baliabide ekonomiko eta materialen xedeak nola eragiten duen jakin nahi da, edo ezarritako irizpideek berdintasun- eta ekitate-printzipioen arabera eragiten duten.

 

  • Kirolaren Foroa abian jartzea (6.000 euro), elkarteekin eta erabiltzaileekin solastatu eta kontrastatzeko, komunikazioa eta interakzioa hobetzea helburutzat harturik.

 

  • Ekitaldiak Antolatzeko Gida argitaratzea (10.000 euro), hirugarrenek —handi nahiz txikiek— sustatzen dituzten kirol-proiektu edo -programa guztiei erraztasunak eta aukerak emateko asmoz.

 

Osasun Publikoaren Zerbitzua

 

Osasun publikoaren arloko politikei dagokienez, pandemiaren ondorioz sortutako premiei erantzuteko sailaren berariazko funtsez gain, hainbat ekintza-ildotarako izendatutako zenbatekoak nabarmentzen dira —hala nola herritarren osasuna sustatzeko programak (322.116 euro) eta sektore soziosanitarioarekin egindako hitzarmen guztiei eustea (455.110 euro, 31 hitzarmenetarako)—, elikagaien segurtasunera, osasungarritasunera eta babesera bideratutako partidak handitzeaz gain. Animalien kudeaketaren arloan, berriz, 218.471 euro izango dira.

Share