Prentsa Oharren banner

Radar berri bat erosiko du Herritarren Segurtasunaren Sailak, eta jantziak eta ekipoak berritzen jarraituko  

Herritarren Segurtasunaren Sailaren 2021erako aurrekontu-proiektua milioi bat eurotik gorakoa da (1.012.872 euro), sailaren arduradun politikoak, Marian Gutiérrez zinegotziak, gaur goizean jakinarazi duenez.

“2020koaren antzeko kontuak dira, baina Udalaren diru-sarrera orokorren jaitsieraren errealitatera egokituta”. Egungo egoera ekonomikoa gorabehera, jantziak eta ekipoak berritzeko ahaleginari eusten zaio sailaren aurrekontu-proiektuan, Udaltzaingoko eta Prebentzio, Su Itzaltze eta Salbamendu Zerbitzuko profesionalek zerbitzurik onena eta baldintzarik onenetan eman dezaten.

Udaltzaingoan, 245.000 euro baliatuko dira jantziak eta uniformeak berritzeko —balen kontrako txalekoak barne, 2020an hasitako bidetik, agente bakoitzak berea izan dezan—, baita motor-gidarien kaskoak ere, irrati-sistema bat integratzeko.

Suhiltzaileen jantziak berritzeari dagokionez, 2022an iraungiko diren esku hartzeko ekipoen parte bat ordeztea aurreikusten da, aurrekontu-proiektuan. 160.000 eurotik gora beharko dira jantzi horiek berritzeko, eta, horietatik, 40.000 euro 2021ean gastatuko dira. “Datorren urtean ekingo diogu horiek berritzeari, dena hurrengo ekitaldiaren kontura joan ez dadin”, azaldu du Marian Gutiérrezek.

Inbertsioen atalean, Prebentzio, Su Itzaltze eta Salbamendu Zerbitzuaren ibilgailuak berritzen jarraituko da (50.000 euro), baita Udaltzaingoarenak ere (67.500 euro), eta, gainera, beste radar bat erosiko, ekipamendu eta instalazioak erosteko partidaren kontura (60.000 euro).

 

 

 

Share