Prentsa Oharren banner

Ekonomia Sustapenerako 2021eko aurrekontuak enplegua du ardatz, eta merkatari eta ostalarientzako laguntzak % 35 handitzea proposatzen du

Datorren urtean sailak 12,8 milioi kudeatzea proposatu du lehen alkateorde Maider Etxebarriak , hau da, % 7,5 gehiago.

 

Proposamenak 1,2 milioiko inbertsioa ere jasotzen du Gasteiz turismo-helmuga gisa sustatzeko.

 

Lehen alkateorde eta Ekonomia Sustapenaren zinegotzi Maider Etxebarriak eskua luzatu die gaur oposizioko taldekoei, 2021eko aurrekontua onesteko, pandemiak eragindako kaltearen ondoren Gasteizko enpleguaren eta ehun ekonomikoaren aldeko apustu irmoa egiten duen agiria. Ogasun batzordean, zinegotziak bere arloari datorren urterako esleitutako aurrekontu-partida garrantzitsuenak azaldu ditu, 388 milioiko proiektu ekonomikoa, non osasuna, gizarte ongizatea eta inbertsio publikoak nabarmentzen diren, 34,4 milioi eurotan.

Alkateordeak adierazi duenez, PNV-PSE gobernuak adostutako aurrekontu-proiektuak 12,8 milioi euro ditu esleituta 2021ean Ekonomia Sustapenaren, Enpleguaren, Merkataritzaren eta Turismoaren Sailerako: “aurten baino % 7,5 gehiago, eta horrek erakusten du ziurgabetasun egoeran bete egiten dugula tokiko ekonomiaren aldeko apustua egiteko dugun konpromisoa”.

Etxebarriak azpimarratu du proiektu ekonomikoaren oinarrietako bat enplegua dela. Zehazki, 2021ean, 7,6 milioira iristen da kapitulu horretara bideratuko aurrekontua, % 11,7ko igoera, alegia. “Bestela esanda, Ekonomia Sustapenerako aurrekontuaren % 60 enplegurako politika aktiboetarako da, eta horrek argi uzten du kapitulu honi ematen diogun garrantzia. Zenbateko horrek barne hartzen ditu enplegu-planen bidez kontratatzeko partidak, enpresentzako kontratazio-laguntzak, prestakuntza, zein eragile ekonomikoekiko hitzarmenak.

Merkataritzari eta ostalaritzari laguntzea

Pandemia osasuna eta ekonomia itotzen ari den une honetan, zinegotziak plan ekonomikoa defendatu du, arreta enpleguan jartzeaz gain, tokiko ehun ekonomikoari laguntzeko hainbat laguntza biltzen dituen plana, merkataritzarako, ostalaritzarako, ikus-entzunezkoen sektorerako, enpresak sortzeko eta ekintzaileentzako beketarako pizgarriak biltzen dituena.  Programa horiek milioi eurotik gora dira (1.095.000), beraz % 53,4ko gehikuntza.

Zentzu horretan, bi berrikuntza azpimarratu ditu Etxebarriak: Lehena, 450.000 eurora iristen direla merkataritza eta ostalaritzarako laguntzak, hau da, 2020aren aldean % 35,5 gehiago Bigarrena, 200.000 euroko partida sortzea aurreikusten dela dinamizazio ekonomikorako, eta horrek aukera emango duela pandemiaren eraginez laguntza behar duten sektore ekonomikoak “indartzeko”.

Gainera, plan ekonomikoak kontuan hartzen du Gasteiz turismo-helmuga gisa sustatzen jarraitu behar dela, eta horrek 1,2 milioitik gorako ahalegina eskatuko du.

 

 

 

 

Share