Prentsa Oharren banner

Gasteizek etxebizitzak birgaitzeko laguntzei dagozkien 1.882.983 euroren ordainketa aktibatuko du hilabete honetan, eta 1.850 familiarengana iritsiko dira

 

Ana Oregik laguntza horien eragin biderkatzailea nabarmendu du: 15,9 milioi euroko obrak egin dira, eta BEZarekin lotutako sarrerak 1,6 milioi euro izan dira

 

21 Zabalgunea datorren astean hasiko da jakinarazpenak bidaltzen eta etxebizitzak birgaitzeko laguntzak ordaintzen hori eskatu duten ia 2.000 familiei. Orotara, udal sozietateak 1.882.983,84 euroren ordainketa aktibatuko du abenduan, Ana Oregi 21 Zabalgunearen presidenteak iragarri duenez.

Azaroaren 26an, 21 Zabalgunearen Kontseiluak erabaki zuen obra amaierako agiria aurkeztu dutelarik ordaintzeke zeuden laguntza guztiak ordaintzea, 2018ko deialdira artekoak (hori barne).  Zehazki, 2018ko 1.566 eskabide ordainduko dira (1.421.272,00 euro guztira),  2017ko 242 eskabide, (302.405,29 euro), 2016ko 57 eskabide (127.325,91 euro) eta 2012-2015 aldiko 19 eskabide (31.980,64 euro).

Hartara, obra-amaierako ziurtagiria aurkeztu dutelarik kobratu gabe zeuden pertsona eta erkidego guztien laguntzak estaliko ditu udal sozietateak, dirulaguntza jasotzeko ezinbestekoa baita agiri hori.

Laguntzetan emandako euro bakoitzeko beste bederatzi joan dira obretara

Ana Oregik nabarmendu duenez, familiei etxebizitzak birgaitzen eta mantentzen laguntzeaz gain, horrelako ekintzek eragin garrantzitsua dute tokiko ekonomian. Izan ere, abenduan ordaintzekoak diren 1,8 milioi euro horiek 15,9 milioi euroko balioa duten obrak “mugitu” dituzte, lizentziak barne. Horri BEZagatik sortutako ia 2 milioi euro (1,6 milioi zehazki) gehitu behar zaizkio.

“Udalaren laguntzarekin familiek egiten dituzten inbertsio horiek eragin biderkatzailea dute, jarritako laguntzaren ia halako 10, eta bultzada garrantzitsua ematen diote tokiko jarduera ekonomikoari”, azpimarratu du Ana Oregik, eta gogoratu du bere gobernuaren helburu nagusietako bat dela eraikin eta etxebizitzak energia-eraginkortasuna kontuan hartuz birgaitzea. “Azken urteetan, mugikortasun iraunkorra izan da eta izaten ari da hiria eraldatzeko gakoetako bat. Gasteizko aukera eta erronka berria urrezko auzoen birgaikuntza da“.

 Igogailua berritzea, EIT eta estalkiak zein fatxadak birgaitzea

Obra-amaierako ziurtagiria aurkeztu duten lan gehienak igogailua berritzeko (% 40), EITetarako (% 19,8), inguratzaileak eta estalkiak birgaitzeko (% 10,5) eta ataria irisgarri egiteko (% 8,4) izan dira.

2018an eskabide gehiago aurkeztu ziren, baina deialditik kanpo geratu ziren partida agortuta zegoelako, arauak hala ezartzen baitu. 2019an ez zen araurik argitaratu, baina eskabideak aurkeztu ziren hala ere. Azkenik, 2018an eta aurreko urteetan arauaren barruan aurkeztutako eskabide batzuk ordaindu gabe daude oraindik, obra-amaiera aurkeztu arte ezin baitira ordaindu —baliteke batzuek ez aurkeztea, eta bertan behera geratzea—.

Share