Prentsa Oharren banner

Lanbideen lantegi-eskola zegoen lekuan udalaren jantoki sozial berria jarriko da, eta gizarteratze eta laneratze lantegiak

Gizarte Politiken Sailaren aurrekontu-proiektuak 2021ean Adinekoen Bulegoan irekitzea aurreikusten du

 Datorren urtean, udalaren bigarren jantoki soziala jarriko da lanbideen lantegi-eskola zegoen lekuan —lehenengoa Arkupeetakoa da—, eta bertan jarriko dira halaber Gizarteratu programako lantegiak, udalaren gizarte zerbitzuek arreta ematen dieten pertsonen gizarteratze eta laneratzea helburu dutenak.

Gizarte Politiken, Adinekoen eta Haurren zinegotzi Jon Armentiak 2021erako aurrekontu-proiektua aurkeztean iragarri du egitasmo berri hori; aurrekontua 43.461.928 € da, aurtengoa baino % 0,7 gehiago.

Zinegotziaren hitzetan, orain erabilerarik ez duen instalazioa “lantegi sozial handia izango da, bertan inklusioaren lanbidea irakatsiko baita“; 200.000 € bideratuko dira eraikina egokitzera.

Proiektu berriak bi jarduera-ildo izango ditu. Batetik, udalaren jantoki sozial berria irekiko da, zeinak gizarte-zerbitzuak lantzen ari diren eredu normalizatzaile eta integratzaileari jarraitzen baitio, Arkupeetakoak bezala. Jantokian erabiltzaileen jarraipena egingo da, eta atsedenerako gune bat ere izango dute, interneterako konexioarekin, kontsultak eta tramiteak egiteko, prestazioak eta baliabideak kudeatzeko, etab.

Eraikin berean gizarteratzea eta laneratzea helburu duten Gizarteratu lantegiak jarriko dira, zeinak orain Bidelan udal aretoetan baitaude, Osasun Iturri kalean.

“Espazio berean bi proiektuak batzeak iraunkortasuna emango die bi zerbitzuei, erabilerak normalizatu eta osagarri egingo ditu, eta pertsonen arteko sinergia interesgarriak sortzea ahalbidetuko. Inklusiorako oso proiektu polita da, merezi izango duena, eta gainera bat dator Alde Zaharreko Birgaitze Integraturako Plan Bereziaren berrikuspenean gure sailaren lankidetzaz 21 Zabalgunetik sustatzen ari den kohesio sozialaren filosofia eta helburuarekin“, azaldu du Jon Armentiak.

Adinekoen Bulegoa

 Bere sailaren aurrekontua aurkeztean, zinegotziak azpimarratu du bereziki “adinekoengan pentsatuz egindako kontuak” direla, “programak sendotu eta zerbitzu berriak irekitzen baitira“.

Horren haritik, 2021ean Adinekoen Bulegoa irekiko dela iragarri du, eta horretarako 40.000 euroko partida bat egokitu da.

Era berean, Etxean Laguntzeko Zerbitzuaren zuzkidura 12,4 milioira igo dela azaldu du Armentiak, “funtsezkoa baita adinekoek egunerokoan autonomiaz moldatzerik izan dezaten“.

2021erako kontuetan, halaber, 40.000 euroko partida sartu da Berpizkundearen plazako eguneko arreta-zentroa abian jartzeko, eta 2 milioi pasatxo elikagaiak erosteko; partida hori handitu egin da, jantoki plaza berriak sortuko baitira San Martinen (48), Aranan (20) eta Berpizkundeko eguneko arreta-zentroan.

Gizarte laguntzak

2021erako aurrekontu-proiektuak garrantzi berezia ematen die udal laguntzei, aurtengo ekitaldian baino 840.000 € gehiago bideratuko baitira horietara, 4,8 milioiraino. Gizarte Larrialdiko Laguntzetarako (GLL) 4,6 milioiko partida mantendu da.

Jon Armentiak adierazi duenez, “udal laguntzen aurrekontua handitu delarik eta Eusko Jaurlaritzak GLLetarako aparteko funtsen zuzkidura egingo duela aurreikusi delarik, uste dugu herritarren beharrak ongi estalita egongo direla, pandemiarengatik premia handia baita“.

Hitzarmenak eta lankidetza

Zerbitzua eskaintzeko hitzarmen eta kontratuei dagokienez, hobetu egin da zuzkidura ekonomikoa, enpresa emaileek langileen soldatak gizartegintzaren sektoreko hitzarmenera egokitu ditzaten. Kontratu hauen kasua da: Hurbil ekipoa, ADA programa, Gurasoen aurkako Indarkeriaren Prebentziorako Programa, Bidatu, gizarte eta heziketarako zentroak, IRSE (gazteei laguntzeko zainpeko etxebizitza kudeatzen du), eta Clara Campoamor elkartea (indarkeria matxistaren biktima diren emakumeei harrera emateko dituen etxebizitzak kudeatzen ditu).

Azkenik, Garapenerako Lankidetzarako aurrekontua 2,1 milioi izango da, eta horietatik 1,3 lankidetzarako dirulaguntzetarako izango da. Orobat, Udalaren ekarpenak Larrialdietarako Arabako Funtserako 132.000 eurokoa izaten jarraituko du.

Share