Prentsa Oharren banner

Udal Bandak ‘Beethovenen Gasteiz’ aurkeztuko du abenduaren 16an

Principal antzokian izango da kontzertua, eta streaming bidez ere jarraitu ahalko da

Udal Musika Bandak abonamenduko hirugarren kontzertua aurkeztu du:  ‘Beethovenen Gasteiz’ izenburua du, eta abenduaren 16an (asteazkena) eskainiko du, Principal antzokian. Bandaren zuzendari Luis Orduñak eta Patxi Viana historialariak hartu dute parte prentsaurrekoan.

Orduñak azaldu duenez, abenduaren 16an, hau da, kontzertuaren egunean, konpositore alemaniarrak 250 urte beteko zituen. “Jada gure artean ez badago ere, haren legatua funtsezkoa izan da, eta izango da, geroko konpositoreentzat. Eta horixe da nolabait aurkezten ari garen kontzertuaren gaia, iraganaz eta etorkizunaz ari baita, tradizioa eta abangoardia nahastuz”, haren hitzetan.

Hasteko, ‘In the Shadow of Napoleon’ (Napoleonen itzalean) lana joko dute, Bert Appermont egile belgikarrarena. Napoleon Bonapartez gain, Louis-Joseph Marchand lekaioa da pieza horren protagonista.

Ondoren, gaur egunera egingo dute jauzi, Amparo Edo Biol konpositore valentziarraren ‘Snapan’ lanarekin. Lan erritmikoa da, apurtzailea eta indartsua, oraingo komunikatzeko moduak eta sare sozialak gaitzat dituena.

Hirugarrenik, saioko pieza nagusia eskainiko dute, ‘Gasteizko Bataila’. Beethovenek Arabako hiriburuan 1813an izandako gertakari historikoa kontatzen du, zeinak Napoleonen inperioaren gainbeheraren hasiera markatu baitzuen.

Bandaren zuzendariak adierazi duenaren arabera, lan programatiko eta komertziala da, artistaren ospea mundu osoan zabaltzen lagundu zuena; hain zuzen ere, Zazpigarren Sinfoniarekin batera estreinatu zuen, eta protagonismoa kendu zion lan horri.

Patxi Viana historialariak, berriz, sarrera historikoa egin du, Beethovenek sinfonia zein testuingurutan idatzi zuen eta zein baliabide erabili zituen azalduz. “Deigarrien gertatu zaidana da 1907an Beethovenen sinfonia horri Garaipen Sinfonia izena eman ziotela Gasteizen.  Oso izendapen bitxi eta interesgarria deritzot“, nabarmendu du.

Amaitzeko, ‘Extreme Beethoven’ lanaz gozatu ahalko du publikoak. Horren bidez, Johan de Meij holandarrak omenaldia egiten dio konpositore alemaniarrari, eta haren sinfonia, sonata eta oberturen motiboak nahastuz lan izugarria sortu.

Streaming bidez ere entzun ahalko da kontzertua, udalaren web-orrian, ‘Jarraitu bandari’ ekimenari esker.

 

Share