Prentsa Oharren banner

Banakako erreserbak egiteko aukera udalaren kirol instalazioetan

Udalaren kirol instalazioetan banakako erreserbak egiteko aukera ematen du orain udalak, eta hau duela hiru aste bizikideek erreserbatzeko abian jarritako aukerari gehitzen zaio. Kirol espazio bakoitzean pertsona bakarrarentzat egin ahalko da banakako erreserba; ezingo da laguntzailerik bertan egon, eta beste pertsona batzuen beharrik gabe egin daitezkeen kirol-modalitateetarako pentsatuta dago (kanpo geratzen dira banaka praktikatzeko makinen aukera dutenak, esaterako tenisa edo padela).

Kirol modalitate hauetarako eskatu ahalko da instalazioen banakako erreserba:

  1. Frontoia (BETI JAI bakarrik): esku pilota, gomazko pilota, paleta argentinarra, larruzko paleta, frontenisa, zesta-punta. Pertsona bat erreserba bakoitzeko
  2. Squasha (pertsona bat erreserba bakoitzeko)
  3. Banakako kirol-jarduera kantxan: areto-futbola, saskibaloia, eskubaloia. Pertsona bat erreserba bakoitzeko

Erabiltzaileek Gasteizko Udalaren web-orriaren bidez egin ahalko dute erreserba, edo aurrez aurre, gizarte etxe eta kirol instalazioetako informazio eta kontrol zerbitzuetan. Norberak bere kirol-materiala erabili beharko du, halakorik beharrezkoa izanez gero, eta nahitaezkoa izango da oinetakoak aldatzea kirol-espaziora sartu aurretik.

12 urtetik gorakoek egin ahal dute erreserba, eta instalazioa bi orduz, gehienez, erabil daiteke. Erreserba zortzi egun lehenago eska daiteke, gehienez.

Azkenik, instalazioa erabili ahal izateko, identifikatu egin beharko da Informazio eta Kontrol Zerbitzuan, NAN/AIZ edo Udal Txartela (HUT) erakutsita. Kirola egitean errespetatu egin behar dira instalazioa erabiltzeko baldintzak, une bakoitzerako ezarritako osasun-protokoloak betez.

Share