Prentsa Oharren banner

Gasteizen saskibaloiaren praktika sustatuko da hiru hitzarmenen bidez

Gasteizko Udalaren eta saskibaloiarekin lotutako jarduerak sustatzen dituzten zenbait entitateren artean hiru lankidetza-hitzarmen sinatzea onetsi du Tokiko Gobernu Batzarrak. Udalak 228.545 euro jarriko ditu aipatutako hitzarmenetarako, eta horiei esker saskibaloiarekin lotutako sustapen, prestakuntza eta zabalkunde jarduera sorta handia egin ahalko da, 3.000 pertsonarengana baino gehiagorengana iristeko.

Batetik, 5+11 fundazioarekiko hitzarmena onetsi da, hiru helburu hauek dituen jarduera-programa garatzeko: saskibaloiaren sustapena, balioen sustapena, eta gizarte ekintza. Besteak beste, Baskonia4life saskibaloi eskola jasotzen du hitzarmenak, aukera gutxi duten gazteei zuzendua; orobat, 3×3 txapelketa ezaguna, prestakuntza-jardunaldi teknikoak, eta eskola kirolaren eremuko 25 talderekiko lankidetza zuzena. Udalaren dirulaguntza 121.295 eurokoa izango da.

Bestetik, Zuzenak kirol klubarekiko urteko hitzarmena onetsi da, 2020-2021 denboraldian gurpil-aulkiko saskibaloiari laguntzeko. Udalak 21.250 euro emango dizkio ekimenari, eta horrek balioko du lehen taldeari laguntzeko, Gurpil-aulki gaineko Saskibaloiko Liga Nazionalean jokatzen baitu —Europako garrantzitsuena—. Orobat, gurpil-aulki gaineko saskibaloiko eskola —8 eta 14 urte bitarteko neska-mutilekin harrobia lantzen duena— ahalbidetuko du hitzarmenak, saskibaloi modalitate hori sustatzeko beste jarduera eta ekitaldi batzuk, eta XXV. Zuzenak saria.

Azkenik Araski kirol klubarekiko hitzarmena dugu, emakumeen saskibaloia sustatzeko xedea duena. Araskiren balioak gizartean zabaltzea da helburu nagusia, neskak eta emakumeak kirolean trebatzeko eta horien parte hartzea sustatzeko ekitaldiak antolatuz. Udalak 86.000 euro jarriko ditu jarduera hauek barne dituen programari laguntzeko: bisitak ikastetxeetara; jokalari profesionalak harrobiko taldeen entrenatzaile eta amabitxi aritzea; ahalduntzeko ekintzak; sexu-jazarpenaren prebentzioa, eta jarduera fisikoa sustatzeko ekitaldiak.

 

Euskal pilotarentzako laguntza

Horietaz gain, Arabako Euskal Pilota Elkartearekiko hitzarmena onetsi du Gobernu Batzarrak. Udalak 24.000 euroko dirulaguntza emango dio kirol autoktono horren hainbat diziplina ezagutarazteko, 2020-2021 denboraldian horretan jardutea sustatuz.

Share