Prentsa Oharren banner

Eskola-kirola udal instalazioetara itzuliko da gaur

  • Apurka ekingo zaie berriro entrenamenduei, entitate eta klubekin koordinatuta
  • % 50era handitu da kirol-instalazioetan baimendutako gehieneko edukiera
  • Aurrerantzean, libreki egin ahal izango da kirola, banaka edo sei laguneko taldeetan

Eskola-kiroleko entrenamenduei ekingo zaie berriro, gaurtik, udalaren kirol instalazioetan, koronabirusaren kontrako prebentzio-neurriei buruzko Eusko Jaurlaritzaren dekretu berria indarrean jarri delarik. Dokumentu horretan zehazten denez, gehienez sei laguneko taldeetan antolatu beharko dira entrenamenduak —txapelketek etenda jarraitzen dute—, horien osaera aldatu gabe, eta ezingo dira aldagelak erabili.

Gaurtik aurrera ekingo zaio berriro jarduerari, entitate eta klubekin koordinatuta. Ildo honetan, jarduteko moduari buruzko udal jakinarazpena jasotzen ari dira gaur. Nahikoa izango da entitateak instalazioaren ardura duen kirol-koordinatzaileari entrenamenduetara itzuli nahi duela adieraztea. Hartara, eskola-kirola bertan behera utzi aurreko kantxetako erabilera-koadrante gehienak berreskuratuko dira. Aldi berean, instalazioak egoera berrira egokitzen ari dira, dagoen programazioaren zati bat lekuz aldatuz. Erabateko berme sanitarioarekin egiterik izan zedin kantxa eta kiroldegietara aldatu ziren jarduerek kokaleku alternatiboa izango dute, programazioarekin jarraitu ahal izateko.

Eskola-kiroleko entrenamenduak igerilekuko modalitateen kasuan, urtarrilaren 15era arte igeri egiteko banakako erreserbak programatuta daudenez, 18tik aurrera itzuliko da eskola-kirolaren jarduera bertara. Beste kirol modalitate batzuetan, praktika libreko kirol eskaintzarekin bat etortzea egokitzen ez bada, berehala itzuliko dira entrenamenduak.

“Eskola-kiroleko entrenamenduei berriro ekitea berri ona da, bai familientzat, bai arlo horretan lan egiten duten profesional guztientzat. Berriro entrenatzea oso ona izango da errutina osasungarri horretara itzultzeko premia zuten haur askorentzat. Horrelako jardueretara apurka itzuli beharra dago, nahitaez, instalazioak berrantolatu eta segurtasun sanitarioaren protokoloak bete beharra baitago aldi berean, baina espero dugu ahalik eta talde gehienek ekin ahal izatea berriro jarduerari, lehenbailehen”, adierazi du Kirol eta Osasun zinegotzi Livia Lópezek. 

Eskola-kirola berreskuratzea ez ezik, instalazioen gehieneko edukiera % 40tik % 50era pasatzea ahalbidetzen du Eusko Jaurlaritzaren dekretu berriak. Ez dago aldaketarik funtzionamendu-ordutegiari dagokionez, instalazioak 21:00etan ixten jarraitu beharko baita.

Udalak programatutako eskolako kirol jarduera

Udalak antolatutako eskola-adinerako (6-16) ikastaro eta kirol jardueren eskaintza berreskuratzea ahalbidetzen du Eusko Jaurlaritzaren dekretu berriak. Izena emateko eta lekuak esleitzeko epea jarri behar denez, otsail hasierarako dena prest edukitzea aurreikusten da. Laster emango da horren inguruko informazioa.

Praktika libreko kirol-jarduera

Banaka edo sei lagun arteko taldeetan kirol-jarduera librean —Udalak programatu gabean— aritzeko aukera berreskuratzea izan da gaur bertan indarrean jarri den dekretuaren ondorioetako beste bat, eta, hortaz, egoera berri horretara egokitu beharko da instalazioen erreserba.

Orain arte, programatu gabeko kirol-jardueran aritzeko bi modu zeuden: banakako erreserba edo bizikideentzako erreserba. Kirola banaka edo taldean egiteko aukera izango da aurrerantzean, gehienez sei laguneko taldeetan. Hori dela eta, bertan behera utzi dira banakako nahiz bizikideentzako erreserbak, instalazioak kirol-jardueraren aukera berrietara egokitzeko asmoz.

Datozen egunetan, Udalak erreserba zuzen horietarako eskainiko dituen modalitate, instalazio eta ordutegien berri emango da.

Ondorioz, praktika libreko jarduerarako zeuden bi formulak, erreserba indibidualak edo bizikidetzakoak, bertan behera geratuko dira egoera berri honetan.

Gasteizen, azken 14 egunotan, Covid-19aren kasu positiboen intzidentzia-tasa metatua 100.000 biztanleko 500etik behera dagoelako da posible neurri horiek guztiak hartzea. 500 kasuren muga hori gaindituz gero, bertan behera geratuko lirateke.

Share