Prentsa Oharren banner

Astelehenean hasiko da epea San Martineko adinekoentzako zentro soziokulturaleko lehen ikastaro eta lantegietarako izena emateko  

18 jarduera eta 179 leku eskaintzen ditu

 Astelehenean, otsailak 1, hasiko da epea San Martineko adinekoentzako zentro soziokulturaleko lehen ikastaro eta lantegietan parte hartzeko izena emateko.

Adinekoentzako zentro berriak 18 jarduera eta 179 leku eskaintzen ditu. Besteak beste, ikastaro hauek proposatzen zaizkie erabiltzaileei: eskulanak, argazkigintza urbanoa, android mugikorren erabilera, emozioen kudeaketa, euskal dantzak, ibilketa nordikoa eta mindfulness. Erorketen prebentziorako lantegia eta 75 urtetik gorakoei erreserbatutako bi jarduera ere antolatu dira: suspertze psikosoziala eta mugimendua, eta ariketa leunak.

Pandemia egoerari dagokion osasun segurtasuna bermatzeko ezarri den protokoloa beteko da ikastaro guztietan. Iraupena 1-4 hilabete artekoa izango da, eta parte hartzeko izena eman beharko da, astelehenetik aurrera, bide hauetakoren bat baliatuz:

  • 010 edo 945 16 11 00 telefonoetara deituz, 8:30etik aurrera;
  • zuzenean, adinekoentzako zentro soziokulturaletan eta gizarte etxeetan, ohiko ordutegian.

“Garrantzitsua da San Martineko programa eta jarduerak martxan jartzen joatea, elkartzeko eta zahartze aktiborako zentroa izan dadin, auzoaren zerbitzura. Egoera zail honetan zentro soziokulturalek garrantzi handiagoa hartzen dute, pandemiaren aurrean zaurgarrien den populazio talde baten bizi-kalitatea eta ongizatea hobetzen laguntzen baitute, adinekoena”, adierazi du Gizarte Politiken, Adinekoen eta Haurren zinegotzi Jon Armentiak.

Abenduan ireki zenetik, zerbitzu eta programak pixkanaka gehituz joan da San Martineko adinekoentzako zentro soziokulturala. Zabaldu baino lehen ere osasun-parkea eta bakardadeari aurre egiteko “Piztu zure auzoa” programa jarri zituen abian. Abenduan bertan, informazio, ile-apaindegi eta podologia zerbitzuak ireki zituen. Urtarrilaren 18an, berriz, jantoki-zerbitzua ematen hasi zen, eta otsailaren 17an, azkenik, ikastaro eta lantegiak abiatuko dira; hain zuzen ere, horietan izena emateko epea irekiko da datorren astean.

Share