Prentsa Oharren banner

Udalaren Liburutegi Sareak haur eta familientzako 39 jarduera antolatu ditu otsailetik maiatzera bitartean

  • Lantegiak, ipuin-kontalariak, antzerkiak, hitzaldiak, poesia errezitaldiak, magia eta musika izango dira Gasteizko gizarte etxeetan

Gasteizko Udalaren Liburutegi Sareak haur eta familientzako jarduera programa anitza antolatu du gizarte etxeetan, otsailetik maiatzera.

“Jarduera hauen helburua da herritarrak Liburutegi Sareak dituen espazio eta zerbitzuetara hurbilaraztea eta irakurtzeko ohitura hartu eta sendotzen laguntzeko tresna dinamizatzailea izatea”, adierazi du Hezkuntza eta Kultura zinegotzi Estibaliz Cantok.

Haur eta familientzako 39 jarduera izango dira guztira, euskaraz, gaztelaniaz eta ingelesez. Lantegietan askotariko gaiak landuko dira: zientzia, magia, txotxongiloak, manga komikia, eskulanak, musika, ilustrazioa, kaligrafia edo arkitektura, besteak beste.

Horretaz gain, formatu txikiko antzezlanak eta ipuin kontalariak izango dira, eta hainbat gai jorratuko, esaterako, aniztasuna, berdintasuna, beste kultura batzuen ezagutza, liburuekiko maitasuna…
Hitzaldiak, poesia errezitaldiak, magia eta musika ere ez dira faltako agendan.

Jarduera nabarmenak

Honakoak aipa daitezke, besteak beste: Mikel Valverde Gasteizko marrazkilari ospetsuaren ilustrazio-lantegia, Iñaki Zubizarretak eskola jazarpenari buruz emango duen hitzaldia –bullyng biktima gisa izandako esperientzia kontatzen duen bere “subnormal” komikian oinarrituta –, eta Irati Landaren solasaldi eta eskalada saioa. Azken honek hain desberdinak diren kirol eskalada eta bertsolaritza arloetan dituen bizipenak kontatuko dizkigu.

Horietaz gain, ipuin kontaketa zeinu-hizkuntzako interpretearekin, Arabako Gorren Elkartearekin lankidetzan, eta familia lantegi bat, euskararik jakin ez arren seme-alaben hizkuntzan inplikatu nahi duten gurasoentzat.

“Aurten mantendu egin dugu programazioa pandemiak eragindako zailtasunak gorabehera. Jardueretan segurtasun-protokolo zorrotza beteko dela bermatzen dugu” azpimarratu du Cantok.

Ikuskizunetarako sarrerak gizarte-etxeetako edo kirol-instalazioetako informazio-zerbitzuetan eros daitezke. Jardueretako izen ematea internetez ere egin ahalko da. Biak ekitaldiaren data baino bi aste lehenagotik.

ikus_programa

Informazio gehiago

Share