Prentsa Oharren banner

Gasteizek erabiltzen ez diren 65 merkataritza-lokal eskainiko ditu alokairu-baldintza berezietan, tokiko merkataritzari laguntzeko

  • Horietako 20 Hirigune Historikoan daude, 22 Salburuan eta 23 Zabalganean
  • Onetsitako deialdia  ALHAOn argitaratzen denetik 30 eguneko epea emango da eskabideak aurkezteko

 

21 Zabalgunea sozietateak 65 merkataritza-lokal eskainiko ditu alokairu-baldintza berezietan, erosteko eskubidearekin, orain erabiltzen ez diren leku horiek biziberritzen laguntzeko.

Alkateak duela urte erdi iragarri zuenaren ildotik, gaur abiatu da tokiko merkataritza ezartzen laguntzeko programa: horren bidez,  merkataritza- eta zerbitzu-jarduera berriak martxan jarri nahi dituzten ekintzaileei aretoak eskainiko zaizkie alokairuan erosteko eskubidearekin (20 Hirigune Historikoan, 22 Salburuan eta 23 Zabalganean), arrisku ekonomikoa gutxitzea ahalbidetuko dien sistema batez, eta enpresa-proiektuaren hasieran negozioaren bideragarritasuna neurri handiagoan bermatuz.

“21 Zabalguneak birgaitzeko eta gizartea eta ekonomia biziberritzeko agentzia gisa sendotzeko asmoa du. Ekimen honen bitartez, orain erabilerarik ez duten aretoak eskainiko ditugu Hirigune Historikoan eta auzo berrietan, tokiko merkataritzaren sarea zabaltzen laguntzeko. Hartara, bi helburu lortuko ditugu: tokiko ekintzaileei aukerak ematea eta orain jarduerarik ez duten espazioak berraktibatzea“, azaldu du 21 Zabalgunearen lehendakari Ana Oregik.

Zehazki, aretoak gehienez zazpi urtez alokatzeko aukera emango da, eta errentak lokalaren balioaren % 3tik (lehen urtean) gehienez % 5era (bosgarren urtean) artekoak izango dira; gainera, aretoa guztiz egokitu beharra bada errenta-hobaria izango da. Aretoa egokitzeko eta jarduera martxan jartzeko egin beharreko gastu handia berdinduko da hartara.

Zazpi urteko epea amaitu ondoren, jardueraren titularra den ekintzaileak aretoa utzi edo jabetzan erosteko aukera izango du. Salmenta-prezioan ere hobaria ezarriko da tasazio ofizialaren ehuneko zehatz baten arabera, dagoeneko ordaindu diren errenten zati bat kenduta.

Gaur onetsi dira oinarriak, eta deialdia ALHAOn argitaratzen denetik hasita 30 eguneko epea izango da alokairuez baliatzeko eskabideak aurkezteko. 21 Zabalguneko teknikariek balioetsiko dituzte proposamenak, eta eskabidean lehenetsi den lokal mota, enpresaren tamaina eta hautaketa prozesuan eskuratutako puntuazioa kontuan izanik esleituko dira lokalak.

Balioespena gainditu baina areto erabilgarririk ez dagoelako lokala lortzerik izan ez dutenak itxarote-zerrenda batean sartuko dira.

Halaber, 21 Zabalguneak 9 lokal erreserbatu ditu. Erdi Aroko hiriguneko enpresa-zentrora bideratuko dira.

 

Share