Prentsa Oharren banner

Araba Ekinean programak 2021eko edizioa aurkeztu du, zeinak jarduera gehiago izango baititu online, eta ideia-lehiaketa indartsuagoa, sarietan 11.000 eurotik gora banatuta 

– Berritasunen artean, eskola enpresen azoka formatu digitalean, taldean jokatzeko ihes-gela eta ‘ekintzailetza kate’ bat

– ‘Zure ideiak balio du’ lehiaketaren 17. edizioak hamar kategoria barne hartuko ditu, krisirako irtenbideak proposatzen dituzten proiektuentzako saria sortu baita

Arabako ekintzailetza ekosistema aitortu eta sustatzea da 2021eko Araba Ekinean-en helburua. Urte osoan zehar garatuko da, eta jarduera-programan lineako ekintzak ere antolatu dira, pandemiari egokitzearren. Gasteizko Udalak, Arabako Foru Aldundiak, Eusko Jaurlaritzak  —SPRI taldearen eta BIC Arabaren bitartez— eta Vital Fundazioak Araba Ekinean-en edizio berria aurkeztu dute gaur, ‘Etorkizuna sortzen’ lema duena. Horrela, lehiaketa sustatzen duten erakundeek Arabak ekintzailetzarako duen potentziala nabarmendu nahi izan dute, egindako azterlan baten arabera Estatuko onena baita. Izan ere,  Impact HUB sareak 2020. urtearen amaieran ekintzailetza aktiboaz aurkeztutako txostenak ekintzailetzaren lehen lekuan jartzen du Araba, Madril, Gipuzkoa, Girona eta Bartzelonaren aurretik; ekintzaile komunitateak eraikitzera bideratutako munduko networking sare handienetako bat da hori. Gizartean sortzen dituen aldaketa positiboei begiratzen die azterlanak ekintzailetza neurtzeko, eta ekonomia, finantza, gizarte zein kultur adierazleak hartzen ditu kontuan, baita ingurumenarekin lotutakoak ere. Besteak beste, dentsitatea, jarioa, konektagarritasuna, dibertsitatea eta sostengu-politikak neurtu dira. Azken emaitzaren arabera, gure lurraldea da ekiteko lekurik aproposena.

Gasteizko lehen alkateorde eta Ekonomia Sustapenaren zinegotzi Maider Etxebarriak, Arabako Foru Aldundiko diputatu nagusiorde Pilar García de Salazarrek, Eusko Jaurlaritzako Ekintzailetza, Berrikuntza eta Informazio Gizarteko zuzendari eta  BIC Arabako lehendakari Leyre Madariagak eta Vital Fundazioen zuzendari exekutibo Axier Urrestik azaldu dituzte 2021eko Araba Ekinean-en xehetasunak, ekitaldia sustatzen duten erakundeak ordezkatuz. Pandemiaren ondoriozko zirkunstantzietara egokitu da aurtengo edizioa; hori dela eta, urteko lehen erdian ekintza eta topaketa gehiago antolatu dira online, eta aurrez aurreko ekitaldi garrantzitsuenak udazkenaren hasierarako utzi dira. Gaur bertan jarri da abian  ‘Zure ideiak balio du’ lehiaketaren 17. edizioa. Lehiaketak lurraldeko ekintzaileen ideia eta proiektu onenak saritzen ditu, eta aurten kategoria berria sortu da, krisirako irtenbideak proposatzen dituzten proiektuentzako saria, hain zuzen. Orotara 10 sari izango dira, eta 11.000 eurotik gora banatuko dira irabazleen artean. Hona hemen sariak:

– On4U saria, ideia onenari. 500 euro.

Aclima saria, ideia iraunkorrenari. 500 euro.

Gasteiz ON saria, merkataritza eta turismoaren alorrean. 1.000 euro.

Eroski saria, nekazaritzako elikaduraren alorreko ekimen onenari. 1.000 euro.

MIchelin saria, industriaren alorreko ekimen onenari. 1000 euro.

Ferrovial saria, zerbitzuen sektoreko ekimen onenari: 1.000 euro.

RPK sari berezia, enpresen eraldaketa sozialari: 1.000 euro.

-Vital Fundazioa saria, krisitik ateratzeko irtenbide eraldatzaileenei: 1.000 euro.

Metxa sari berezia, berrikuntzari: izen bereko azeleratzaileak emandakoa, proiektu berritzaileena denari eta hazteko ahalmen handiena duenari. Saria hurrengo Metxa Bootcamp-erako leku bat da, 4.000 euroan balioetsia.

Publikoaren sari berezia: ideia finalisten azken aurkezpenera doazenek aukeratuko dute. 300 euro.

Eskabideak aurkezteko epea gaur, otsailak 4, irekiko da, martxoaren 31ko 14.00ak arte. Oinarriak alavaemprende.com webgunean kontsultatu daitezke. Lurraldeko ekintzailetza agente ezberdinek osatutako dute epaimahaia, zeinak apirilaren hasieran hautatuko baititu finalistak. Aurten, berrikuntza gisa, zuzenean jakinaraziko da zein diren finalistak, apirilean egingo den online ekitaldi batean. Lehiaketa irabazi duten erreferentziazko proiektuetako batzuk izango dira bertan, gaur egun enpresa arrakastatsu eta sendotuak baitira. Gogoan izan behar dugu lehiaketatik 700 ekintzailetza ekimen baino gehiago igaro direla, eta horietako batzuk albiste izan direla berriki, Corowai esaterako; 2019an jasangarritasunaren eta publikoaren kategoriak irabazi zituen zuhaitzetan egurrezko etxolak jartzeko proiektu hori finalista izan da ‘Green Product Awards’ sarietan. Alias Robotics enpresa arabarrak, bestetik, zibersegurtasun laborategi bat eraikiko du Alemanian, Telefonicarekin batera.

Finalistek datorren irailaren 29an Europa Jauregian egitekoa den ekitaldi irekian aurkeztu beharko dituzte proposamenak, eta urriaren 5eko Ekin Day jardunaldiaren barruan jakinaraziko da zeintzuk diren irabazleak. Lehiaketaren iazko edizioan 43 proposamen aurkeztu ziren, eta antolatzaileek ekiteko ideia edo proiektu bat duten pertsona guztiak animatu dituzte aurtengo edizioan parte hartzera.

Europa Jauregian irailaren 29rako antolatu den jardunaldia bosgarren urtez jarraian B2B topaketa egiteko baliatuko da orobat. Bertan, ekintzaileek banakako bilerak egin ahalko dituzte aholkularitza-, finantzaketa- eta bizkortze-erakundeekin, bai eta beste ekintzaile batzuekin ere. Parte hartu ahal izateko www.alavaemprende.com webgunean eman behar da izena aurretik. Aurreko deialdietan aldebiko 150 bilera baino gehiago egin ziren, eta horietatik lankidetza berriak sortu ziren.

Gazteen artean ekintzailetza sustatzea

2021eko Araba Ekinean-ek gazteen artean ekintzailetza-bokazioa eta -talentua bultzatzeko ekintza-programa oso bat ere garatuko du. Ildo horretatik, pandemia gorabehera, bihar bertan egingo da ohiko Eskola Enpresen Azoka, baina oraingoan online ekitaldi baten bidez. Topaketan 40 ekintzailetza proiektu aurkeztuko dira, lurraldeko lanbide-heziketako 7 ikastetxetako ikasleek sortuak. Epaimahaiaren iritziz ekimenik original eta sortzaileena denak 200 euroko saria jasoko du.

Urtean zehar beste ekintza batzuk ere garatuko dira, besteak beste, ‘Etorkizuna sortzen elkarrizketak’ izenekoa. Elkarrizketa horiek bideoan grabatuko dira, eta Arabako ekintzailetzaren arloko hainbat erreferentek zenbait alderdiri buruz eztabaidatuko dute, hala nola ekonomia berriei buruz (lankidetzazkoa, soziala, zirkularra…) eta ekintzailetzaren inguruko joera edo eguneroko egoerei buruz. Guztira lau elkarrizketa egingo dira urtean zehar; horiek Araba Ekinean-en webgunean jarriko dira eta sare sozialen bidez zabalduko dira.

Ekiteko bokazioa sustatzeko eta pertsonek proiektu bat abiarazteko duten gaitasuna neurtzeko, lineako ‘ihes-gela’ bat ere sortuko da. Aplikazio hori berariaz ekintzailetzan zentratuko da, eta 40 minutu baino gutxiagoan parte-hartzaileek 10 erronka gainditu beharko dituzte ekintzailetzaren “sehaskara” iritsi aurretik. Gure ekintzaile harrobia jolasaren bidez handitzeko modu bat izango da. Taldeka jokatzeko eta horrela lankidetzarako espiritua sustatzeko pentsatutako dinamika da. ‘Escape room ‘hori edozein gailutatik erabili ahalko da, baita mugikorretatik ere. Azkenik, ate irekien jardunaldi batzuk ere programatuko dira, lurraldeko haztegiak ezagutzeko, hau da, Arabako proiektu berriak garatzen ari diren espazioak.

Ekin Day eta Pre-Ekin Day

Ekin Day izeneko topaketa nagusiari dagokionez ere izango du berrikuntzarik 2021eko edizioak. COVID-19k eragindako egoera dela eta, aurrez aurreko ekitaldia urriaren 5ean egingo da, baina maiatzean online deialdi bat egingo da. ‘Lurraldean ekin’ izenburupean, Araba osoko proiektu eta ekintzaileen adibideak erakutsiko dira, horien guztien artean harreman eta networking handiagoa sortzeko. Bestetik, Ekin Day jardunaldian Araba Ekinean sariak eta ‘Zure ideiak balio du’ lehiaketakoak banatuko dira, eta horretaz gain, etorkizuna moldatzen eta gizartean eragin positiboa sortzen ari diren pertsona eta ekimenen hainbat adibide inspiratzaile aurkeztuko dira. Behin betiko programak erreferentziazko zenbait pertsonekiko elkarrizketak barne hartuko ditu, eta laster ezagutaraziko da,  alavaemprende.com webgunean.

Ekintzailetzari buruzko online topaketen programa

Aurten ere Ekin Breakfast programa antolatuko da Araba Ekinean-en barruan: lurraldeko ekintzailetzarekin lotutako sektore eta alderdi ezberdinei buruzko gaikako topaketa txikiak. Hasiera batean aurrez aurrekoak ziren topaketa horiek, baina pandemia dela kausa birtual bihurtu dira, Arabako ekintzaileei ezagutza eta negozio-aukerak eskaintzen jarraitzeko asmoz. Hala, 2020an, horrelako sareko 9 topaketa egin ziren, 37 ekimen ekintzaile baino gehiago aurkeztu, eta 300 parte-hartzaile inguru bildu. Hala, krisi sanitarioaren erronkei erantzuteko birmoldatu diren Arabako enpresen adibideak erakutsi ziren, hasten ari diren proiektuetarako inbertsioa lortzeari buruz hitz egin zen, Araba/Gipuzkoa mugaren bi aldeetako adibide berritzaileei buruz edo Arabako Errioxako ekintzailetza disruptiboari buruz, besteak beste.

2021ean dagoeneko egin da Ekin Breakfast saio bat, joan den urtarrilaren 28an, lurraldeko ekintzaileek jaso ditzaketen laguntzak eta dirulaguntzak aurkezteko, eta 70 pertsonak baino gehiagok eman zuten izena. Otsailean beste bi programatuko dira, oso gai ezberdinekin: ‘Zer egin dezake marketin digitalak ekintzaileen alde?’, eta “Ekiteak ez du adinik”; azken horrek 45 urtetik gora proiektu berriak abiarazteko gai izan diren pertsonen adibideak erakusteko xedea du. Horrelako topaketak urte osoan zehar egingo dira, eta online izaten jarraituko dute osasun-baldintzak hobetu arte.

Ekintzailetza-katea

Edizio honetako beste berrikuntzetako bat enpresen eta lurraldeko ekintzaileen artean ekintzailetza-kate bat sortzea izango da. Arabako ekintzailetza-ekosistema hori bistaratzea eta balioestea da asmoa, protagonista nagusien laguntzarekin, Estatu osoko onena dela aitortu baita. Alavaemprende.com webgunean espazio bat sortuko da, nahi duen enpresa edo proiektu ekintzaileak bere balio-proposamena hobetzen lagundu dion beste ekimen bat nabarmendu dezan.

 

Share