Prentsa Oharren banner

Hezkuntzak aitatasun arduratsua sustatzeko lantegi bat antolatu du

0 eta 3 urte bitarteko seme-alabak dituzten gizonei zuzenduta dago

 

Udalaren Hezkuntza Zerbitzuak, laugarren urtez “Gure seme-alaben hazieraz eta hezkuntzaz arduratzen den aitatasuna” tailerra antolatu du. Vitoria-Gasteizko Udalaren eta Haurreskolak Partzuergoaren Haur Eskoletako 0 urtetik 3 urtera bitarteko haurren aitak edo tutoreak diren gizonei zuzenduta dago tailerra.

Tailerraren helburua da gizonen erantzunkidetasunean aurrera egitea seme-alaben hezkuntzan eta zaintzan, trebakuntza eta hausnarketaren bidez. Lehenengo eta behin, aitatasun tradizionalaren berrikustea egingo da, gero Kudeaketa emozionala eta seme-alabenganako harremana landuko dira. Ondoren seme-alabekin tratu ona eta indarkeriarik gabeko komunikazioa edukitzeko jarraibideak emango dira, eta azkenik berdintasunean oinarritutako etxe berria eraikitzea izango da gaia, arduren, zereginen eta denboraren banaketa ardatz.

Tailerrak 8 saio izango ditu, martxotik aurrera egingo dira. Saio hauen datak eta ordutegia aurretik egingo diren bi informazio-saiotan erabakiko dira, interesdun guztien artean. Informazio-saio hauek honako egunetan egingo dira:

Otsailaren 18an, osteguna, Zabalgana gizarte etxean. 18:00etan.

Otsailaren 23an, asteartea, Salburua gizarte etxean. 19:00etan.

Aforoen kontrola egin ahal izateko, informazio-saio hauetan beharrezkoa izango da izena ematea.

Tailerrari buruzko informazio-saio hauetara joan ezin direnek eskolahh@vitoria-gasteiz.org helbide elektronikora idatzi ahal dute, bertan informazio guztia emango zaie.

Informazio gehiago

 

 

Share