Prentsa Oharren banner

2021ean egitekoak diren kultur proiektu, ekitaldi eta jaialdietarako dirulaguntzen deialdia onetsi du Udalak, eta 200.000 euroz hornitu

Gasteizko Udalak 2021ean egitekoak diren kultur proiektu, ekitaldi eta sendotutako jaialdietarako dirulaguntzen deialdia onetsi du. “Laguntzen zenbateko osoa mantendu dugu, 200.000 euro, tokiko kultur ehunari sostengu ematearren, pandemiak gogor jo baitu”, azpimarratu du Hezkuntza eta Kultura zinegotzi Estíbaliz Cantok. “Dirulaguntza hauen bidez hiriko eskaintza hobetzen lagunduko duten kulturaren arloko sustapen-, sorkuntza-, prestakuntza- eta zabalkunde-ekimenak bultzatuko ditugu“, erantsi du.

Proposamenek irekiak izan beharko dute, udalerrian garatu eta gauzatu beharko dira, eta Gasteizko herritar guztiei zuzendutakoak izan beharko dute; esperientzia berriak izan ahalko dira, edo lehendik dauden programa, ekitaldi eta jaialdiei jarraipena eman, kulturaren arloren baten barruan: prestakuntza, sormena, zabalkundea, ikerketa…

Proiektu bakarra aurkeztu ahal izango dute entitateek, eta bi dirulaguntza kontzeptu ezarri dira.

Batetik, hirian erreferente diren edo kultura sustatzera bideratuta dauden ekimen, jaialdi eta egitarauak, edozein alorretan delarik ere (arte eszenikoak, musika, ikus-entzunezkoak, letrak, folklorea, arte plastikoak edo beste), betiere kultur agente lokalek antolatu eta kudeatuak.

Bestetik,  dinamizazio soziokulturalera, kulturartekotasuna sustatzera, bizitza kulturala bultzatzera, kultura integrazio eta gizarte-kohesiorako balio gisa garatzera, kulturaren alorrean garapen pertsonala garatzera (jakituria eta sormena sustatuz) eta abarretara zuzenduriko jarduera eta programak, betiere kultur agente lokalek antolatu eta kudeatuak. Kontzeptu horretara 25.000 euro bideratuko dira.

Eskabideak aurkezteko epea 20 egun baliodunekoa da, oinarrien deialdia ALHAOn argitaratzen den egunaren biharamunean hasita.

 

COVID-19

Pandemia dela eta, Hezkuntza eta Kultura Sailak klausula bat erantsi die dirulaguntzen oinarriei, proposatutako ekitaldietara doan publikoaren segurtasuna bermatzearren. Hain zuzen ere, antolatzen dituzten eta dirulaguntza jasotzen duten jarduera edo ekitaldi guztietan agintari sanitarioek unean-unean xedatutako neurriak bete eta betearazteko konpromisoa hartu beharko dute beren gain entitate onuradunek.

Horretaz gain, gaur egungo osasun-pandemiak eragindako ziurgabetasuna dela eta, dirulaguntza aldatzea baimentzerik izango da bertan aurreikusi gabeko jarduerak egin ahal izateko, betiere dirulaguntzaren xedearekin lotuta badaude, horren xede eta helburuei funtsean eragiten ez badiete, eta agintari sanitarioek kasu bakoitzerako hartzen dituzten neurriekin bateragarriak badira.

Aldatzea erabaki behar izanez gero, Hezkuntza eta Kultura Saileko zinegotzi ordezkariak egingo du, entitateak hala eskatzen duelarik. Nolanahi ere, jarduerak gauzatzeko epea bukatu aurretik egin beharko da eskabidea.

Informazio gehiago: https://bit.ly/2NXmWCJ

 

Share