Prentsa Oharren banner

1,3 milioi euro baino gehiago Salbatzailearen hilerriko saneamenduaren eta euri-uren sarea berritzeko eta uholde-arazoari irtenbidea emateko  

Gasteizko Udalak 1,3 milioi euro baino gehiago inbertituko du Salbatzailearen hilerriko saneamenduaren eta euri-uren sarea berritzeko, eta, hala, zenbait urtetik hona hilerriak izan dituen uholde-arazoei irtenbidea emateko. Hilerria Kuaternarioko akuiferoaren gainean dago, eta sarea hondatu da urteak pasa ahala; hori dela eta, ur-kolapsoen arazoak egon dira eurite gogorrak egon direnetan.

Lanen aurrekontua 1.367.323,42 eurokoa da, guztira, eta 7 hilabeteko epean gauzatzekoak dira. Zenbateko horretatik, 900.000 euro jarriko ditu Uren udal-enpresa AMVISAk.

Gaur egungo saneamenduaren eta euri-uren sarea duela berrogei urte egin zen, eta oso hondatuta dago, gehienbat sustraien inbasioagatik eta hausturengatik. Kolektoreak andeatzen joan dira, eta, horren eraginez, drainatze-arazoak sortu dira hilobietan eta zolatutako gainazaletan. Udalak, halaber, kameraren bidezko ikuskapena egin zuen kolektoreetan, eta horretan egiaztatu zen horietako batzuk egoera txarrean zaudela.

Orain, Udalak birgaituko ditu ur-kolektoreak, eta egoera okerrenean daudenak berrituko ditu. 250, 300, 400 eta 600 mm-ko diametroa duten kolektoreak berritzeko lanen barruan, gaur egungo zoladura altxatuko da zangak egiteko; kanalizazio eta hodi berriak, putzuak, kutxatilak eta hustubideak jarriko dira; eta, horretaz gain, behar diren garbiketak egingo dira, presio handiko ekipoen bidez.

Lanak gauzatzen diren bitartean, ehorzketek jarraituko dute. Behar den guztietan, ehorzketak egitea eragozten dituzten lanak gelditu beharko ditu enpresa adjudikaziodunak, baita ehorzketetara bertaratzea dagoela bermatu ere.

Share