Prentsa Oharren banner

2020ko aurrekontua 6 milioi euro baino gehiagoko aurrezpen garbiarekin itxi da

Gasteizko Udalaren 2020ko aurrekontua ixteko dekretua arestian sinatu da, eta emaitza positiboak eman ditu bere magnitude nagusietan. Hala gertatu da aurrezpen garbiarekin, 6.191.811,18 eurokoa izan baita; zenbateko hori diru-sarrerei gastu arruntak, urteko amortizazio teorikoa eta interesak kenduz kalkulatzen da. “Oso garrantzitsua da iazko aurrekontua aurrezpen garbiaren zenbateko positiboarekin itxi izana, oso testuinguru korapilatsutik abiatu baikinen; izan ere, azkar baino azkarrago erreakzionatu behar izan genuen koronabirusaren krisiak Udalaren egoera ekonomikoari kalte larriak egin ziezazkion saihesteko. Aurrezpen garbia sortu izanaren ondorioz, ez dugu onetsi beharko finantzak onbideratzeko planik. Hori egin behar izango genukeen, gastuak diru-sarrerak baino handiagoak izan balira”, zehaztu du alkateorde eta Ogasuneko zinegotzi Iñaki Gurtubaik.

Aurrekontu-emaitza doitua ere positiboa izan zen, 10.929.124,55 eurokoa. Zenbateko hori lortutako diru-sarreren guztizkoaren eta sortutako gastuen guztizkoaren (ez bakarrik arruntak, aurrezpen garbiaren kasuan bezala) arteko aldea da.

2020ko aurrekontuaren itxieraren hirugarren magnitude garrantzitsua gerakinak dira. Pasa den ekitaldian, 40.146.576,04 euroko diruzaintzako azken gerakina sortu zen. Magnitude horri kendu behar zaio kobrantza zalantzagarriko diru-sarreren marjina (15.254.400 euroan zenbatetsia): hala, 24.892.175,53 diruzaintzako guztizko gerakina ateratzen da, eta zenbateko hori gehitzen zaie 2021eko aurrekontuei, aurreko ekitalditik datozen funts gisa. Aurrekontuen mekanikak bi kontzeptutan banatzen du zenbateko hori:

  • Diruzaintzako gerakin lotua14.064.441,30 euro—: ezinbestean erabili behar da proiektu eta obra jakinetan (BEArako eta haren kargatze-unitate funtzionalerako Udalaren ekarpena finantzatzea, Eskualde Planaren bidez enplegua sortzea eta abar).
  • Gastu orokorretarako diruzaintzako gerakina10.827.734,24 euro—: lizitatze-fasean edo adjudikatuta dauden obra eta proiektuetan erabiltzen da (hala nola Ariznabarreko aparkalekua amaitzea, Triana zubiaren irisgarritasun-proiektua burutzea, bertan Gasteiz Antzokia jartzeko Ruiz de Bergaratarren jauregia birgaitzeko lanak eta abar).

Oraingo ekitaldi ekonomikora gehitzen den beste zenbateko bat Ekarpen-konpromiso sendoak kontzeptua da; zenbait proiektutarako beste administrazio batzuek egindako azken ekarpenei dagokie, eta 24.394.180,76 eurokoa da. Kontzeptu horren eta diruzaintzako guztizko gerakinaren batura, 49.286.356,30 eurokoa da.

2020ko aurrekontuaren itxieraren beste adierazle bat diruzaintzako gerakin likidoa da; haren zenbatekoa honela lortzen da: lehen adierazitako 49,2 milioi euroko zenbatekoa ken 2021eko martxoaren 26ra arte kreditu-gerakin erantsien guztizkoa (46.102.478,14 euro); guztira 3.183.878,16 euro dira, eta zenbateko hori hainbat helbururi eslei dakiekeen ekonomia-funts bihur daiteke.

COVID-19aren pandemiak eragindako ziurgabetasun ekonomiko eta sozialaren gaur egungo testuinguruan, berri ona da ikustea Gasteizko Udalak 2021eko aurrekontuari gehitu ahal izango dizkiola behar diren gerakinak abian dauden obrak eta proiektuak amaitzeko eta ekonomiaren zein gizartearen arloetan egundo ikusi gabea den egoera honi sendotasun handiagoz aurre egiteko, ondorioztatu du Iñaki Gurtubaik.

Share