Prentsa Oharren banner

Olarizu hiribidean legez kanpo okupatutako etxebizitzak, dagoeneko abandonatuak, hormatu ditu Udalak, eta datorren astean bidaliko dio epaileari gainerakoak utzarazteko eskabidea

 

Gorka Urtaran alkateak nabarmendu duenez, “hitzemandako urratsak ematen jarraitzen dugu, araudiak ezartzen dizkigun epeak betez, ahalik eta bermerik handienekin jarduteko, okupatzaile ilegal guztiak bota eta bloke horiek eraisteko konpromisoari eutsiz”.

 

Atzo bukatu zen Olarizu hiribideko legez kanpoko okupatzaileak beren borondatez bertatik ateratzeko epea. Urratsak ematen jarraitzen du Udalak, Urtaranen gobernuak agindu bezala, etxebizitza-bloke horiek hustu eta eraisteko.

Polizia-egiaztapenak egin dira aste honetan, dosierrak eragiten dien etxebizitzak dagoeneko hutsik daudela egiaztatzeko. Polizia-egiaztapen horien ondoren, eta gizarte-zerbitzuen informazioarekin, aldizkari ofizialaren bitartez jakinarazi behar izan zitzaien pertsonen etxebizitzak benetan hutsik daudela egiaztatu ahal izan da. Gainerako etxebizitzak, zeinen legez kanpoko okupatzaileei bertatik bertara jakinarazi baitzitzaien, legez kanpo okupatuta daude oraindik ere.

Udalak hormatu egin ditu dagoeneko hutsik daudela egiaztatu duen etxebizitzak, eta ebazpen bat sinatuko du, ziurtatzeko kasu horietan Udalak etxebizitzak uzteko egindako errekerimenduari erantzun zaiola, eta, horrenbestez, administrazio-dosierra itxi egingo dela jakinaraziko die interesdunei. Etxe horiek hormatu egingo dira.

Dosierra epaitegira bidaliko da datorren astean

Ebazpen hori dosierrera gehitu bezain laster, epaitegietara bidaliko da, okupatuta jarraitzen duten etxebizitzak husteko baimena eskatzeko epaileari. Datorren astean egitea aurreikusita dago.

Gainera, dagoeneko inor geratzen ez dela egiaztatzen den blokeetan, barruko etxebizitza bakoitzaren barrualdea eraitsiko da, dosierraren parte ziren eta hormatzen ari direnak izan ezik. Gorka Urtaran alkateak nabarmendu duenez, “hitzemandako urratsak ematen jarraitzen dugu, araudiak ezartzen dizkigun epeak betez, ahalik eta bermerik handienekin jarduteko, okupatzaile ilegal guztiak bota eta bloke horiek eraisteko konpromisoari eutsiz”.

Share