Prentsa Oharren banner

KaldeArte 2021k 33 konpainiaren 63 ikuskizun aurkeztuko ditu

Ekainaren 11, 12 eta 13an izango da Gasteizko Kaleko Arteen Nazioarteko XV. Erakustaldia

 

KaldeArteren 2020ko edizioa bertan behera utzi ondoren, Gasteizko Kaleko Arteen Nazioarteko Erakustaldiak XV. edizioa egingo du 2021eko ekainaren 11, 12 eta 13an.

Aurreikusita dago 33 konpainiak parte hartzea eta 63 ikuskizun eskaintzea. Konpainiak tokikoak, EAEkoak eta estatukoak izango dira gehienbat, atzerriko konpainien kopurua murriztu baita, segurtasun-arrazoiak direla eta. Kasu askotan, hainbat ikuskizun ordutegi berean egingo dira, hartara, ikusle andana ez ibiltzeko eszenatoki batetik bestera.

2020ko martxoaz geroztik gure hirian egingo den lehenengo kale-jaialdi handia izango da, eta Euskal Autonomia Erkidegoan 2021ean egingo den lehenengo kaleko arteen jaialdi handia.  “Kultura Zerbitzuan sektore honekiko gure konpromisoari eta laguntzari eusten diegu, eta indarrean dagoen araudia zorrotz beteko duen KaldeArte bat antolatzearen aldeko apustua egiten dugu, arte eszenikoek gure kale eta plazak har ditzaten”, adierazi du Gasteizko Hezkuntza eta Kultura zinegotzi Estibaliz Cantok.

Hala, 2021. urte honetan, bere esentziari eutsiko dion arren, erdigune-erdigunekoak eta ikusle ugari bildu ohi dituzten esparruak alde batera utzi, eta beste ingurune batzuetara aldatuko da, zeinak erdialdekoak izanik ere ez baitira Gasteizko erdigunean ekitaldi handiak hartzen dituzten ohiko esparruak. Horrek guztiak helburu du esparru segurua eskaintzea eta une oro jende-pilaketak saihestea. Aire zabaleko esparru mugarrituak izango dira; gehieneko ikusle-kopurua zehaztuta izango dute, denak eserita; segurtasun-neurri guztiak errespetatuko dira, Eusko Jaurlaritzaren indarreko araudiarekin bat.

Esparru berriak

Hiriaren erdialdeko oinezkoentzako esparruak (Andre Maria Zuriaren plaza, Foru plaza eta Arka plaza), beste toki batzuei utziko die bere tokia, hala nola Iparraldeko parkeari, Santa Maria plazari, Errenazimendu plazari, Artium museoaren barruko plazari, Zuluetako eta Falerinako lorategiei, Florida eta Judimendi parkeei eta abarri.

Ordutegiei dagokienez, gaur egungo araudia kontuan hartuta, Eusko Jaurlaritzak zehaztutako aurreikuspenei estu lotuko zaie programazioa: emanaldiak goizeko, arratsaldeko eta iluntzeko ordutegietan banatuko dira, eta aurreikusiko da antzezpen guztiak amai daitezen ekaineko egun horietarako ezartzen diren jarraibideek zehazten duten orduan. Hori guztia aldatu ahal izango da, pandemiaren bilakaeraren arabera.

“KaldeArte ezinbesteko hitzordu bihurtua da dagoeneko, gasteiztar guztientzat (edozein dela ere euren adina, generoa, jatorria…), baita kulturarekiko eta batik bat kale-arteekiko grina duen pertsona ororentzat ere. Diziplina anitzeko hitzordua izango da (antzerkia, zirkua, dantza, musika, esku-hartzeak…), eta Gasteizen, estatuan eta nazioartean arte eszenikoen abangoardia denaren hautaketa handia da”, gaineratu du Cantok.

Oso edizio berezia izango da 2021ekoa, zalantzarik gabe, 2020. urteak sektoreari ekarri zion gelditzearen ondoren. Sormenaren eta kulturaren sektorea izan da COVID-19aren pandemiak gogorren jo zuen sektoreetakoa. Aurtengo edizioak, iazko udan egin zen kultura-programaren antzera (zeina aurten, 2021ean, itzuliko baita), helburu nagusietakoa du kulturaren sektoreari, oro har, eta kaleko arteen sektoreari, bereziki, laguntzea.

KaldeArtek aukera paregabea eskainiko du zuzeneko ikuskizunak etxetik gertu ikusteko. Jaialdiak ikuskizuna hurbilduko digu, denon eskura jarri, eta beste ikuspegi batzuk erakutsi geure inguruan gertatzen denari buruz. Aurten, erronka bat gehitu zaio: jaialdia gozatzeko ingurune seguruak eskaini behar dira, eta kalera irten daitezen animatu behar dira ikusleak (adina edozein dutela ere), eta, hala, kulturarekiko haren grina piztu.

Arte eszenikoen jaialdien estatuko koordinakundeak (COFAE) egindako azterlan baten arabera, jaialdi haietan parte hartzen duten gehien-gehienek aldez aurretik planifikatzen dute zer ikuskizunetara joan nahi duten; % 22k jaialdian bertan daudela planifikatzen dituzte ikuskizunak, eta % 15 inguruk unean bertan inprobisatzen dute eta topo egiten dute haiekin. Gasteizko erdialdearen kasuan, kopuru hori handia da, eta, hain zuzen, ohitura horri eragin nahi zaio hala gerta ez dadin.

Gasteizko Udalaren Kultura Zerbitzuak antolatutako kaleko arteen jaialdia den aldetik, betiere ahantzi gabe oraindik ere pandemia ari garela bizitzen, eta, horrenbestez, direnik eta prebentzio-neurri guztiak hartuta, KaldeArte funtsezko ekitaldi gisa agertzen da mugitzen hasteko eta herritarrei zein sektoreari ikuspegi itxaropentsua emateko, zeinak errutina hautsi eta atzean utziko baitu. Izan ere, kulturak eskaintzen dizkigu aldaketa horri aurre egiteko tresnarik onenak, eta ondorio positiboak ematen dizkio hiriari zein herritarrei.

Informazio gehiago 

 

 

Bideoa ikusi 

 

 

 

 

 

 

Share