Prentsa Oharren banner

Etxauri plaza jolastoki moderno, naturalizatu eta berritzaile bihurtuko da Erdi Aroko hirigunearen erdi-erdian

Haurren Auzoa proiektua “Mejorando Vitoria-Gasteiz Hobetuz” partaidetza-prozesuaren emaitza da eta hirigune historikoko bizilagunekin batera diseinatu da; 573.512 euroko aurrekontua izango du

 

Esku-hartzeak inklinatutako berdegune bat jartzea proposatzen du, ipuin kontalarientzako espazio txiki batekin eta Gasteizko Mendietara begira dagoen balkoi batekin

 

Eskalada gune bat, txirristak eta zabuak, egurrezko oreka-jolasak, ping-pong mahai bat eta saski bat, eta zuhaitzak eta arrosa-landareak izango ditu

  

Haurren Auzoa proiektuak guztiz eraldatuko du Etxauri plaza, Erdi Aroko hirigunearen bihotzean. Udalak jolastoki moderno, naturalizatu eta berritzaile bihurtuko du gunea. Proiektua, “Haurren Auzoa” izenarekin ezaguna eta “Mejorando Vitoria-Gasteiz Hobetuz” partaidetza-prozesuaren barruan sortua, auzokoekin batera diseinatu da. Bihar, Herritarren Partaidetzaren, Gardentasunaren eta Gizarte Etxeen Sailak lizitaziora aterako du Mugikortasunaren eta Espazio Publikoaren Sailak diseinaturiko lanak burutzeko kontratua. Lanek 573.512 euroko aurrekontua izango dute eta zortzi hilabeteko gauzatze-epea.

Herritarren Partaidetzaren zinegotzi Borja Rodríguezek adierazi duenez, “proiektu honek argi uzten du Udalak kontuan hartzen dituela herritarrek Hobetuz programaren bidez egiten dituzten iradokizunak”. Zinegotziak azpimarratu duenez, Erdi Aroko hiriguneak “topagune berri bat izango du Etxaurin eta egungo plaza ordezkatuko du, premiazkoa baitzen hura eraberritzea”.

“Proiektu honekin Erdi Aroko hirigunea osorik biziberritzeari ekingo diogu”, azaldu du Mugikortasunaren eta Espazio Publikoaren zinegotzi Raimundo Ruiz de Escuderok. “Etxauri plaza berdeagoa, atseginagoa eta modernoagoa izango da. Hirigune historikoaren bihotzean egoteko gune bat, familiekin batera diseinatua izan dena”.

Espazio berria diseinatzean, Udalak Erdi Aroko hirigunean bizi diren haurren eta bere familien proposamenak integratu nahi izan ditu. Horregatik, guneak jolas-eskaintza zabala izango du: alde batetik, gaur egun dagoen ping-pong mahaia mantenduko da, eta, bestetik, proposamen berritzaileagoak ere jarriko dira, hala nola, eskalada gune bat eta ipuin kontalarientzako espazio bat. Azken hori inklinatutako landare-hegal batean sortuko da, eta Gasteizko Mendietara begira dagoen balkoi ere izango da.

Egun, esku hartuko den eremua zaharkituta dago. Oinezkoen joan-etorria oztopatzen duten parterreak ditu, egoera txarrean dagoen saskibaloi-kantxa bat, bai eta berritu beharreko haurrentzako jolasgunea eta bankuak ere. Aisialdirako espazio horren ondoan eta metalezko itxitura baten bidez bereizita, Erdi Aroko hiriguneko aparkalekua dago.

Gunea eraldatzeko burutuko den proiektuak hiru jolas-eremu izango ditu:

Inklinatutako gunea. Gasteizko Mendietara begiratuko duen landare-hegal bat proiektatu da eta balkoi horrek itsasontzi-branka forma izango du. Proiektuak Europako lur-gotorlekuak hartzen ditu erreferentziatzat (Kopenhageko Kastellet, Errenteriako San Markos gotorlekua). Naturalizatutako zerrenda hori egoteko eta erlaxatzeko eremua izango da, bankuak izango ditu eta ipuin kontalarientzako gune gisa ere funtzionatuko du. Alboetan arrosa-landare ederrez inguratuta egongo da.

Egurrezko horma. Oraingo metalezko hesiaren ordez egurrezko horma bat jarriko da parkea eta aparkalekua bereizteko. Hesi horren inguruan hainbat jolas jarriko dira: eskalada sokekin, hormaren kontra jarritako txirristak, oreka enborren eta harrien gainean, egokitutako zabu bat,… Zoruak, gainera, gomaren ordez azalezkoak izango dira, jasangarriagoak izateko.

Erdiko gunea. Antzokiaren eta hormaren arteko eremua partzialki zolatutako espazio bat izango da eta zulaturiko lorategi bat izango du erdian, arrapalez inguraturik. Naturalizatutako eremu horretan zumezko habi bat eta enborrekin egindako espiralak jarriko dira, oreka-jolasak egiteko. Induskatutako espazio horretako hegal txikietan sokak jarriko dira gora eta behera ibiltzeko. Zolatutako eremuan ping-pong mahai bat eta saski bat jarriko dira, azken hori zuhaitz moduan antolatutako hiru uztairekin.

Altzariak. Aulkiak eta bankuak Gasteiz modelokoak izango dira.

Zuhaitzak. Hamar lizar handi landatuko dira, itzala eman eta eremua berda dezaten. Gainera, bankuak jarriko dira zuhaitz horien inguruan.

Tirolina Etxanoben. Proiektuak Etxanobetarren lorategian tirolina bat jartzea ere aurreikusten du. Izan ere, Ramón Bajoko haurrak horren alde azaldu ziren eta Udalak instalatzeko konpromisoa hartu zuen.

HAURREN AUZOA DOSSIERRA

Share