Prentsa Oharren banner

Prentsa-deialdiak (2021-09-09)

Prentsa deialdiak. Europako Mugikortasunaren Astea aurkeztea, bere 20. urteurrenean

Parte hartzaileak. Mugikortasunaren eta Espazio Publikoaren zinegotzi Raimundo Ruiz Escudero

Eguna. Osteguna, irailak 9

Ordua. 10:30

Tokia. Udaletxeko prentsa aretoa

———————————————

Prentsaurrekoa. 2021eko Ironman txapelketako elastikoa eta Finisher ofizialaren domina aurkeztea

Parte hartzaileak. Vitoria-Gasteizko alkate Gorka Urtaran; eta Gasteizko IRONMAN txapeleketako zuzendari Eduardo Martinez

Eguna. Osteguna, irailak 9

Ordua. 11:00

Tokia. Udaletxeko harrera aretoa

—————————————-

Prentsaurrekoa. ONCEren bi kupoi aurkeztea

Parte hartzaileak. Vitoria-Gasteizko alkate Gorka Urtaran; Euskadiko ONCEko delegatu Juan Carlos Andueza; eta ONCE Euskadiko Lurralde Kontseiluko presidente Rafael Ledesma

Eguna. Osteguna, irailak 9

Ordua. 11:30

Tokia. Udaletxeko harrera aretoa

Share

Klimari dagokionez neutralak diren Europako lehen 100 hirietako bat izateko posizionatu da Gasteiz

Hirian emandako pausoak azaldu ditu alkateak Senatuan egin den bileran, baita hiri-iraunkortasuna eta klima-neutraltasuna lortze aldera egitekoak direnak ere

 

Estatuko hainbat hiritako ordezkariek parte hartu duten Senatuko bileran izan da gaur goizean Gorka Urtaran alkatea. Trantsizio Ekologikorako ministroa, Teresa Ribera, buru izan duen bilera horretan, hiri-iraunkortasunaren eta neutraltasun klimatikoaren bidea urratzeko Espainiako udalerri horiek egindako ahalegina aitortu, partekatu eta babestu da.

Ildo horretatik, alkateak berriki aurreratu zuenez, klimari dagokionez neutralak izango diren Europako lehen 100 hirietako bat izan nahi du Gasteizek, “Europako Batzordeak eta Parlamentuak 2030ean Europako 100 hiri klimari dagokionez neutralak izan daitezen finkatutako bost misioetako baten parte izan. Europako Batzordearen Hirien Europako Misio horrek hiri horien eraldaketa babestu nahi du, Parisko Akordioa eta 2030 Agenda azkarrago betetzeko, eta hautagai bikaina da Gasteiz, europar misio horretan parte hartzeko. Karbonoa murrizteko konpromiso argiak burutzeko oinarriak jarri ditugu, hainbat arlotako proposamen ausartak tarteko —hiri-mugikortasuna, hiri-plangintza, hiri-azpiegitura berdeak, karbono-hustubideen sorkuntza eta lurzoruak berreskuratzea, natura-tratamenduen bidez, besteak beste—, planetarekiko konpromiso horretan gure udalerriak nazioarteko abangoardian jarrai dezan garatu eta bultzatuko ditugun beste politika batzuez gain”, nabarmendu du alkateak.

Gasteizko alkateaz eta Teresa Ribera ministroaz gain, orobat izan dira bileran Senatuko presidentea, Espainiako Udalerri eta Probintzien Federazioko idazkari nagusia, Garraio, Mugikortasun eta Hiri-agendaren ministroa, Gizarte Eskubideen eta 2030 Agendaren ministroa eta Zientzia eta Berrikuntza ministroa, baita Madril, Bartzelona, Valentzia, Sevilla, Toledo, Soria, Lugo eta Cacereseko alkateek ere, besteak beste.

Gaur goizean izan den bileraren bitartez zabalkundea eman nahi izan zaio citiES·2030 ekimenari, zeinen bitartez eraldaketa bizkortzeko trakzio-efektua erdietsi nahi baita, funtsezko diren hiri, eragile eta sektoreen arteko lankidetza-modu berritzaileak sustatuz. Karbono-neutraltasunaren aldeko europar misio horren parte izatera iristeko asmoarekin egin du bat Gasteizek proiektuarekin.

Share

Bikote bat atxilotua elkarri eraso egiteagatik

Udaltzainek 37 eta 28 urteko gizonezko eta emakumezko bana atxilotu zituzten atzo genero-indarkeriaren eta etxeko indarkeria delituen (hurrenez hurren) ustezko egileak izateagatik.

Koordinazio Zentralak, 14:30 baino zertxobait lehenago, patruila baten laguntza eskatu zuen Zabalgana auzoko garaje batean. Izan ere, bertan, hiritar batek poliziaren laguntza eskatu zuen emaztea oihuka eta bere ibilgailuan kalteak eragiten ari zelako.

Udaltzainek egiaztatu zuten eztabaida handia izan zutela autoz etxera itzultzen ari zirela eta elkarri eraso egin ziotela.

Bien adierazpenak (alabetako batek berretsi egin zituen) eta zituzten markak zirela eta, patruilak biak atxilotu zituen eta gaur geratuko dira epailearen esku.

Isuna alkoholemia-proba egiteari uko egiteagatik

01:30 baino zertxobait lehenago, emakumezko batek istripua jasan du Goro plazatxoan patinete elektrikoan zirkulatzen ari zela eta Santiago ospitalera eraman dute.

Atestatuen taldeak derrigorrezko alkoholemia-proba egiteko eskatu dio, baina emakumeak uko egin dio. Hori dela eta, dagokion administrazio-salaketa jarri diote (1000 eurokoa da).

Share

Gasteiz Hiri Hezitzailea programak 217 hezkuntza-jarduera aurkeztu ditu 2021-21 ikasturterako

Irailaren 14an hasiko da izena emateko epe orokorra

“Gasteiz, hiri hezitzailea” programaren 2021-22 ikasturteko jarduerak aurkeztu dira gaur goizean. Hezkuntza eta Kultura zinegotzi Estibaliz Cantok hiriko ikastetxeei zuzenduriko 217 jarduera aurkeztu ditu; izena emateko epea irailaren 14an hasiko da, Udalaren www.vitoria-gasteiz.org webgunearen bitartez.

Gai hauek landuko dira: ingurumena (13 jarduera), hiriaren ezagutza (21), euskararen erabileraren sustapena (10), artearen eta ikus-entzunezkoen alorreko hezkuntza (49), gorputz-hezkuntza eta kirola (9), eta berdintasunerako hezkuntza (4). Era berean, honako lantegiak izango dira: osasunerako hezkuntza (34), herritarren parte-hartzearen sustapena (13), gaitasun digitaletan heztea (38), bizikidetza eta aniztasuna (15), garapenerako lankidetza eta nazioarteko elkartasuna (2) eta babesa eta segurtasuna (9).

Hezkuntza-eskaintza honen bidez zenbait balio sustatu nahi ditugu, esaterako bizi-kalitatea, gizalegea, sormena, bakearen kultura, ekitatea, prestakuntza, identitatea, emakumeen eta gizonen berdintasun. Halaber, inklusioa, berrikuntza, partaidetza, erantzukizuna, elkartasuna, iraungarritasuna eta beste sustatu nahi ditugu. Gure xedea herritarrek eta eskolak balio horiek bereganatu eta horien arabera joka dezaten lortzea da”, esan du Cantok.

Osasun-egoeraren ondorioz, 2021-2022 aldirako eskaintza osatzen duten udal jarduerak egokitu egin dira eta uneko egoeraren eta aldian-aldian indarrean dagoen araudiaren arabera.

Programa hau posible da Udalaren 23 sail eta zerbitzuren planifikazio bateratuari esker, betiere Hezkuntza Zerbitzuak koordinatuta. Gainera, hiriko beste entitate eta elkarte batzuk ere lagundu dute.

Izen-ematea

Bigarren urtez jarraian, arreta eta sostengu behar handiagoa duten ikastetxeei erraztasunak emango zaizkie programan parte hartzeko. “Izena emateko epe orokorra irailaren 14an hasiko bada ere, ikastetxe horiek irailaren 9tik aurrera Gasteiz, hiri hezitzailea programaren jardueretan izena emateko aukera izatea aurreikusi dugu. Hartara, giza-kohesioa hobetzen lagunduko dugu, bai eta Gasteizko ikastetxeen artean aukera-ekitatea areagotzen ere”, esan du zinegotziak.

Hamaika Esku programan eta Magnet proiektua gauzatzen duten ikastetxeek izango dute izena ematean lehentasuna hori.

Hiri Hezitzaileen Estatuko Sarearen koordinatzailea

Jarduera-programa hau Gasteizko Udalaren Hezkuntza Zerbitzuak duela 30 urtetik hona garatzen duen estrategian kokatzen da; hain zuzen ere horrexegatik, estatuko 220 hirik parte hartzen duten Hiri Hezitzaileen Estatuko Sarearen (RECE) koordinatzailea izendatu izan dute Gasteiz.

“Zeregin horri amaiera emateko, 2022ko martxoan Hiri Hezitzaileen Estatuko Sarearen XV. Topaketa egingo da Gasteizen, “Hiri hezitzailea sendotu” izenburupean. Martxoaren 17an eta 18an izango da, Europa jauregian”, azpimarratu du zinegotziak.

Informazio gehiago

 

Share

Gauekoak elkarteak udazkeneko ekintzen agenda aurkeztu du

 

GAUEKOAK DOSSIERRA

GAUEKOAK programak udazken-neguko denboraldi honetan aisialdirako gune alternatibo, sortzaile, parte-hartzaile eta osasungarriak sortzeko helburuarekin aurkezten du. Hainbat arlotako lanketa espazioak sortzen, tokiko kultura-nortasuna indartzen eta gazteen parte-hartzerako tresnak eskaintzen ditu.

Egitarau honek hainbat diziplina barne hartzen dituen 26 jarduera planteatzen ditu iraila eta abendua bitartean garatuko direnak. Horretarako, hiriko artista eta hezitzaileekin kontaktuan jarri gara. Red Fanzine, Oihaneder Euskararen Etxea edo SAMA (Arabako Ikus Entzunezkoen Elkartea) bezalako elkarteekin esate baterako. Horrela, kultur interesak bultzatzeko gune bat sortu nahi dugu, herritar gazteenen eta erakundeen arteko lankidetza bultzatuz.

Jarduera guzti hauek doakoak izango dira, aisialdiko eredu alternatibo bat defendatzen baitu, berrikuntza, tokiko kultura eta artistak babestea eta hiriko gazteria osatzen duten kolektibo guztiak barne hartzea abiapuntu izango dituena. Tailerrak, musika, kirola eta sorkuntza uztartzen dituen programazio berritzailea proposatzen du.

Denboraldi honetan gazteon artean euskararen erabilera sustatzeko asmoz, programazioaren %85-a baino gehiago euskaraz burutuko da.

Share