Prentsa Oharren banner

Prentsa-deialdiak (2021-09-23)

Prentsaurrekoa. Jabetze Feministarako Eskolako ikasturteko berritasunak aurkeztea

Parte hartzaileak. Berdintasun zinegotzi Miren Fernandez de Landa; eta Berdintasun zerbitzuburu Mireia Espiau

Eguna. Osteguna, irailak 23

Ordua. 10:30

Tokia. Emakumeen Etxea, Etxanobe jauregia

—————————————————–

Prentsaurrekoa. Gasteizen jokatuko den Espainiako Badminton Senior Txapelketa aurkeztea

Parte hartzaileak. Kirol eta Osasun zinegotzi Livia Lopez; Arabako Foru Aldundiko Kirol Zerbitzuko buru Gerardo Escarza; Vital Fundazioko zuzendari Arantxa Ibáñez de Opacua; Arabako Badminton Federazioko presidente Angel Ruiz; Aronoba klubeko presidente Héctor Tobar, Just Badminton klubeko presidente Dina Abouzeid; eta Euskal Federazioko ordezkari Gorka Moso

Eguna. Osteguna, irailak 23

Ordua. 11:30

Tokia. Udaletxeko prentsa aretoa

—————————————————–

Arabako eta Gasteizko enpresen bat egitea Vitoria-Gasteiz Araba Mobility Lab proiektuarekin

Parte hartzaileak. Vitoria-Gasteizko alkate Gorka Urtaran; Arabako ahaldun nagusi Ramiro González; Gasteizko Mercedes Benz enpresako zuzendari nagusi Emilio Titos; Mariano Arconada, Michelineko arduraduna; UPV-EHUko Arabako Campuseko errektoreorde Manoli Igartua; Fernando Zubillaga, Mugikortasun eta Logistika Clusterra; Agustín J. Sáenz Fernández, Fundación Tecnalia; Nuria Gisbert, CIC Energigune;  Miren Bilbao,  Arabako Parke Teknologikoa; eta José M. Esmoris, Sernauto España

Eguna. Osteguna, irailak 23

Ordua. 17:00

Tokia. Europa Jauregia (Salburua aretoa)

Share

Aurrera jarraitzen dute Gasteizko markesina digital berriak jartzeko lanek

Gasteizko markesina digital berriak jartzeko lanak aurrera doaz. Gaur goizean, Mugikortasunaren eta Espazio Publikoaren zinegotzi Raimundo Ruiz de Escuderok geltokien hedapenaren bilakaera ezagutu ahal izan du JCDecaux enpresaren ordezkaritzarekin batera, enpresa horretako zuzendari nagusi Carlos Barón buru zelarik.

Orotara tamaina handiko pantaila digitala duten 20 markesina berri jartzen ari dira Gasteizen, baita geralekuko 47 argibide-gune berri ere.

“Aukera modernoagoak, erosoagoak eta irisgarriagoak dira, eta informazio gehiago eskaintzen dute. Azken batean, hiri teknologiko eta konektatuago baterantz goaz, etorkizuneko hirirantz”, esan du zinegotziak.

Dagoeneko markesina digital hauek muntatu dira:


Gasteiz hiribidea, 85

Gasteiz hiribidea, 70

Gasteiz hiribidea, 73

Gasteiz hiribidea, 54

Tomas Zumarraga Dohatsua / Argentina

Adriano VI.a, 1


Asteazkenean, hilak 22, beste bat muntatuko da Jesus Maria Leizaola plazan. Eta datozen asteetan beste batzuk muntatzen joango dira, progresiboki.

Horrelako kontratuetan ohikoa denez, enpresa adjudikaziodunak inbertsio handia egin beharko du hiri-altzarietan (ia bost milioi euro), eta Udalari kanon bat ordainduko dio espazio publikoa erabiltzeagatik. Munta handiko kontratua da: 28 milioi eurotik gora 13 urtetan, inbertsioa eta altzarien mantentzea barne.

Udalak markesinen jatorrizko diseinuarekin jarraitzea erabaki du —Patxi Mangado arkitekto nafarrak egin zuen—, dagoeneko Gasteizekin identifikatzen den diseinu modernoa eta funtzionala dela iritzita.

20 markesina berriek tamaina handiko LCD pantaila digital bana izango dute (82 hazbeteraino); pantailek eguneko 24 orduetan eta asteko 7 egunetan funtzionatuko dute. Erasoen kontrako eta eguraldi txarretik babesteko elementuak ere izango dituzte. Konektagarritasunari dagokionez, Ethernet, 3G/4G, Bluetooth, Wifi eta NFC teknologiak baliatzeko prestatuta egongo dira.

Orobat, geralekuko 47 argibide-gune (TFT pantailekikoak) instalatzea barne hartzen du kontratuak, eta kontratuan sartutako altzari guztien metalezko egitura eguneratzea. Gaur egun, honako elementu hauek daude Gasteizen: 222 markesina hirian eta industrialdeetan, eta beste 28, kontzejuetan; 178 MUPI; 10 komun; 20 erloju-termometro; 96 zutoin, autobus geralekuetan; 17 zutoin, taxi geralekuetan, 53 informazio-panel, eta geralekuko 98 argibide-gune.

 

Share

(Eguneratuta adierazpenekin) Gasteizko BEI ibilgailuaren lehen probak bidaiariekin

 

Gorka Urtaran alkatearen adierazpenak

Gasteizko herritarrak BEIra igo ahal izan dira lehenengoz, ibilbidearen zati bat egin eta bide osoan zehar eskainiko dituen abantailak ezagutu. Mugikortasunaren Europako Astearen barruan eman da aukera ibilgailua martxan eta errei esklusiboen eta semaforo-lehentasunaren onurak ezagutzeko,  ‘Hiria nire autoa gabe’ egunarekin bat, zehazki.

BEI garraio-sistema jasangarriagoa, irisgarriagoa, berritzaileagoa eta seguruagoa izango da. Udalak 9 milioi euroko inbertsioa eginda, puntako teknologia izango duten 13 ibilgailu elektriko berriek Gasteizko 14 auzo elkartuko dituzte. TUVISAren 2. linean eskainiko dute zerbitzua, eta tarte osoan 3 milioi erabiltzaileri zerbitzua eskaintzeko ahalmena izango dute. Proiektuak Eusko Jaurlaritzaren eta Arabako Foru Aldundiaren finantzaketa du.

Lehenengo bidaian alkate Gorka Urtaranek, Mugikortasunaren eta Espazio Publikoaren zinegotzi Raimundo Ruiz de Escuderok eta TUVISAko kudeatzaile María José Ajuriaguerrak hartu dute parte. Aldez aurretik izena eman zuten pertsonak ere igo dira BEI zerbitzua emango duten ibilgailuetako batera; bidaiak 13.00etan, 17.00etan eta 19.00etan hasi dira. Leku guztiak beteta zeuden.

“BEI iraunkorragoa, irisgarriagoa eta seguruagoa izango da. Eta hurbilago dago egunetik egunera. Irrikan gaude herritarrek probatzerik izan dezaten. Gaur bertan, Mugikortasunaren Astearen barruan, zenbait bidaia mugatu eta gidatu antolatu ditugu, lekua erreserbatuta. Lekuak beteta daude. Eta oso laster ikusi ahalko dugu funtzionatzen gure kaleetan, TUVISAren 2. linean zerbitzu ematen“, azaldu du alkateak gaur goizean.

Lehenengo bidaiak El Boulevardetik Mendizorrotzeraino joan dira. Ibilbidean BEIak aurki ditzakeen bidegurutze eta egoera mota guztiak ezagutu ahal izan dira, baita funtzionamenduan dagoenean izan ditzakeen abantaila guztiak ere, semaforo-lehentasunari eta errei esklusiboei esker. Orobat, TUVISAk aukera baliatu du balioztatzeko makina berrien funtzionamendua eta geltokien irisgarritasuna erakusteko. Esperientzian parte hartu duten herritarrek, berriz, bertatik bertara ezagutu ahal izan dute ibilgailua, baita abantaila guztiak ere.

 

 

 

Share

Iradier Arenak Azkena Rock Special Edition 2021 jaialdia hartuko du gaurtik urriaren 3ra bitartean

Besteak beste, Loquillo, El Drogas, Carolina Durante, Lendakaris Muertos, M Clan, Kaotiko, Ray Collins Hot Club, Los Estanques eta Liher arituko dira

Gaur goizean aurkeztu dute Azkena Rock Special Edition jaialdia prentsaurrekoan, eta bertan parte hartu dute Gasteizko Udaleko Hezkuntza eta Kultura zinegotzi Estibaliz Cantok, Kultura eta Kiroleko foru diputatu Ana del Valek, Kutxabankeko Red Araba-ko zuzendari Jose Luis Bastarricak eta jaialdiko zuzendari Alfonso Santiagok.

Gaurtik, irailak 22, urriaren 3ra arte egingo da Azkena Rock Special Edition, Iradier Arenako Kultur Bizia gunean. Orotara 21 artista arituko dira, hamar rock gautan: besteak beste, Loquillo, El Drogas, Carolina Durante, Lendakaris Muertos, M Clan, Kaotiko, Ray Collins Hot Club, Los Estanques eta Liher.

“Osasun krisialdiko 18 hilabete hauek gauza ugari irakatsi dizkigute, maila guztietan. Horien artean, kultura segurua dela. Horregatik, rockaren jaiarekin bat egitera animatzen ditugu gasteiztarrak. Aurten, Iradier Arenan”, adierazi du Estíbaliz Cantok.

Cantok eta Del Valek nabarmendu dute udal ekipamendu hori segurua dela kulturarako, Kultura Bizia proiektuak erakutsi duen bezala. “Horren alde egitean asmatu dugula frogatu da, eta proiektua hilabete batzuk luzatzea erabakitzean ere asmatu dugulakoan nago, kultura programatzen jarrai dezan eta Kultura Biziak testuinguru jakin honetan eskaintzen dituen aukeren beharra duten eragileek ere horretan jarraitzerik izan dezaten“, azpimarratu du Ana del Valek.

Alfonso Santiagok, bestalde, Azkena Rock Special Edition-en programazioa aletu du; kontzertuak 19:30ean hasiko dira, eta oraindik bada sarrerarik emanaldi batzuetarako.

Lendakaris Muertos eta Ezpalak taldeek inauguratuko dute Iradier Arenako agertokia, gaur arratsaldean. Ondoren, Los Enemigos eta Liher (osteguna, hilak 23), El Drogas eta The Lizards (ostirala, hilak 24), Carolina Durante eta Biznaga (larunbata, hilak 25) eta Johnny Burning eta The soul Jacket (igandea, hilak 26) igoko dira agertokira.

Azkena Rock Special Edition-en emanaldien bigarren multzoa irailaren 29an (asteazkena) hasiko da, Kaotiko, Puraposse eta The Wax taldeekin; ostegunean, hilak 30, Ray Collins Hot Club eta Micky & The Buzz taldeek joko dute; ostiralean, urriak 1, Loquillok eta Sedak; larunbatean, urriak 2, Los Cigarros eta Los Estanques taldeek, eta igandean, urriak 3, M Clan eta Razkinek.

Kontzertuen edukiera indarrean dagoen araudiaren arabera kontrolatuko da, eta COVID-19aren aurreko prebentzio-neurri guztiak beteko dira.

Informazio gehiago

 

Share