Prentsa Oharren banner

[Eguneratuak] Prentsa-deialdiak (2021-09-22)

Prentsaurrekoa. Vitoria-Gasteizko markesina digitalak aurkeztea

Parte hartzaileak. Mugikortasunaren eta Espazio Publikoaren zinegotzi Raimundo Ruiz de Escudero; eta Carlos Barón, JCDecaux enpresako zuzendari nagusia

Eguna. Asteazkena, irailak 22

Ordua. 10:00

Tokia. Gasteiz Hiribideko markesina digital berria, Europa jauregiaren aurrean

—————————————————————

Prentsaurrekoa. Azkena Rock Special Edition 2021 aurkeztea

Parte hartzaileak. Hezkuntza eta Kultura zinegotzi Estibaliz Canto; Kultura eta Kirol diputatu Ana del Val; eta Alfonso Santiago, Azkena Rok jaialdiko zuzendaria

Eguna. Asteazkena, irailak 22

Ordua. 10:30

Tokia. Iradier Arena

——————————————–

Bidariekin BEIren lehen bidaia, Mugikortasunaren Astearen barruan Autorik gabeko Egunean

Parte hartzaileak. Vitoria-Gasteizko alkate Gorka Urtaran; Mugikortasunaren eta Espazio Publikoaren zinegotzi Raimundo Ruiz de Escudero; eta TUVISAko gerente María José Ajuriaguerra

Eguna. Asteazkena, irailak 22

Ordua. 11:00

Tokia. El Boulevardeko geltokia. Amaiera Mendizorrozako geltokian


Awake-Gasteiz hezkuntza-proiektuaren 8. edizioaren aurkezpena

Parte-hartzaileak: Gorka Urtaran, Gasteizko alkatea; Miren Fernández de Landa, Gazteria zinegotzia

Eguna. Asteazkena, irailak 22

Ordua: 18:00

Tokia: Alde Zaharreko Enpresen Zentroa.  Eskola kalea, 10

————————————————

Urrezko Zeledonen Saria 2020 Mikel Delikari

Parte-hartzaileak: Gorka Urtaran, Gasteizko alkatea; Estibaliz Canto, Hezkuntza eta Kultura zinegotzia

Eguna. Asteazkena, irailak 22

Ordua: 19:30

Tokia: Principal Antzokia

 

Share

Izaskun Iriarte Lurraldearen eta Klimaren aldeko Ekintzaren Saileko zuzendari berria

Izaskun Iriarte Irureta izango da urritik aurrera Gasteizko Udaleko Lurraldearen eta Klimaren aldeko Ekintzaren Saileko zuzendaria. Zuzenbidean lizentziaduna da– espezialitate juridiko-ekonomikoan–, egun Euskadiko Aholku Batzorde Juridikoko kidea, eta ibilbide luzea du administrazio publikoan, bai Euskadin bai Europan.

Tokiko Gobernu Batzarrak urriaren 15ean onetsiko du Izaskun Iriarteren izendapena. Iriarte Euskadiko Aholku Batzorde Juridikoko kidea da 2018tik, eta aurretik erantzukizun handiko postuak bete ditu Eusko Jaurlaritzako Ingurumen eta Lurralde Politika Saileko Administrazio eta Lurralde Plangintzako sailburuorde gisa. Horretaz gain, erantzukizuneko zereginak bete ditu Eusko Jaurlaritzako Justizia eta Administrazio Publikoaren Sailean, Lehendakaritzan eta Euskadik Bruselan duen ordezkaritzan.  Euskaraz eta gaztelaniaz gain, zuzendari berria ondo moldatzen da  ingelesez, frantsesez eta alemanez..  Era berean, hainbat arlotako masterra da eta hainbat unibertsitate-aintzatespen ditu.

Izaskun Iriarte Iruretaren Curriculum Vitae

Share

Ekonomia Sustapenaren, Enpleguaren… eta Euskara, Kultura … Batzordeak (2021-09-28)

Webgunean eskuragarri daude Ekonomia Sustapenaren, Enpleguaren, Merkataritza eta Turismoaren eta Sozietate Publikoen Batzordea irailaren  14an (asteartea), 9.00etan, egingo duen ohiko bilkuraren gai-zerrenda eta  Euskara, Kultura, Hezkuntza, Kirol eta Osasun Batzordea, 12.00etan, egingo duen ohiko bilkura gai-zerrenda

Share

300 atletak baino gehiagok hartuko du parte Gasteiz Duatloiaren I. edizioan

Kirol ekitaldien tokiko egutegian beste hitzordu bat dugu: urriaren 10ean Gasteiz Duatloiaren I. edizioa egingo da. Probak ikusmina sortu du, izan ere 300 pertsonak baino gehiagok eman du izena (federatuen kategoriakoak eta kategoria herrikoikoak batuta). Zazpi autonomia erkidegotako duatletek baieztatu dute oraindik dortsalak dituzten ekitaldi batean parte hartuko dutela, eta izena emateko epea urriaren 4an amaituko da.

Duatloi sprint distantziako Arabako txapelketa izango da, hau da, bost kilometro lasterka, 20 kilometro bizikletan, eta 2,5 kilometro oinez. Ibilbidea Salburuan zehar izango da. Buesa Arenatik irten eta bi buelta eman beharko zaizkio korrika 2,5 kilometroko zirkuituari.

Bizikleta gaineko proba sei kilometro baino zertxobait gehiagoko zirkuitu batean egingo da, eta 3 itzuli eman beharko zaizkio. Zurbanoko atearen ingurutik, Hezeguneen ibilbidetik eta Betoñuko industrialdetik igaroko da.

Kategoria herrikoiaren kasuan beste distantzia batzuk dira: 2,5 kilometro korrika (buelta bat zirkuituari), 13,4 kilometro bizikleta gainean (zirkuituari bi buelta) eta 2,5 kilometro korrika  (zirkuituari buelta bat).

Kirol eta Osasun zinegotzi Livia Lopezek aurekztu du Gasteizko lehen duatloia, eta berarekin izan dira probaren antolatzaile eta laguntzaileak: Mikel Garcia, La Blanca klubeko presidentea; Ander Pérez, Triatlon LEA La Blancako zuzendari teknikoa; Urko Herrán triatleta;  Ana del Val Kirol eta Kultura diputatua; eta Axier Urresti Vital Fundazioetako zuzendari exekutiboa.

Livia Lopezek azpimarratu duenez, Gasteiz Duatloiaren I. edizio hau kirola bizi duen hiriaren  beste erakargarrietako bat bihurtzen da, bereziki kaleko kirola, kirolerako  garairik onenetakoan. “Bakakigu pandemiak baldintzatu egin duela lehen edizio honen zirkuitua diseinatzeko, eta prebentzio-neurriak hartzeko orduan, baina, zalantzarik gabe, probak gorantz egingo du” adierazi du Kirol eta Osasunaren zinegotziak.

Federatuen mailan 250 pertsonak eta kategoria herrikoian 100 pertsonak hartuko dute parte, Covid-19ari dagozkion segurtasun-neurri guztiak beteko dituen ekitaldi honetan, Kategoria herrikoian 10:00etan abiatuko dira, eta federatuak bi ordu beranduago, hau da, 12: 00etan. Boxen gunea Buesa Arenaren kupularen azpian egongo da, eta parte-hartzaileak eta akreditazioa dutenak bakarrik sartu ahalko dira bertara. 14: 00etan amaitzea aurreikusten da.

Informazio gehiago: Web Duatlón Vitoria-Gasteiz

Share

12 kamera pertsonal eskuratu ditu Udaltzaingoak, arrisku- edo larrialdi-egoeretako esku-hartzeak grabatzeko

Bihartik aurrera, Udaltzaingoak 12 bideokamera pertsonal erabiliko ditu, Herritarren Segurtasunaren Sailak landutako erabilera-protokolo batean jasota dauden arrisku- edo larrialdi-egoerak grabatzeko.

Euskadiko Bideozaintza Batzordeak berriki baimendu dituen gailu horiek erabiliz, delituen prebentzioan eta jazarpenean aurrera egin nahi da, baita poliziaren lanari gardentasun handiagoa eman ere, segurtasun handiagoa emango baitie agenteei eta herritarrei.

“Esku-hartzeak grabatze hutsak momentuko tentsioa nabarmen murrizten laguntzen du. Disuasio-efektua du. Hala egiaztatu genuen duela zenbait hilabete egin genuen proba pilotuan. Bertan ikusi genuen kamerek lagundu egiten dutela egoera jakin batzuk azkarrago konpontzen, hain gatazkatsu ez izaten. Animoak baretzen laguntzen dute. Gainera, esku-hartzea grabatuta geratuko dela jakiteak segurtasun eta berme handiagoa ematen die herritarrari eta esku hartzen duten agenteei”, azaldu du Herritarren Segurtasuneko zinegotzi Marian Gutiérrezek.

Udaltzaingoak erositako 12 kamerak kalean lan egiten duten hurbileko patruilek diharduten segurtasun-eremuari izendatuko zaizkio. 160 gramo pasatxoko pisua dute, eta polizia-uniformeari lotuta joango dira; bateria-karga batekin, 8 bat orduz grabatu ahal izango dute.

Jarduketa-prozedura

Udaltzaingoak jarduketa-prozedura bat diseinatu du irudiak grabatu ahal izango diren egoerak finkatzeko, indarrean dauden lege eta araudietan xedatutakoaren ildotik. Hain zuzen ere, arrisku-egoeretan edo aparteko larrialdi-egoeretan aktibatuko dituzte agenteek bideokamerak.

Pertsonekin egiten diren esku-hartzeak grabatzekotan, jakinarazi egin beharko diete, datuak eskuratu, zuzendu, baliogabetu eta kontra egiteko eskubideez baliatzerik izan dezaten. Salbuespen bat egokitu daiteke: esku-hartzearen berehalakotasuna, konplexutasuna edo arriskua dela-eta aurretiko komunikazio hori ezinezkoa izatea. Kasu horretan, gerora jakinarazi beharko dute.

Grabazioen irudiak udal-zerbitzari batean gordeko dira, eta gehienez ere hilabeteko epean ezabatuko dira, non eta ez dauden lotuta segurtasun publikoaren arloko arau-hauste penal edo administratibo larriekin edo oso larriekin, abian den polizia-ikerketa batekin edo prozedura judizial edo administratibo ireki batekin.

Ekipamenduak berritzea

Herritarren Segurtasunaren Sailak agintaldi honetan ekipamenduak berritzeko abian jarritako estrategiaren parte dira kamerak, Udaltzaingoa baliabide hobeez hornitu nahi baita.

Ildo horretatik, 14 patruila-auto erosiko zirela  iragarri zen berriki —7 elektriko eta beste 7 hibrido—, 4×4 modelo batez gain, milioi bat euro pasatxoko aurrekontuarekin. Bestalde, balen kontrako txalekoak ere berritzen ari da Udaltzaingoa, eta motorzaleentzako kasko berriak ere erosi ditu, besteak beste.

Share

Atxilotua indarkeria erabiliz lapurreta egiteagatik

Udaltzaingoak 25 urteko gizonezko bat atxilotu zuen atzo Domingo Beltran kaleko establezimendu komertzial batean indarkeria erabiliz ustez lapurreta-delitua egiteagatik. Saltokitik hainbat botila olio lapurtu zuen. Establezimenduko segurtasuneko zaindariak kalean harrapatu zuen eta une hartan borroka gertatu zen. Haren ondorioz, zaindariak zauri arinak jasan zituen. Hala ere, lortu zuen polizia-patruila iritsi arte geldiaraztea eta atxikitzea.

38 urteko gizonezko bat atxilotu zuten atzo gidatzen ari zen bizikletaren jatorria ikertu nahian Udaltzaingoa egiten ari zen esku-hartzean udaltzainetako bati eraso egiteagatik. Patruila batek gelditzeko agindu zion Batxikabo kalean eta, galdekatzen zuten bitartean, ihes egiten saiatu zen ukabilkada bat emanez. Kolpeak udaltzainetako bat jo zuen eta, ondorioz, atxilotu egin zuten.

Udaltzainek atzo Donostiako epaitegi bateko errekisitoria judiziala zuen 56 urteko gizonezko bat atxilotu zuten. Agirrelandako polizia-etxean gertatu zen atxiloketa, udal-gordailuan zuen autoa ateratzeko asmoz joan zenean.

 

Share

Mugikortasunari buruzko belaunaldien arteko lantegi baten ondorioak aurkeztu dituzte udalean Gasteizko gazte eta helduek

Hiri lasai eta segurua lortzeko gakoei buruzko belaunaldien arteko lantegi baten ondorioak aurkeztu dituzte gaur udalean gazte eta adinekoek. Gorka Urtaran alkateak bertatik bertara ezagutu ditu adinekoentzako zentro soziokulturaletako eta Egibide ikastetxeko 20 bat lagunek Mugikortasunaren Europako Astea dela eta egin duten lantegiko hausnarketa eta eskabideak.

Koroatzeko BIZANeko Marcelina Llamasek eta Egibideko ikasle Sara Pérez Gómezek azaldu dizkiote alkateari hainbat alderdiren inguruan -espazio publikoa, bizikleta, garraio publikoa eta kotxea– ateratako ondorioak. Mintzaldian goraipatu egin dute Gasteizek azken 20 urteetan izandako bilakaera, eta hainbat hobekuntza-proposamen egin dituzte datozen urteetarako, bereziki azpimarratuz herritarrak mugikortasun iraunkorraren arloan kontzientziatzeko beharra.

 

 

Share

Beñat Etxepare antzokiak distira berreskuratuko du “Arteak hegoak ematen dizkigu” programarekin

9 proposamen eszeniko eskainiko zaizkie Gasteizko ikasleei 2021-2022 ikasturtean

“Arteak hegoak ematen dizkigu” izeneko 2021-2022ko programazioa aurkeztu du Gasteizko Iparralde gizarte-etxeko “Beñat Etxepare antzokiak. 9 proposamen eszeniko eskainiko ditu, hezkuntza-ziklo desberdinetako ikasleentzat. Hezkuntza eta Kultura zinegotzi Estíbaliz Cantok eta Teatro Paraisoren zuzendari Pilar Lopezek aurkeztu dute prentsaurrekoan.

“Urte konplexua izan dugu aurrekoa, Beñat Etxepare antzokiko programa deszentralizatu egin behar izan dugu arte eszenikoak hiriko ikastetxeetara hurbiltzeko, edukiera murriztu behar izan dugu, higiene-eta osasun-neurriak bete….  Ikaskuntza handiko urtea izan da….. baina orain  ilusioz betetako denboraldia dugu berriz ere, eta Beñat Etxepare antzokira itzuliko gara” adierazi du Estibaliz Cantok.

Teatro Paraíso taldearen eta udalaren antzoki sarearen ustez, eskolara itzultzeak kultura eta zuzeneko arteekin elkartzea ere ekarri behar du. Programa honek hiriko haur eta gazteen sormena pizten jarraitu nahi du arte eszenikoen hegoen bitartez. “Gure helburua hiriko kultur eskaintza erabiltzeko eta gozatzeko ohiturak sustatzea da oraindik ere, eta horretarako artea dugu oinarri”, adierazi du Pilar Lopezek.

Programa

Ikasturte honetako programazioan hezkuntza-ziklo desberdinentzako 9 proposamen eszeniko daude.

Bigarren Hezkuntzako 2. zikloko gazteek literaturak hiria eraikitzen nola laguntzen duen ikusteko aukera izango dute, eta dolua landuko dute bere alderdi guztietan. Horretarako hiru lan eskaintzen dira:  Viridiana Centro de Producción Teatralen ‘Amor oscuro’ (sonetoak)’, Teatro de Ponienteren ‘La loca historia de la literatura’ eta Pikor Teatroren ‘Triple salto’.

Lehen hezkuntzako ikasleek, berriz, emozioak deskubrituko dituzte Ekhi txikiaren beldurren eta horiek gainditzeko duen moduaren bitartez; gizabanako bakoitzak askatasunerantz duen bidea ezagutuko dute pailazo maitagarri baten eskutik; zoriontsu izateko zer behar den hausnartuko dute, eta zirku-teknikak baliatuta, liburutegi batean bizitzea nolakoa izango zen ezagutuko. Proposamen horietaz gain, badira ziklo horretarako beste hainbat ere: Marie de Jonghen ‘Ikimilikiliklik’, Panta Rheiren ’Corre payasa’, Teatro Paraísoren ‘Gizon Zoriontsuaren alkandora’, eta Zirkozaurreren  ‘Vademekun’.

Haur Hezkuntzako ikasleei dagokienez, egunerokotik gure irudimenaren alde sakonerainoko bidea egingo dute, eta behaketa eta esperimentazioa landuko dute Teatro Paraisoren bi lanekin (Nomadak eta Leihoak).

Bertaratuen segurtasuna bermatzearren, neurri orokorrak eta partikularrak hartuko dira, prestakuntza-zikloaren arabera.

Erreserbak egiteko epea irailaren 13an hasi zen.Sarrerek 5 euro balio du (irakasleentzat doakoa).

 Bestelako ekintzak

Gasteizko alfabetizazio artistikoa sustatzea xede, Teatro Paraisok  Europako POCTEFA – Mind the Gap proiektuan parte hartzen du  2018tik, eta, hori dela eta, bestelako ekintza ugari ere izaten dira Beñat Etxeparen.

Horietako batzuk irakasleentzat izaten dira: aurkezpenetarako kafeak, lantegi didaktikoak, lantegi-klaustroak, arte- eta hezkuntza- ikastaroak, eta gida didaktikoak. Beste batzuek, ikusleentzako sari ezagunak, esaterako, ikusle gazteen begirada kritikoan jartzen dute arreta. Horretaz gain, beste ekintza hauek era badira: Vital Antzerki programa, Agertokira! programa, Unesco Etxearekiko lankidetza, proiektu artistikoetarako egoitzak, eta bitartekaritza artistikoari buruzko mintegia.

 Azpimarratu egin nahi dut Teatro Paraisoren eta Udal Antzoki Sarearen ahaleginaren emaitza islatu egiten dela gure agertokietara bertaratutako jende kopuruan, baita Gasteiz Hiri hezitzailearen proposamen eszenikoek ikasturte honetan izan duten eskarian ere, izan ere aurreikuspen oro gainditu ditu, eta uste dut Beñat Etxepareren kasuan ere horrela izan dela“, azpimarratu du Hezkuntza eta Kultura zinegotziak.

 

 

Share