Prentsa Oharren banner

Prentsa-deialdiak (2021-09-07)

Prentsaurrekoa. Magialdia, Vitoria-Gasteizko Nazioarteko Magia Jaialdia aurkeztea

Parte hartzaileak. José Ángel Suárez, Magialdiako zuzendaria; eta Jose Oscoz, antolatzailea

Eguna. Asteartea, irailak 7

Ordua. 11:00

Tokia. Teatro Principal Antzokia

Share

IronManaren itzulerak berekin ekarriko du hirian kirolak pultsua berreskuratzea, bultzada ematea

Era guztietako kirol-ekitaldiak egiteko aparteko hiria dela Gasteiz, nabarmendu du alkateak

 

Datorren igandean, irailak 12, IronMana izango da berriro Gasteizen, pandemiak ekarri zuen parentesiaren ondoren. Montehermoso kulturunean izan den aurkezpen-ekitaldian, ongi etorria eman diote probari erakundeetako ordezkariek eta probaren zuzendaritzako kideek lehen mailako kirol ekitaldiari.  “IronManaren itzulerak” —nabarmendu du Gorka Urtaran alkateak— “berekin ekarriko du hirian kirolak pultsua berreskuratzea, bultzada ematea. Aparteko hiria da Gasteiz, era guztietako kirol-ekitaldiak egiteko, baita nazioarte proba hau ere.”

Kontuan izanik egoera sanitarioa, Covid-19aren pandemia artean ez baita guztiz desagertu, aurten bizikleta- eta lasterketa-probak ez dira hirigunean egingo, Eraztun Berdean barrena baizik. Gainera, zenbait murrizketa izango dira, aurreko urteen aldean, araudi sanitarioa betetzen dela bermatze aldera. Ahalegin handia egin dute antolatzaileek horretara egokitzeko, eta proba berriro ere arrakastatsua gertatzea espero da.

Oraingo honetan, mila lagunek parte hartuko dute; beste horrenbestek dihardute antolakuntza-lanetan, horietatik % 10 boluntarioak. Datorren urterako normaltasuna berreskuratzea espero da, eta dagoeneko 3.000 pertsonek izena eman dute. Uztailaren 10ean da.

 

 

Share

EAJ, PSE-EE, PP eta Elkarrekin taldeen adierazpena, PPko kide batek jasandako erasoa dela eta

Gasteizko Udalak gaitzetsi eta arbuiatu egiten du PPko kide Ander García Oñatek joan den larunbatean bere ideologia politikoagatik jasan zuen erasoa. Gertakari horiek ez dute inolaz ere hiriaren irudia ematen; bizikidetza, tolerantzia eta aniztasunaren errespetua baitira berorren ezaugarriak.

Udalak gertutasuna eta babesa adierazten dio erasoa jasan zuen gazteari eta alderdikide guztiei.

Share

Bi positibo alkoholemia-kontroletan

Asteburuan alkoholemiaren prebentziozko 7 kontrol egin dituzte. Horietan, 100 gidari inguruk egin dituzte alkoholemiako eta drogen probak. Haietako bik emaitza positiboa eman eta bide administratibotik salaketa jaso dute.

Ostiraletik, irailaren 3tik, hogeita lau zirkulazio-istripu gertatu dira eta zazpi zauritu izan dira istripu horietan.

Sei edukiontzi erreta

Asteburuan zehar suhiltzaileek esku hartu behar izan dute hainbat kaletan dauden zazpi edukiontzietan sua itzaltzeko: Nazio Batuen hiribidea, Billar. Fermin Lasuen, Vicente Manterota, Ballester Apezpikua, Larrabazterra eta San Antonio. Horietako bi kaleetako garrek zuhaitz eta bizikleta bat kaltetu zituzten.

 

 

 

Share

Gasteizen hasi dira 20 markesina berri jartzeko lanak

Gasteizen hasi dira 20 markesina berri jartzeko lanak Europa Jauregiko geralekukoarekin. Hiriko hiri-altzarietako publizitatea ustiatzeko kontratuaren baitako lanak dira. Proiektua, besteak beste, Arabako hiriburuko markesinak berritu eta modernizatzeko, eta Vitoria-Gasteiz Smart Green City Plana garatzen jarraitzeko sustatu da.

Iragarri zen bezala, kontratu honen bitartez tamaina handiko pantaila digitala duten 20 markesina berri jarriko dira, baita geralekuko 47 argibide-gune berri ere. Horrelako kontratuetan ohikoa denez, enpresa adjudikaziodunak inbertsio handia egin beharko du hiri-altzarietan (ia bost milioi euro), eta Udalari kanon bat ordainduko dio espazio publikoa erabiltzeagatik. Kanona 113.000 euro izango da, eta urtero eguneratuko da kopurua. Horren truke, markesinetako eta kontratuan aurreikusitako hiri-altzarietako publizitate-ustiapena kudeatuko du adjudikaziodunak; dena den, udalaren publizitaterako tarteak ere erreserbatu beharko ditu. Udalak kalkulatu du 13 urterako kontratuaren prezioa 28 milioi eurotik gorakoa dela, inbertsioa eta altzarien mantentzea barne.

Markesinei dagokienez nabarmendu beharra dago Patxi Mangado arkitekto nafarraren jatorrizko diseinuarekin jarraitzea erabaki dela, dagoeneko Gasteizekin identifikatzen den diseinu modernoa eta funtzionala dela iritzita. 20 markesina berriek, dena den, tamaina handiko —82 hazbeteraino— LCD pantaila digital bana izango dute; pantailek eguneko 24 orduetan eta asteko 7 egunetan funtzionatuko dute. Erasoen kontrako eta eguraldi txarretik babesteko elementuak ere izango dituzte. Konektagarritasunari dagokionez, Ethernet, 3G/4G, Bluetooth, Wifi eta NFC teknologiak baliatzeko prestatuta egongo dira.

Orobat, geralekuko 47 argibide-gune (TFT pantailekikoak) instalatzea barne hartzen du kontratuak, eta kontratuan sartutako altzari guztien metalezko egitura eguneratzea. Gaur egun, honako elementu hauek daude Gasteizen: 222 markesina hirian eta industrialdeetan, eta beste 28, kontzejuetan; 178 MUPI; 10 komun; 20 erloju-termometro; 96 zutoin, autobus geralekuetan; 17 zutoin, taxi geralekuetan, 53 informazio-panel, eta geralekuko 98 argibide-gune.

 

Share

Udal Musika Bandak gure zibilizazioen Historian barrena bidaia egitera gonbidatuko gaitu datorren denboraldian

Irailaren 8an hasiko da abonamenduen salmenta

 

‘Haec Est Victoria Quae Vincit’ (irabazten duen Garaipena’) izenburupean, abonamendu-denboraldi berria aurkeztuko du Gasteizko Udal Musika Bandak; bertan 7 emanaldi eskainiko ditu Bandak irailetik maiatzera, Principal antzokian, arratsaldeko 19:30ean.

Hezkuntza eta Kultura zinegotzi Estíbaliz Canto eta Udal Bandaren zuzendari Luis Orduña izan dira zikloa aurkezteko prentsaurrekoan. “2021-22 denboraldian gure zibilizazioetako Historiaren zati bat ezagutuko dugu, eta iraganaz, orainaz eta etorkizunaz jardungo dugu. Iraganeko kultura jakin batzuetara joko dugu –baskoiak, zeltak, erromatarrak…– eta gure gizarteraino iritsiko gara”, esan du Cantok.

Orduñak azpimarratu duenez, “denboraldiko kontzertu bakoitzak esapide ezagun bat izango du izenburu, eta bakoitzak unibertso desberdin batera eramango gaitu, bakoitzean historio desberdin bat kontatuko baitugu”.

Hartara, zikloa irailaren 29an hasiko da, asteazkenez, ‘Alea iacta est’ (‘Zotzak boteak dira’) izenpean, eta bertan María Hinojosa sopranoa eta Moisés Évora narratzailea arituko dira. Azaroaren 24an emakume bat gonbidatuko Bandak, zuzendari lanetarako, Margarita Lorenzo, zeinek ‘Veni, vidi, vici’ (‘Etorri, ikusi eta garaitu, dena bat’) izeneko kontzertua gidatuko baitu. Eta abenduaren 22an Steven Lin izango da Principalen, pianoaren aurrean; Udal Bandarekin batera ‘In perpetuum’ (`Betirako’) programaren baitako piezak joko ditu.

2022ko urtarrilaren 26an ‘Desideratum’ (‘Desiratzen dena’) izeneko programa eskainiko du Bandak, Pablo Urbina zuzendari gonbidatu hartuta, eta otsailaren 9an ‘Ad infinitum’ (‘Mugarik gabe’) izenekoa, Ibon Ariznabarreta flauta-jotzaile bakarlariaren laguntzarekin.

Martxoaren 16an abonamendutik kanpoko kontzertua izango da, ‘Errare Humanun est’ (‘Gizakion ezaugarria da huts egitea’) izenpean; Bandaren alboan Kloy raperoa, DJ Parrucho, Sofía Martínez konpositorea eta Gasteizko Arte eta Lanbide Eskola arituko dira. Kohntzertu horretarako sarrerak eguna iritsi ahala erosi ahalko dira.

Eta Gasteizko Udal Musika Bandaren 2021-2022 abonamendu-denboraldia maiatzaren 11n amaituko da, ‘Carpe diem’ (‘Goza ezazu momentua’) kontzertuarekin, Javier Bonet tronpa-jotzaile bakarlari arituko delarik.

Irailaren 8ko 17.30ean (asteazkena) jarriko dira salgai 6 kontzertutarako abonamenduak, 24 euroan, eta sarrera solteak, berriz, irailaren 22tik aurrera erosi ahal izango dira, 5 euroan. Principal antzokiaren ohiko salmenta-bideak baliatuz erosi ahal izango dira.

Egun horretan berean jarriko dira salgai 2020ko Urrezko Zeledonen Galarako (zein irailaren 22an egingo baita) sarrerak. Sarrera horiek 3 euro balioko dute.

Informazio gehiago: www.vitoria-gasteiz.org/banda

Share

Xtraclubek irailaren 14an irekiko du epea gazteentzako aisialdi eta denbora libreko jardueretan izena emateko

Gasteizko Udaleko Gazteria Zerbitzuak Xtraclubaren 2021eko udazkena-negua denboraldirako programazioa jarri du abian. Aisialdi, kultura, abentura eta kirolarekin lotutako 35 jarduera eskainiko ditu orotara, formatu ezberdinetan: lantegiak, gaikako ikastaroak, abentura irteerak, erakustaldiak eta kultur bidaiak. Guztira 662 leku dira, 12 urtetik 18 urtera bitarteko gazteentzat. Irailaren 14an irekiko da izena emateko epea, 8:30ean.

Gazteria Zerbitzuaren helburua da 12-18 urte bitarteko gazteei asteburuetan eguneko aisialdirako eskaintza egitea, aisialdi positiboa sustatzeak gazteen identitatea eraikitzen lagunduko duelakoan, baita arrisku-jokabideak prebenitzen ere. Aisialdi ludiko, hezitzaile eta osasungarria eskaintzen da, eta gazteei sozializaziorako eta elkartzeko aukera ematen.

Denboraldi honetarako programatutako jardueren artean, argazkilaritza, dantza urbanoa, kantua, parkour eta komiki ikastaroak mantendu dira, eta berritasun gisa, k-pop koreanoa eta lineako patinaje artistikoa. Orobat, 14 lantegi egingo dira gizarte-etxeetan, askotariko gaiez eta material mota ugari baliatuz.

Abentura jarduerek naturaren erdian aritzeko aukera eskaintzen dute: hipika hondartzan, surfa, kayak, zuhaitz zirkuituak, rokodromoa, mendi ibilerak,  bizikletaz ibiltzeko bide berdeak…

Hiriko irteerek(kart-ak, ihes-gela, puzgarrien ginkana,…) eta hiritik kanpoko kultura bidaiek ere (Santanderreko badia itsasontziz, “Egun bat zaldi baten bizitzan”, “Donostiako termak”, …) presentzia nabarmena izango dute.

Jarduera horietaz gozatu ahal izateko, Covid-19aren aurreko kontingentzia plana mantenduko da, zeinak Xtraclub programako aisialdi eta denbora libreko jarduerak segurtasunez egin ahal izateko protokoloak eta prebentzio-neurriak biltzen baititu.

Web-orrian (www.vitoria-gasteiz.org/xtraclub) dago eskuragarri Xtraclub programazioari eta Covid-19aren aurreko kontingentzia planari buruzko informazio guztia.

Internetez www.vitoria-gasteiz.org/xtraclub, telefonoz (010 eta 945 161080) edo zuzenean (OMIJen, gizarte-etxeetan eta udal kiroldegietan) eman ahalko da izena.

Xtraclubeko jardueretan parte hartzeko baldintzak:

– Herritarren Udal Txartela (HUT) indarrean izatea; doan lortu daiteke herritarrei laguntzeko bulegoetan. Udalaren kirol instalazioetako bazkideek % 40ko deskontua izango dute jardueren prezioan.

– Irailaren 14tik aurrera eman ahalko da izena, gehienez ere hiru jardueratan. Leku hutsik geratzen bada, 2021eko irailaren 21etik aurrera hiru jardueratan baino gehiagotan izena emateko aukera emango da.

Share