Prentsa Oharren banner

Prentsa-deialdiak (2021-09-17)

Liburu Merke eta Aukerakoen Azoka aurkeztea

Parte hartzaileak. Hezkuntza eta Kultura zinegotzi Estíbaliz Canto; eta Euskadiko Liburu Ganbarako arduradun Asier Muniategi

Eguna. Ostirala, irailak 17

Ordua. 09:30

Tokia. Urrezko Zeledonen plaza (azokako postuetan)

Share

(Argazkiez eguneratuta) Azken 20 urteotan konkistatutako espazio publikoaren aldarrikapenarekin hasi da Mugikortasunaren Europako Astea, Gasteizen

– Enara Barón artista lokalaren performance bat izan da Andre Maria Zuriaren plazan, zeinetan autorik gabeko espazio publikoen onurak bistaratu baitira

– Bi hamarkadaz, eraldaketa handien probaleku izan da Mugikortasunaren Europako Astea —Antso Jakitunaren kalea, Foru kalea, San Frantzisko aldapa, San Antonio kalea eta Tornay Medikuaren kalea, besteak beste—

Gorka Urtaran audioa

Gaur hasi da Mugikortasun Iraunkorraren Europako Astea —irailaren 22ra arte iraungo du—, zein, Gasteizen bezala, kontinenteko 2.500dik gora hiritan ospatuko baita. Arabako hiriburuaren kasuan, jarduera-programari ekin zaiolarik, ibilgailu pribatuari irabazitako espazio publikoak desplazamendu-modu iraunkorragoen aldeko lanean azken bi hamarkadetan bereganatu duen garrantzia aldarrikatu nahi izan da.

Mezu horrekin, Enara Baron artista lokalak esku-hartze bat egin du, atzo —neurri bereko espazio huts batekin batera— Andre Maria Zuriaren plazan jarri zen auto baten gainean. Hiriko mugikortasun iraunkorrari buruzko ilustrazioekin itxuratu da autoa, esku-hartzean. Espazio publikoaren ‘konkista’ hori erakusteko balio izan du ekintzak.  Eta espazio hutsean hainbat objektu jarri dira, ibilgailuei irabazitako kale eta plazetan herritarrek egin ahal dituzten jarduera ugarietako zenbait irudikatzeko. “Arlo horretan egindako aurrerapenak bistaratzeko modu bat da: oinezkoentzako alderdiak, superetxadiak, zirkulazio baretuko 30 zonak, irisgarritasunaren eta garraio publikoaren arloko hobekuntzak eta bizikletaz ibiltzeko azpiegitura berriak. Auto batek hartzen duen lekuan oinezko ugari sar daitezke, haurrak jolastu; sar daitezke bizikleta gehiago, ostalaritza-terrazak, merkataritza-espazioak…”, adierazi du Gorka Urtaran alkateak.

Hurrengo egunotan, hainbat jarduera izango dira Mugikortasunaren Europako Astearen barruan, hirian. Nabarmentzekoak dira bihar hiriaren erdialdean barrena espazio publikoan izandako aldakuntzak deskubritzeko egingo den oinezko martxa, Biktimen Memorialaren ondoan egingo den azoka —mugikortasunaren eta osasunaren inguruko hainbat lantegi eta jarduerarekin— eta BEIk bidaiariekin egingo dituen lehen ibilbideak, hilaren 22an. Mugikortasun iraunkorrari buruzko web-mintegi bat ere egingo da, hilaren 20an. Besteak beste, mugikortasun iraunkorraren arloko aditua den Salvador Ruedak parte hartuko du. Udalaren webgunean kontsulta daitezke jarduera guztiak. Orobat eman daiteke izena bertan.

Mugikortasun iraunkorrak 20 urte

Hain zuzen ere, 20. urtea du aurten Mugikortasunaren Europako Asteak. Gasteizen, herritarrak modu iraunkorrean mugitzearen garrantziaz sentsibilizatzeko aukera eman du, baita neurri eta jarduketa berriak probatzeko ere, Udalak gauzatu aurretik. Eraldaketa handiak izan baitira, hala hola Antso Jakitunaren kalean, Foru kalean, San Frantzisko aldapan, San Antonio kalean eta Tornay Medikuaren kalean, besteak beste.

Mugikortasun iraunkorraren politika garatzeko funtsezko tresnetako bat izan da Mugikortasunaren Europako Astea, eta hiriko Espazio Publikoaren eta Mugikortasun Iraunkorraren Planaren aliaturik onenetako bat. Aldaketa asko bultzatzeko erakusleihoa izan da, eta eraginkorrak eta ikusgarriak suertatu dira aldaketa horiek, eta Estatuan nahiz atzerrian goraipatu izan dira.

Europako Batzordearen ekimenak 20. urte bete dituen honetan, bada mugikortasun iraunkorraren aldaketak herritarren osasunaren hobekuntzarekin lotzen dituen goiburu komun bat: ‘Zure osasunagatik, mugi zaitez modu iraunkorrean’.

 

 

Share

Atxilotua udaltzain bat jotzeagatik

Udaltzainek atzo arratsaldean 52 urteko gizonezkoa atxilotu zuten agintaritza-agenteen aurkako atentatuaren delituaren ustezko egilea izateagatik. Atxilotua Adriano VI.aren kalean bizikleta gidatzen ari zen modu arduragabean. Bertan, ibilgailuen zirkulazioko bideak ustekabean hartu zituen eta, ondorioz, bideko erabiltzaileei arriskua eragin.

Udaltzaingoko patruila batek ikusi zuen gertatutakoa, eta gelditzeko agindu. Une hartan, ihes egiten saiatu zen, baina ez zuen lortu eta handik metro  batzuetara harrapatu zuten.

Udaltzainak esku hartzen ari ziren bitartean, gizonezkoak berriro ere galtzada hartu eta ihes egiten saiatu zen. Une hartan, udaltzainetako bat kolpatu eta bultza egin zion eta, ondorioz, atxilotu eta Agirrelandara eraman zuten.

 

Share