Prentsa Oharren banner

Prentsa-deialdiak (2021-09-28)

Prentsaurrekoa. ‘Plató’ antzezlana aurkeztea

Parte hartzaileak. Aritz López, Helena Wilhelmsson, Samuel Metcalfe eta Danel Ibisate, antzezleak; eta Udal Antzoki Sareko arduradun Marta Monfort

Eguna. Asteartea, irailak 28

Ordua. 11:00

Tokia. Teatro Principal Antzokia

Share

Urriaren 6an eta 7an, Iradier Arenak Gasteiz On-en udazken-neguko pasarela hartuko du

Ekitaldiak edukiera handituko du, eta joeren desfilea berreskuratuko

Iradier Arenak hartuko du Gasteiz On merkatari-elkartearen udazken-neguko pasarela; bi edizio kanpoaldean egin ondoren (duela urtebete Floridan eta aurreko udazkenean Arkupeetan) berriro ere leku itxi batean antolatu da. Urriaren 6an eta 7an hartuko du Triana zubiaren ondoko ekipamenduak ekitaldia, egunean emanaldi bakarra eginez, 20.30ean. Hauek aurkeztu dute jarduera prentsaurrekoan: Igor Salazar, Gasteizko Udaleko Merkataritza zinegotzia; Elena Moreno, Eusko Jaurlaritzako Merkataritza zuzendaria; Felipe García, Arabako Foru Aldundiko Enplegu, Merkataritza eta Turismo Sustapenaren zuzendaria, eta José González Baloira, Gasteiz On-eko zuzendaritza-batzordeko kidea eta merkataria.

Horrela, pasarelak beste pauso bat emango du pandemiaren aurreko formatua berreskuratzeko. Batetik, egun bat gehitzeaz gain, leku itxi batera itzuliko da; bestetik, edukiera handitu ahalko du, eta atzera itzuliko dira joeren desfileak, osasun murrizketak zirela eta bertan behera utzi behar izan baitziren. Orotara 24 dendak lagako dituzte jantziak, oinetakoak eta osagarriak udazken-neguko denboraldi honetan zer eramango den erakusteko.

Pasarelak irauten duen bi egunetan, diseinatzaile berrien eta saltokien proposamenak ikusi ahalko ditu publikoak. Tokiko merkataritzaren desfileetan bederatzi establezimenduk hartuko dute parte: Baskonia Alavés Experience, Galerías Xara Dor&Dor, Ríos Moda, Moda María Jesús, Urbieta, Barbour, Cariella by Carmen Guinea eta Atelier Vitoria. Bestetik, diseinatzaile berri hauen lanak erakutsiko dira: Nuna, Fanny Alonso, Borja Hernández eta Marcos Villafruela.

Interesdunek Kulturabizia.eus web-orrian lortu ditzakete gonbit-txartelak. Bertaratuak hainbat opariren zozketan sartuko dira; desfileak zuzenean ikusterik ez dutenek www.pasarelagasteizon.com web-orriaren bitartez jarraitu ahalko dituzte, eta Gasteiz On-en sare sozialetan.

 

 

 

 

Share

Irailaren 29an  (asteazkena) ‘Alea Iacta est’ kontzertua eskainiko da Principal antzokian, 19:30ean

Udal Bandaren abonamenduko lehen kontzertuan María Hinojosa sopranoak eta Moisés Évora narratzaileak hartuko dute parte.

Gasteizko Principal Antzokiak Udal Musika Bandaren abonamenduko lehen kontzertua hartuko du datorren asteazkenean, irailak 29, arratsaldeko zazpi eta erdietan: ‘Alea Iacta est’ du izenburu (“Zoria jokatua dago”). Luis Orduña zuzendariak María Hinojosa sopranoa eta Moisés Évora narratzailea gonbidatu ditu oraingoan.

Gasteizko taldeak lau pieza joko ditu lehenengo aldiz: ‘Stonage’, Sara Galianarena; ‘Rubicon’, Bert Appermont-ena; ‘The book of Urizen’, Jacob de Haan-ena, eta ‘Gioia’, Saül Gómezena. Azkenaren bandarako bertsioaren erabateko estreinaldia izango da, gainera.

Kontzertua aurkezteko prentsaurrekoan Luis Orduña, María Hinojosa eta Moisés Évora izan dira; Gasteizko publikoa kalitateko hitzordu horretara joatera animatu dituzte, sarrera gehiago jarri baitira salgai Eusko Jaurlaritzak onetsitako edukieraren handitzeari esker.

 

Zuzendariaren oharrak

“Alea iacta est, alegia, zoria jokatua dago. Julio Zesar enperadoreak esan zuen esaldi ospetsu hori, haren armadak Rubicon ibaia —Erroma eta Galiaren arteko muga naturala— zeharkatzera zihoazenean. Ez zait aipu hoberik bururatzen gure eserlekuetatik historian zehar bidaiatzera gonbidatzen gaituen denboraldi hau hasteko, historiaurretik Aro Modernoraino, Antzinarotik igaroz, haitzuloetako gizakiengandik hasi eta  William Blake britainiarraren XVIII. mendearen amaierako testuetaraino.

Kontzertua estreinaldi baten “pozarekin” hasten da: Saül Gómez valentziar musikagilearen ‘Gioia’ lana, hitz horrek “poza” esan nahi baitu italieraz. Ondoren, bidaia zorabiagarria egingo dugu, Harri Arotik hasita, Sara Galiana konpositore gaztearen ‘Stonage’ lanarekin.

‘Stonage ‘lanak irabazi zuen Eibissa hiriko Musika Patronatuak  ‘Ciutat d ‘Eivissa’ banda sinfonikoaren 25. urteurrena dela eta deitutako I. Konposizio Lehiaketa. Gizakiak Harri Aroan egindako bidea kontatzen du. Izan ere, zibilizazio gisa gure historiako gertakaririk garrantzitsuenetako bat izan zenak aro berri bat ireki zuen: musikaren sorrera, instrumentu bakun eta primitiboenen bidez. Musikak haitzuloetako gizakiarekin batera eramango gaitu, glaziazioak gainditzen eta bere kidekoekin batera etxetzat hartuko duen leize-zuloan tribu sedentario gisa finkatzen den bitartean.

Saioak Bert Appermont belgikarraren ‘Rubicon’ lanarekin jarraituko du. Rubicon Italia ipar-ekialdeko ibai labur bat da, uholde-erregimena duena; Forlì-Cesena probintziatik igaro eta Adriatikoan itsasoratzen da. Dirudienez, izena uraren koloretik dator, eskualde buztintsu batetik igarotzen delarik errubi kolorez tindatzen baita. Hura gurutzatzea Erromako Errepublikako Bigarren Gerra Zibilaren detonatzailea edo casus belli izateagatik sartu zen historian ibaia. Izan ere, Galiako gobernadorearen boterearen muga zedarritzen zuen, ezin baitzen Italian sartu, legez kanpo egin ezean. Kristo aurreko 49. urteko urtarrilaren 11tik 12rako gauean, K. Julio Zesar une batez gelditu zen Rubiconen ertzean, zalantzaz josia, ibaia gurutzatzea legez kontrako zerbait egitea baitzen, Errepublikaren etsai bihurtzea eta gerra zibila piztea.

Suetoniok”Hamabi Zesarren bizitza” lanean dioenez, Julio Zesarrek ibaia zeharkatzeko agindua eman zien bere tropei, latinez “Alea iacta est” (“zortea botata dago”) esanez. Gertaera horretatik dator “Rubicon ibaia gurutzatu” esapidea, zeinak adierazten baitu ondorio arriskutsuak izan ditzakeen enpresa bati ekitean ez dagoela atzera egiteko aukerarik.

Kontzertua ‘The book of Urizen’ (“Urizenen liburua”) lanarekin amaituko da; kontzertu-bandarako, soprano bakarlariarentzako eta gizonezko narratzaile batentzako obra da, non adierazpen erlijiosoen soinu collageak erabiltzen diren. William Blake (1757-1827) ingelesaren izen bereko olerki bisionario sinesgarrian inspiratzen da pieza; olerkariak berak ilustratu zuen lana, eta mendebaldeko literatura eta arte bisualetan aparteko lekua du. Poeta eta idazlea ez ezik, artista grafikoa, margolaria, ilustratzailea, espiritista, erlijio bisionarioa eta filosofo mistikoa ere izan zen. Urizenen Liburuak Genesiaren eta Irteeraren antza du, eta haren edukiak kristau, judu eta islamiar fedearen oinarria dira. Blakek bat egin zuen erlijio guztiak egiazki bat direla eta jainkoak gizakiengan bizi direla dioen printzipioarekin. Urizenen liburuan, Urizenek lurraren gainean hedatzen duen”erlijioaren sareak” irudikatzen du ideia hori. Jacob de Haan-ek estudioan bildutako soinu-collageen jatorria Jerusalemen dago, Hiri Santuan, bertan “elkartzen” baitira aipatutako kredoak.

 

Informazio gehiago

 

ALEA IACTA EST (Zoria jokatua dago)

 

Share

Kondena urratzeagatik atxilotua

Udaltzaingoak ostiral gauean 25 urteko gizonezko bat atxilotu zuen senide batengandik aldenduta egotera behartzen duen kondena urratu izanaren ustezko egilea izateagatik.

Pertsona hark jakinarazi zion Udaltzaingoari gazte hura Zabalgana auzoko bere etxebizitza inguruan zegoela. Udaltzainek atari barruan topatu zuten eta, agindua indarrean zegoela baieztatu ondoren, atxilotu egin zuten. Epailearen esku utzi zuten ondoren.

Era berean, larunbatean, 41 urteko gizonezko bat atxilotu zuten udaltzainek bere aurkako errekisitoria judiziala zegoelako. Hiritarren segurtasun-lanak egiten ari zen patruila batek Pio XII.a kalean topatu zuen edari alkoholdunen edo substantzia estupefazienteen eraginpean egotearen zantzu argiekin eta aparkatuta zegoen ibilgailu bat gidatzeko asmoarekin. Identifikatu zutenean, Gasteizko epaitegi bateko atxilotze-agindua zutela egiaztatu zuten. Ondorioz, agindua gauzatu zuten.

Share

HEI-Herritarrentzako Eskola Irekiak urriaren 6an ekingo dio ikasturte berriari, Gervasio Sánchez kazetariarekin

  • Bihartik aurrera (asteartea) eman ahalko da izena doako jardueretarako

Urriaren 6an hasiko dira HEI-Herritarrentzako Eskola Irekiaren barruko jarduerak, Gasteizko Udaleko Herritarren Partaidetzaren Zerbitzuak antolaturik. Europa biltzar-jauregian egingo da inaugurazioa, Gervasio Sánchez kazetari ezagunaren eskutik. Herritarren Partaidetzaren, Gardentasunaren eta Gizarte Etxeen zinegotzi Borja Rodríguezek eta Vital Fundazioaren zuzendari Arantxa Ibañez de Opacuak aurkeztu dute gaur hiruhilekorako programazioa prentsaren aurrean.

Vital Fundazioaren zuzendari Arantxa Ibáñez de Opacua izan da aurkezpenean zinegotziarekin batera, entitate horrek HEI Txiki Vital programan esku hartzen baitu; familia eta umeentzako lantegi, ikastaro eta bisitak eskaintzen ditu aipatutako programak.

Herritartasunerako Eskola Irekia duela bost urte jarri zen abian, eta aurreko agintaldian Herritarren Partaidetzaren Udal Planaren baitan adostutako jardueretako bat da. Dagoeneko sendotuta dago udalaren programazio egonkorraren barruan eta nazioartean ere Hiri Hezitzaileen Sarearen aitorpena jaso du programak, erreferentziazko bihurtu baita beste hiri askorentzat.

Kopuruek ere bultzada eman diote HEIari. Izan ere, aurreko ikasturtean antolatutako 30 jardueratan baino gehiagotan 1.692 pertsonak hartu zuten parte aurrez aurre zein streaming bidez (online, denbora errealean). Horrek esan nahi du aurreko ikasturteko datuei eutsi zaiela, pandemia gorabehera. Kopuru horri gehitu behar zaizkio hitzaldi garrantzitsuenek youtuben izandako ikustaldiak (1.700etik gora), eta Eskolaren web-orriak jaso dituen bisitak (6.500etik gora); azken horretan bada egindako jarduerak biltzen dituen liburutegi digital bat.

“Herritartasunerako Eskolak eztabaida, hausnarketa eta kritikatzeko gaitasuna sustatzen laguntzen du. Udaleko Partaidetza Zerbitzutik, eta HEIaren programaren bitartez, herritarrei udal politikaren funtzionamendua hurbildu nahi diegu, kolektibo guztiei irakurketa zabaldu, modu inklusiboan, eta eguneroko bizitzan pertsonen arteko komunikazioa erraztu, besteak beste”, azaldu du Borja Rodríguez zinegotziak.

“Aurten, berritasun gisa, Udalarekin batera arituko gara Gasteizko elkarteen lana aitortu eta sustatzeko. Vital Fundazioari biziki interesatzen zaio ekimen hori, historikoki oso harreman estua izan baitugu Arabako elkarteekin, arlo guztietan. Hasteko, elkarteekiko topaketa antolatuko dugu, 2022rako jardunaldi batzuk prestatzearren”, nabarmendu du Vital Fundazioaren zuzendari Arantxa Ibáñez de Opacuak.

Ikasturte honetan ere hiruhilekoen arabera antolatuko da programazioa, aktualitateari eta herritarren eskariei egokitzeko malgutasun handiagoa ematen baitu. Horrenbestez, jarduera hauek antolatu dira urritik abendura bitartean, besteak beste:

  • Urriaren 6an, ikasturtearen inaugurazioa egingo da, Europa jauregian; Gervasio Sánchez kazetari grafikoak emango du hasierako hitzaldia, “Conflictos eternos” izenburuaren pean.
  • Urrian ere, bizarte trebetasunen alorrean, “Eguneroko bizitzari aplikatutako sormena” lantegia emango du Virginia Imazek.
  • Gainera, hizkera argian eta irakurketa errazean sentsibilizatzeko lantegia eskainiko zaie elkarteei bereziki, eta beste bi lantegi antolatu dira proiektuak zabaltzen eta komunikatzen ikasteko. Azaroaren 9an, berriz, elkarteen topaketa egingo da, 2022an elkarteei buruz egitekoak diren jardunaldiak prestatzeko.
  • Azaroan, orobat, informazio-hitzaldiak antolatu dira herritarrei udal gai batzuk era ulergarrian jakinarazteko, esaterako, galdera hauekin lotutakoak: “Zer zerga ordaintzen ditugu Gasteizen? Zertan erabiltzen du Gasteizek udal-aurrekontua?”
  • Azaroaren 18an, bestetik, zine-foruma egingo da Miss Marx filmari buruz, Berdintasun Zerbitzuarekin batera.

Web-orri honetan kontsultatu daiteke jardueren agenda: HEI-Herritartasunerako Eskola Irekiaren jarduerak. Antolatutako jarduera guztiak doakoak izango dira; internetez eman ahalko da izena, udalaren webgunean, baita telefonoz (010) edo gizarte etxeetako herritarrei laguntzeko bulegoetan ere, irailaren 28tik aurrera. Izen-emate hurrenkerari jarraituko zaio lekuak betetzeko. Hitzaldietarako haurtzaindegi-zerbitzua eskatzerik izango da, 5 egun lehenagoko aurrerapenarekin, heieskola@vitoria-gasteiz.org helbide elektronikoan edo 945 16 16 97 telefono-zenbakian.

URRIA-2021 KARTELA-1

GERVASIO_2021 kartela

 

Share

Udalak operatibo handia jarri du martxan Enplegu Eskaintza Publikoko azterketak egin ahal izateko

 

  • Irailaren 28tik urriaren 6ra bitartean egingo dira probak, udalaren 14 instalaziotan
  • 200 pertsonatik gora parte hartzen dute ebaluatzaile eta laguntza-zerbitzuen arloko logistika-lanetan.

 

Dena prest dago C1 taldeko udalaren lan-eskaintza publikoko azterketak egiteko irailaren 28tik urriaren 6ra bitartean. Hainbat sail eta zerbitzutako 150 pertsona baino gehiagok hartuko dute parte udalak prestatutako operatiboan, eta horiei bost epaimahaietako beste 50 kide inguru gehitu behar zaizkie. Giza Baliabideen Sailak arlo honetan inoiz izan duen erronkarik handiena da. 6.372 pertsona aurkeztuko dira udalaren 14 instalaziotan egingo diren proba horietan; 4.335 eta 2.037 gizon.

“Pandemiak nabarmen baldintzatu du azterketa-deialdi hau, baina udalak aurrekaririk gabeko dispositiboa prestatu du, bai bolumenagatik, bai behar den koordinazioagatik, bai  inplikatutako milaka pertsonengatik (lehiatzaile eta laguntzaileak). Asteazkenetik aurrera beste mugarri bat izango da udalaren enplegu eskaintza publikoan” adierazi du alkateorde eta Giza Baliabideen zinegotzi Iñaki Gurtubaik.

Hautaketa-prozesua deitu zenean, 2020ko urrian, 163 lanpostu eskaini ziren, hainbat kategoriatan; administrazio orokorra, mantentze-lanak, informazio eta kontrola eta beste zenbait. Tokiko Gobernu Batzarrak joan den ostiralean hartutako erabakiari esker, 27 lanpostu gehiago eskaini dira, erretiro eta behin betiko bajen ondorioz. Horietako gehienak (22) administrazio orokorreko lanpostuei dagozkie.

Egin beharreko azterketak 25 deialdi desberdinetan taldekatu dira, eta test motako 31 galdetegi prestatu dira. Guztira 1.200 galdera, eta bakoitzak lau erantzun ditu aukeran. Beharrezko materiala guztia kontuan hartuta –azterketa-orriak, jarraibideak, egiaztagiriak…–, 150.000 fotokopia inguru beharko dira.

Hauek izango dira azterketa-lekuak: Europa jauregia, zazpi gizarte-etxe, bost kiroldegi eta pilotaleku estali bat. Instalazio horiek guztiak batera erabilita, 4.235 lehiatzailek hartu ahalko dira aldi berean. Urriaren 2an, larunbata, gertatuko da hori, funtsezko eguna izango baita operatibo honetan, izan ere egun horretan egingo da espezialitate guztietako lehen ariketetako lehen proba, eta administrazio orokorreko proba espezifikoa (honetan izan da izen-ematerik handiena).

 

Egun horretan, 8:00etatik 15:00etara itxita egongo dira instalazio eta zerbitzu hauek, azterketak direla eta:

  • Lakuako gizarte-etxea: ezingo da jarduerarik egin kirol-kantxan eta kantxa inguruko gimnasioetan. Mahai teniseko instalazioak eta informazio-zerbitzua ere itxita egongo dira. Zentroko gainerako zerbitzuek normaltasunez funtzionatuko dute.
  • Ibaiondoko gizarte-etxea: ezingo da jarduerarik egin kirol-kantxan eta padel-eremuan (ikastaroak izan ezik). Zentroko gainerako zerbitzuek normaltasunez funtzionatuko dute.
  • Judimendiko gizarte-etxea: ezingo da jarduerarik egin kirol-kantxan. Zentroko gainerako zerbitzuek normaltasunez funtzionatuko dute.
  • Hegoalde gizarte-etxea: ezingo da jarduerarik egin kirol-kantxan, ezta mahai-teniseko instalazioetan, rokodromoan, squash- eta tiro-aretoetan, igerilekuan eta kirol-aretoan ere. Informazio zerbitzua itxita egongo da. Zentroko gainerako zerbitzuek normaltasunez funtzionatuko dute.
  • Iparralde gizarte-etxea: ezingo da jarduerarik egin kirol-kantxan eta ariketa-gelan. Zentroko gainerako zerbitzuek normaltasunez funtzionatuko dute.
  • Salburuko gizarte-etxea: ezingo da jarduerarik egin kirol-kantxan. Zentroko gainerako zerbitzuek normaltasunez funtzionatuko dute.
  • Zabalganeko gizarte-etxea: ezingo da jarduerarik egin kirol-kantxan. Zentroko gainerako zerbitzuek normaltasunez funtzionatuko dute.
  • Aranaldeko kiroldegia: zentroa itxita
  • Abetxukuko kiroldegia: zentroa itxita, igeriketa-ikastaroetarako izan ezik.
  • Ariznabarreko kiroldegia: itxita
  • Arriagako kiroldegia: itxita
  • Mendizorrotzeko kiroldegia: itxita
  • Astronomo kaleko pilotalekua: itxita

Halaber, espazio horietako batzuk egokitu egin dira lehiatzaileen beharrei erantzuteko. Ildo horretan, hainbat gune prestatu dira, desgaitasunik duten edo amatasun-egoeran  daudenentzat. Ildo horretako 63 eskabide jaso dira, 42 pertsonak eginak. Halaber, probetan audifonoak erabiltzeko baimena eman zaie bost eskatzaileri.

 

Telelana ezarriko da datorren astean

Amaitzear da Gasteizko udalean telelanerako proiektua martxan jartzeko joan den ekainean abiarazitako prozesua. Lan modalitate honetan lan egiteko beharrezko prestakuntza jaso ondoren, urriaren 4an 32 langile hasiko dira esperientzia pilotuarekin lanean.

Udan ireki zen telelaneko lehen talde honetan parte hartzeko izen-ematea. Guztira 41 eskabide jaso ziren, eta 32 onartu dira. Hainbat arlotako langileek hartuko dute parte proiektuan: arkitektura, informatika-aplikazioen kudeaketa, webguneko edukien kudeaketa arloetakoek, besteak beste. Azken asteotan, urrunetik lan egin ahal izateko berariazko prestakuntza izan dute langile hauek. Udalak ordenagailu eramangarria utziko die, beharrezkoa bada.

Hasiera batean bederen, gehienez ere urtebetez aritu ahal izango dira langileak telelanean, hartara saihestu egin nahi baitira deserrotze- edo isolamendu-egoerak, bai eta aurrez aurreko lan modalitatera itzultzeko zailtasunak. Telelanean aritzen direnek, asteko hiru egunez arituko dira, gehienez ere, urruneko lanean, eta gainerako bietan aurrez aurre, ohiko lanaldi eta ordutegi berberak beteta. Telelanean arituko direnek bere gain hartuko dute jarraipen sistematiko baten mende jartzeko konpromisoa, bai eta urtea amaitzean ebaluazioa egitekoa ere, hartara aztertzeko sistemaren onurak eta ezarritako helburuen betetze-maila.

 

Share