Prentsa Oharren banner

(Eguneratua) Prentsa-deialdiak (2021-09-13)

Udalbatzaren mugarrien bisita

Parte hartzaileak.Vitoria-Gasteiz alkate Gorka Urtaran; eta udalbatzako ordezkariak

Eguna. Astelehena, irailak 13

Ordua:

8:30 Alkateak  adierazpenak egingo ditu irten baino lehen.

09:00 Irteera lehenengo mugarrira.

9:30 Irteera 253. mugarritik (San Pauloa). Kokapen kordenatuak: https://www.google.com/maps/dir//42.89318,-2.645701/@42.8927919,-2.6462341,231m/data=!3m1!1e3!4m2!4m1!3e0 Komunikabide grafikoentzako posatua

Tokia. Durana, 253. mugarria

* Ez da komunikabideentzako garraio zerbitzurik izango

Share

Asteburuko aurreikuspenak

Irailak 11, larunbata

– Berdintasun zinegotzi Miren Fernandez de Landa LAIA Eskolaren 5. urteurreneko ekitaldian izango da, 11: 30ean, Amurrio Antzokian.

– Mugikortasunaren eta Espazio Publikoaren zinegotzia Raimundo Ruiz de Escudero kadeteen Arabako Itzuliko etaparen iritsieran izango da 17: 30ean, Valladolid eta Andaluzia kaleen elkargunean.

– AECC, Espainiako Minbiziaren Aurkako Elkartearen 50 urteurrena dela eta, alkateorde Ana Oregi Euskadiko Orkestra Sinfonikoaren eta Donostiako Orfeoiaren kontzertuan izango da, 19: 30ean Euskalduna jauregian.

Igandea, irailak 12

– Alkateorde Ana Oregi iraileko esker-emate mezara joango da, 12: 00etan, Estibalizko Ama Birjinaren santutegian.

– Bizikidetza eta Aniztasun zinegotzi Miren Fernandez de Landak eta Enplegu eta Prestakuntza zinegotzi Igor Salazarek IRONMAN probako domina eta txapel banaketan parte hartuko dute, 16: 30ean, Buesa Arenan.

Share

Eraztun Berdeko garbiketa arrunta kontratatu du Udalak hurrengo bi urteetarako

Hurrengo bi urteetarako Gasteizko Eraztun Berdeko garbiketa arrunta kontratatu du Tokiko Gobernu Batzarrak gaur. Disport Eki enpresak egingo ditu lan horiek, 123.792 euroko aurrekontuarekin.

Garbiketa-zerbitzu arrunt horrek Eraztun Berdeko parkeetako garbiketa orokorra egiten du: sarbideak, aparkalekuak eta piknik eremuak; bideak eta ezpondak; espazio irekiak (belardiak, zelaiak, baratzeak, lursailak eta aintzirak); parkeetako ekipamendua (panelak eta seinaleak, eserlekuak eta mahaiak, behatokiak, igarobideak, etab.); ibaien ibilguak zati urbanoetan; baso inguruak (heskaiak, birlandaketak eta zuhaizti sendotuak), eta parkeen eta hiriko alderdi urbanoen eta industrialdeen arteko mugak eta, oro har, Eraztun Berdea osatzen duten parkeen (Salburua, Armentia, Zabalgana, Olarizu eta Zadorra) muga guztiak, Mendizabala gaina eta ibai eta erreken ertzetako berdeguneak barne.

Eraztun Berdea osatzen duten parkeei dagokie jarduera-eremua, hau da: Salburua, Armentia, Zabalgana, Jundiz-Mendebaldea, Olarizu eta Zadorrakoak, barne harturik, gainera, Mendizabelako muinoa, Las Neveras eta Salburua eta Zadorra arteko Alegria ibaiaren korridoreko berdeguneak, Perretxin-Ehari eta Zarauna errekak —Zabalgana auzotik igarotzean—, Torroguico erreka —Zabalgana eta Zadorra artean—, Errekaleor eta Santo Tomas errekak —Salburua auzotik igarotzean—, Olarizu erreka, Los Molinos erreka —Olarizuko parketik igarotzean— eta Batan erreka —hirigunean—. Ez da zerbitzuaren xedea parkeetako instalazioak garbitzea, hala nola komunak, aldagelak, tailerrak, biltegiak eta aisialdiko baratzeetako bulegoak, ez eta harrera- eta informazio-zentroak ere, hala nola Ataria.

 

Share

Enpresa espezializatu bi arduratuko dira Gasteizko 41.000 txorkoen mantentze-lanak kudeatzeko eredu berriaz, landaretza 30 zentimetrotik gora haz ez dadin  

Enpresa espezializatu bi arduratuko dira Gasteizko 41.000 txorkoen mantentze-lanak kudeatzeko modu berriaz, landaretzak 30 zentimetroko altuera gainditu ez dezan helburuarekin. Orain arte, lan horiek garbiketa-kontratuaren barruan sartzen ziren, baina Urtaranen gobernuak erabaki zuen lanak Mugikortasunaren eta Espazio Publikoaren Sailaren mendeko Paisaia Atalari agintzea, horiek optimizatzeko eta txorkoak hobeto mantentzeko. Gaur goizean, kontratu berria onetsi du Tokiko Gobernu Batzarrak. Viveros Eskalmendi eta Servicios Aragoneses Levert egingo dute kudeaketa berria, 395.357 euroko eta 26.000 euroko aurrekontuekin, hurrengo bi urteetan.

Arabako hiriburuak 120.000 zuhaitz inguru ditu hiri barruan, eta mota desberdinetako 41.000 txorko zolatutako eremuetan. Elementu horien kalitatea hainbat faktoreren mende dago: zuhaitzak behar duen lur-bolumenaren aireztapena, dituen belar-espezieen aniztasuna, izurriteak kontrolatzea ahalbidetzen duten intsektuen babesleku gisa duen kalitatea, espezie polinizatzaileen baldintzen hobekuntza, eta drainatzea.

Kontratu berria bi multzotan banatu da. Batetik, belarrak mozteari dagokiona; bestetik, txorkoetako landaretzari dagokiona.

 Berez hazten den landaredia kontrolatzea funtsezkoa izango da kontratu honetan. Hain zuzen ere, baldintza-agiriaren arabera, txorkoetako landareek ez dute 30 zentimetroko altuera gaindituko. Era berean, belarra mozterakoan beti babesle fisiko bat jartzeko eskatuko dio Udalak kontratari, enborrek kalterik izan ez dezaten. Urtero, gainera, kimu eta adar berriak kendu beharko dira zuhaitzen enborraren lehen 2 metroetan; lan horiek abuztuan egingo dira.

Txorko-ereduaren arabera (lurra, legarra, harea edo ezpalak izan daitezke), mantentze-lanak ezberdinak izango dira. Lurreko txorkoak dira arruntenak (35.000 baino gehiago hirian), eta horietan gutxienez urtean hirutan garbituko dira belar-sastrakak.  Lan horietaz arduratzen den enpresak urtero ikuskatu beharko ditu txorkoen estalkiak eta, beharrezkoa izanez gero, kendu egin beharko ditu. Udalak zehaztuko du lanak zein egunetan egingo diren, eguraldiaren eta hautemandako premien arabera.

Kontratuaren bigarren multzoak txorkoak ‘landareztatzeko’ baldintzak finkatzen ditu. Eredu horrek abantaila ugari ditu, prozesu naturalak eta ekosistemak sustatzen baititu: balio estetikoa ematen du, lurzoruaren iragazkortasuna hobetzen du, hezetasuna mantentzen du, sustraiei esker lurzorua aireztatzea hobetzen du, biodibertsitatea handitzen du… Horregatik, lehiaketan hautatutako kontratak urtean ehun landaketa egin beharko ditu, eta kopuru hori handitu egingo da kontratua luzatuz gero. 2 eta 3 metro koadro libre arteko 60 unitate landatuko dira, eta 1,5 eta 2 metro koadro libre arteko 40. Zuhaixka-espezie egokiak bilatuko dira, zein ingurunetan landatzen diren kontuan hartuta.

Horretaz guztiaz gain, kontratuak barne hartzen du dibulgazio- eta kontzientziazio-kanpaina bat egitea hiri-biodibertsitatea handitzeak eta txorkoak landareztatzeak dakartzaten abantailez.

 

 

Share

9 kilometrotik gora egingo ditu korporazioak, udalerriko mugarriak bisitatzeko

 

Olarizu ibilbidea 2021

Erretana, Gamarra, Gamarragutxia, Durana, Artzubiaga, Betoñu, Zurbano, Elorriaga, Arkauti, Arkaia, Ilarratza, Jungitu eta Uribarri Arratzuko lurretan kokatutako 28 mugarri ikuskatuko ditu

Joan den urtean ere hartu ziren prebentzio-neurri sanitarioekin, ibilaldia egingo du korporazioak astelehenean udalerriko mugetan barrena, duela bost mendetik hona urtero egin ohi denez mugarriak ikuskatzeko, alkatea —basozain nagusi zereginetan— taldeburu dela. Azken bi urte hauetan izan ezik, erromeria egin izan du hiriak egun horretan, udararen zikloa ixteko, uzta-bilketagatik eskerrak emateko nekazarien ohitura zaharraren haritik.

Erretana, Gamarra, Gamarragutxia, Durana, Artzubiaga, Betoñu, Zurbano, Elorriaga, Arkauti, Arkaia, Ilarratza, Jungitu eta Uribarri Arratzu herrietako lurretan kokatutako 28 mugarri ikuskatuko dituzte aurten alkateak eta zinegotziek. Guztira, 9,4 kilometro egingo dituzte.

Share

Udalak 500.000 euro inbertituko ditu hiriko ikastetxeetan hobekuntzak egiteko

Tokiko Gobernu Batzarrak bi kontratu esleitzea onetsi du (milioi erdi bat euro guztira) Gasteizko bi ikastetxe zaharberritzeko: Divino Maestro HLHI eta Angel Ganivet HLHI.

Eraikin eta instalazioak hobetzea da udal gobernuaren lehentasunetako bat. Jarduera horien bitartez nabarmen hobetuko dira eskola bietako energia-eraginkortasuna eta ikasleen erosotasuna”, azpimarratu du Udal Administrazioaren eta Eraldaketa Digitalaren zinegotzi Borja Rodríguez Ramajok.

Aktiba Expertos En Ventanas enpresa arduratuko da Angel Ganivet HLHIko kanpoko aldeko zurajea aldatzeaz, 260.886,36 euroren truke (BEZa barne), 60 eguneko epean.

Zaharberritze lan hauek egitea ahalbidetu du gobernu-taldeak Elkarrekin Podemosekin sinatu duen aurrekontu-hitzarmena.

Eskolaren eraikin nagusia 1981en egina da, eta jatorrizko lihoak ditu oraindik, aluminioz eginak, kristal soilez, eta PVCzko pertsianak. Horrek bero-galera handiak eragiten ditu, berotze-gastuak areagotuta, eta erabiltzaileei eragozpenak eragiten dizkie.

Udalaren Obra Zerbitzuak kanpoko aldeko zurajea aldatzea proposatu du, eraikinaren eraginkortasun termikoa eta akustikoa hobetzea xede.

Lanak 60 egun naturaleko epean egingo dira.

Divino Maestro HLHI

Kamy Vertical enpresa izango da, berriz, Divino Maestro HLHIko zenbait leiho zaharberrituko dituen, 236.031,23 euroan (BEZa barne), eta 90 eguneko epean.

Eraikina eraiki zen garaiko (1972) leiho orijinal guztiak aldatzea aurreikusi du Obra Zerbitzuak. Zurajeak altzairuzkoak dira, beira soilekoak, eta burdineria egoera txarrean eta oso hondatuta dago eta horrenbestez zaildu egiten da leiho horiek ondo ixtea eta estankotasuna. Leiho horiek ikasle eta irakasleek erabili ohi dituzten guneetan daude.

Ikastetxeak instalazio hauek ditu: kiroldegia, L formako eraikina (behe solairua, lehen solairua eta bigarrena dituena) eta eraikin erantsi bat (behe solairua, lehena, bigarrena eta hirugarrena dituena). Hiru solairuko eraikina komentu bat zen lehen. Ikastetxea beheko solairua, lehena eta bigarrena hartuz joan da, eta garai bateko komentuko hirugarrena, eskola-jardunik gabe dago.

Lanak  90 egun naturaleko epean egingo dira.

Share

Udalak 30.000 euro bideratuko ditu baliabide ekonomiko eskasak dituzten pentsiodunen energia-gastua finantzatzeko

Baliabide ekonomiko eskasak dituzten pentsiodunek ohiko etxebizitzan duten energia-gastua finantzatzeko laguntza ekonomikoen urteko bigarren deialdia onetsi du Tokiko Gobernu Batzarrak.

Gastu hauek lagunduko dira diruz: elektrizitatearen, gasaren edo beste erregai batzuen kontsumoari dagozkionak, edo komunitate gastuak, horiek berokuntza barne hartzen badute.

“Laguntza-ildo honekin ahulezia ekonomikoko egoeran dauden pertsona hauei energia-hornidura ez zaiela moztuko laguntzen dugu”, adierazi du Gizarte Politiken, Adinekoen eta Haurren Saileko zinegotzi Jon Armentiak.

Sail horrek 30.000 euro baliatuko ditu xede horretarako, 2021eko uztailaren 1tik abenduaren 31ra bitartean sortutako gastuak ordaintzeko. Laguntzak deialdia ALHAOn argitaratu ondoren eskatu ahalko dira.

Lehen deialdia 2021eko lehen seihilekoari zegokiona izan zen, eta orduko hartan 40 laguntza eman ziren.

 

 

Share

Kulturak 15.000 euro emango ditu azaroan egingo den Liburuaren Azokarako

Gasteizko Udalak lankidetza-hitzarmena sinatu du Arabako Liburu Saltzaileen Elkartearekin eta, horren bitartez, Hezkuntza eta Kultura Sailak 15.000 euro jarriko ditu azaroaren 5etik 14ra bitartean Gasteizen Liburuaren Azoka egiteko.

Bestalde, Arabako Campuseko errektoreordetzarekiko lankidetza-hitzarmena onetsi du Tokiko Gobernu Batzarrak, Gasteizko Film Laburren XXV Jaialdia egiteko, datorren abenduan. Gasteizko Udalak 7.000 euro jarriko ditu horretarako.

Bestetik, Gasteizko Udalak 5.700 euro emango dizkio Arabako Dantzarien Biltzarrari 2021ean jarduerak garatu ditzan. Dantza autoktonoaren kultura mantentzea, berritzea eta sendotzea du helburu elkarteak, besteak beste, arabar eta euskal kulturaren zutabeetako bat baita hori.

“Kulturaren bideak ere irekitzen ari dira pandemia garai hauetan, eta lagundu egin behar diegu hura sustatzen dutenei. Esperientziak esaten digu ezarritako protokoloak jarraituz gero, berme osoz gozatu ahal izango dugula programatutako jarduerez”, esan du Hezkuntza eta Kultura zinegotzi Estibaliz Cantok.

 

 

 

Share