Prentsa Oharren banner

Prentsa-deialdiak (2021-09-15)

Prentsaurrekoa. Urrezko Zeledonen kontzertua aurkeztea

Parte hartzaileak. Kultura, Hezkuntza eta Kirol zinegotzi Estibaliz Canto; Urrezko Zeledonen presidente José Mari Vélez de Mendizabal; eta Udal Musika Bandaren zuzendari Luis Orduña

Eguna. Asteartea, irailak 15

Ordua. 10:30

Tokia. Teatro Principal Antzokia

Share

Gasteizko 46. Antzerki-jaialdirako beren proposamenak aurkeztu dituzte konpainia lokalek

Datorren astean jarriko dira salgai abonamenduak

 Irailaren 30etik azaroaren 28ra bitartean izango den Gasteizko 46. Antzerki-jaialdirako beren proposamenak aurkeztu dituzte prentsaurrekoan konpainia lokalen ordezkariek. 35 ikuskizun izango dira jaialdian, guztira; horietatik 13, euskal taldeenak.

Udalaren Antzoki Sarearen arduradun Marta Monfortek nabarmendu du segurtasun-neurri guztiekin egingo dela antzerki-jaialdia, artisten presentzia eskertu du, eta zeinek bere proiektua azal zezaten hitza eman die.

Unai Lopez de Armentiak ‘Plató’ aurkeztu du, Sleepwalk Collective, Parasite Kolektiboa, Larrua Proiektua eta Tripak taldeek sortutako pieza eszeniko berria, irailaren 30etik urriaren 9ra bitartean Montehermoso kulturunean ikusi ahal izango dena.

Azaroaren 11n, Maria Goiricelayak zuzendurik, La Dramática Errante-ren ‘Altsasu’ antzezlana izango da Principal antzokian —Goiricelayak ere hitz batzuk esan dizkie bertaratuei—.

Iara Solanok, bere aldetik, Sleepwalk Collective-ren antzezlan berria azaldu du, Swimming pools. Félix Petite antzokian izango da, azaroaren 19an.

Alex Diazek, berriz, ‘Zuhaitzak landatzen zituen gizona’ familia osoarentzako ikuskizuna aurkeztu du. Urriaren 24an izango da, Principal antzokian.

Antzerkia zabaltzen Off Local zikloari dagokionez, lan hauek aurkeztu dira: ‘La buena letra’, El Mono habitado-rena, Raúl Caminorekin; ‘Una historia de estos tiempos’, Ékoma Teatro-rena, Aitor Pérezekin, eta ‘La madre del cordero’, Colectivo Mostrenkorena, Jasón Guerrarekin.

Egitarau berean, Psizifaktoriako Mikel Ayllónek ‘Noiz utziko dio euria egiteari’ aurkeztu du; La Claquetako Carmen San Estebanek ‘Lilith y Dalila’, eta Arrapala taldeko Iratxe Gallardok ‘Titapia’.

Pilar Lopezek, berriz, Teatro Paraisoren proiektu berrietako bati buruz hitz egin du: ‘Leihoak’. Haziaraba in the mapping jaialdia inauguratuko du, azaroaren 20an.

Irailaren 23an hasiko da Antzerki Jaialdirako abonamenduen salmenta (abonamendu irekietarako hitzordua hartu beharko da). Sarreren salmenta irailaren 28an hasiko da.

Informazio gehiago

 

Share

Emakumeen Lasterketa Gasteizko kaleetara itzuliko da datorren igandean

 

2020an edizio birtuala egin zen Covid-19aren ondorioz, baina aurten Emakumeen Lasterketak arrosa kolorez jantziko ditu Gasteizko kaleak bularreko minbiziaren aurkako borrokaren alde. Irailaren 19an, igandea, 10:30etik aurrera, 4,3 kilometroko ibilbidea egingo dute 2.500 parte-hartzailek, Zurbanoko atean, Hezeguneen ibilbidean eta Salburua bulebarrean zehar. Irteera eta helmuga bereiziak izango dira, Buesa Arena pabilioiaren aurreko zabalgunean.

Gorka Urtaran alkateak, Osasun eta Kirol zinegotzi Livia Lopezek eta Emakumeen Lasterketako ohorezko lehendakari Martin Fizek aurkeztu dute kirol proba solidario hau, Asamma Vitoria elkarteko Txus Aguirrezabal, Clara Campoamor elkarteko Elena Sagaseta eta Arabako AECCko lehendakari Patxi Ormazabalekin batera.

Aurtengo lema “Por todas nosotras” da, eta elastiko ofizialean jarrita dago. Mezu horren bidez, gizarte osoak pandemian erakutsitako erresilientzia-gaitasuna omendu nahi da, batez ere urtez urte Emakumeen Lasterketan parte hartu duten emakume korrikalariena, zein urtebetez itxaron ondoren, aurten ere Gasteizko kaleetan korrika arituko baitira.

Emakumeen Lasterketak bete egingo ditu koronabirusaren aurkako protokoloak. Halaber, aurten lasterketak bertsio birtuala ere izango du, app ofizialaren bidez.

 

 

Share

Félix Calvo argazkilariaren erakusketa inauguratu du Ingurugiro Gaietarako Ikastegiak; gure inguruneko hezeguneetako espezieetan oinarritutako argazki-erakusketa

– Hezeguneek hegaztientzat duten garrantziari buruzko “Hegaztiak, bizi-zantzuak” erakusketa Atarian

– Formatu handiko 22 argazkiz osatuta dago erakusketa

Ingurugiro Gaietarako Ikastegiak Felix Calvo argazkilariaren “Hegaztiak, bizi-zantzuak” erakusketa inauguratu du Salburuko Interpretazio Zentroan. Argazkilariak 1981etik hona Euskadiko hezeguneetan atera dituen irudiak dira ikusgai.

Urriko azken igandera arte zabalik egongo den erakusketa honetan, Irungo argazkilariak azken hamar urteetan egindako lana jasotzen da . Urte horietan gizakion begientzat iheskorrak diren istant labur eta iheskor horiek harrapatu ditu, argazkigintza-diziplina eta -teknikei buruz eta espezien biologia eta etologiari buruz dituen ezagutzei esker, eta, jakina, lana ontzeko behar beste denbora hartuta. Egileak zehaztu duenez, “inguruneari lapurtutako istant horiek” erakusten dituen lan hau da azken emaitza

“Argia osagarri aparta da Atarian aurkezten ditudan 20 lanetako istant bakar eta paregabeak apaintzeko” adierazi du Felix Calvok, zeinek argazki bakoitzean kontrastea egiten duen hondoa aurkitzen saiatu baita, argazkiko hegaztia nabarmentzeko. Beraz, “hondo neutro eta homogeneoek ez diote hegaztiari protagonismorik kentzen, horiek dira ardatz nagusi, Aitzitik koadro bakoitzari ikusgarritasuna ematea lortzen dute, mugimendu-sentsazioa edo hegaztia nagusitzen duten posizioak bilatzen dituelako, egiten ari den ekintzaren arabera.” Mugimendu-sentsazioa ematen du teknika honek, bilatu egiten baitu hegoen puntak apur bat mugituta geratzea, edo hegan hastean hegaztiak ura edo hondarra mugitzea.

Urriaren 31ra arte izango da ikusgai, asteartetik igandera, 11:00etatik 14:00etara eta 16:00etatik 20:00etara, Salburuko interpretazio zentroan. Halaber, Hegaztien Mundu Eguna dela eta, bisita gidatu bat antolatu du IGIK erakusketara. Urriaren 3an, igandea, izango da, arratsaldeko bostetatik aurrera, Atarian.

Share

Astelehenetik aurrera MUGI eta BARIK txartelekin ordaindu ahalko da Tuvisako autobusetan

Datorren astelehenetik aurrera, irailak 20, MUGI eta BARIK txartelekin ordaindu ahal izango da TUVISAko autobusetan. Txartel horiek udalaren garraio sozietateak kudeatutako eguneko eta gaueko linea konbentzionaletan bidaiatzeko balioko dute.

“Urrats berri bat eman dugu TUVISAren elkarreragingarritasunari dagokionez. Aurrerapauso garrantzitsua da, eta aurrera egiten jarraituko dugu garraio publikoa herritarrentzat erakargarriagoa izan dadin” azaldu du Tuvisako lehendakari eta eta Mugikortasunaren eta Espazio Publikoaren zinegotzi Raimundo Ruiz de Escuderok.

MUGI eta BARIK txartelak txartel anonimo gisa erabiliko dira TUVISAren autobusetan. Bidaiariek familia ugarien FN20 eta FN50 taldeentzako dauden tarifa hobaridunak baliatzerik izango dute. Gainerako erabiltzaileek BAT txartel orokorraren tarifa ordainduko dute – autobus-aldaketarako eskubiderik gabe–, eta horrenbestez nabarmen merkatuko zaie tarifa esku-dirutan ordaintzearekin alderatuta.

Share

Koroatzearen kalean heroina-trafikoagatik atxilotuta

Udaltzaingoak 56 urteko gizonezko bat atxilotu du heroina-trafikoarekin lotutako osasun publikoaren aurkako delituaren ustezko egilea izateagatik.

Udaltzainek atzo, asteleheneko, 11:15ean atxilotu zuten Aldabe eta Kutxa kaleen arteko elkargunean irailaren hasieran Agirrelandako Ikerketa Unitateak hasitako operatiboaren ondorioz. Koroatzearen auzoan droga saltzen ari zela susmatu ondoren jarri zuten operatiboa martxan.

Operatiboaz arduratu ziren udaltzainek detektatu zutenez, susmagarria ostalaritza-establezimendu baten inguruan mugitzen zen eta, ondorioz, jarraipena egin zioten. Zaintza haren ondorioz, lokal inguruan, errezelorik ez sortzeko droga-transakzioak bizkor egiten zituela egiaztatu zuten.

Heroina zela baieztatu ondoren, udaltzainek gizonezkoa atxilotu zuten.  Handik ordu batzuetara, haren etxebizitza erregistratu eta 250 gramo heroina inguru eta 1.200 euro baino zertxobait gehiago topatu zituzten. Bestalde, droga prestatzeko eta saltzeko hainbat material ere aurkitu zuten: doitasun-baskula eta hainbat telefono mugikor besteak beste.

Atxilotua gaur goizean jarri dute epailearen esku.

Mozkortuta patinete gainean

 Patinete-gidari batek 1.000 €-ko zigorra jaso dezake alkoholemia-proban emaitza positiboak eman ondoren. Bart goizaldean istripua izan ondoren egin diote proba eta botatako aire-litro bakoitzeko 0,89-0,92 miligramoko alkohol-tasak erregistratu ditu.

Gidaria 29 urteko gizonezko bat da eta Orio kaleko zintarri baten aurka talka egin du. Horren ondorioz, lesioak jasan ditu eta Txagorritxu ospitalera eraman behar izan dute.

Udaltzaingoak gogorarazi duenez, indarrean dagoen araudiaren arabera, eta auto-gidariak eta txirrindulariak bezalaxe, MPI gidariak ere alkoholemia-kontrolak egitera derrigortuta daude.

Share