Prentsa Oharren banner

(Eguneratua) Prentsa deialdia (2021-09-06)

Prentsaurrekoa. IRONMANaren aurkezpena

Parte-hartzaileak: Gasteizko alkatea, Arabako diputatu nagusia, Merkataritza eta Turismo sailburua eta IRONMANaren Gasteizko eta Europako zuzendariak.

Eguna: astelehena, irailak 6.

Ordua: 10:30

Lekua: Montehermoso jauregia

 

Prentsaurrekoa. Gasteizko Udal Musika Bandaren 2021-2022ko abonamendu-denboraldiaren aurkezpena

Parte-hartzaileak: Estíbaliz Canto, Hezkuntza eta Kultura zinegotzia, eta Luis Orduña, Gasteizko Udal Musika Bandaren zuzendaria.

Eguna: astelehena, irailak 6.

Ordua: 11:00

Lekua: udaletxeko prentsa-aretoa.

Share

Asteburuko aurreikuspenak (irailaren 4tik 5era)  

Larunbata, irailak 4

  • FesTVal jaialdiaren amaiera-gala Gorka Urtaran alkatea eta Maider Etxebarria, Jon Armentia eta Iñaki Gurtubai alkateordeak 19: 30ean Iradier Arenan egingo den galan izango dira.
Share

15.656 pertsonak lortu dute lekua gizarte-etxe eta kirol instalazioetako jardueretan  

Zozketatutako lekuen % 82,5 esleitu du udalak

Gaur goizean egin da 2021-2022 ikasturteko gizarte-etxe eta kirol-instalazioetako jarduera-programako lekuak esleitzeko zozketa.

15.656 pertsonak lortu dute lekua aldez aurretik izena eman beharreko ikastaroetan. Zozketatzen ziren 26.125 lekuetatik 21.544 leku esleitu dira, guztira. Beste 3.385 leku – 29.510 lekuko udal eskaintza osatu artekoak– zuzenean esleituko dira, iristen diren hurrenkeraren eta lekuen arabera.

Gaur esleitutako lekuak formalizatzeko epea irailaren 7an amaituko da. Libre geratzen diren plazak esleitzeko epea irailaren 11n irekiko da, kirol-jarduerak badira, eta irailaren 14an gainerako ikastaroak badira. Batean nahiz bestean 8:30etik aurrera.

Udal webgunearen bidez ez ezik, tramiteak  010 telefonora deituta edo gizarte-etxeetan aurrez aurre egin daitezke. Tramitazio automatikoko makinak dituzten zentroetan ere izango da egiteko aukera.

Share

Atxilotua bikotekideari eraso egiteagatik

Udaltzainek atzo 30 urteko gizonezko bat atxilotu zuten bere bikotekidearen aurkako eraso delituaren ustezko egilea izateagatik.

Bezperako goizaldean izan ziren gertaerak, bide publikoan, Santa Luzia auzoan. Erasoa ikusi zuen pertsona bat biktimari laguntzen saiatu zen eta erasotzaileak hura ere kolpatu zuen. Erasotzaileak lekutik ihes egin zuen jarraian.

Patruila batek erietxera lagundu zion biktimari lesioak sendatzeko. Horren ostean, zegokion salaketa jarri zuen.

Udaltzainek emakumea bere etxera eraman zutenean, ustezko erasotzailea topatu zuten han. Hori dela eta, atxilotu egin zuten.

Gaur jarri dute epailearen esku.

Ukitzeak

 Udaltzainek 25 urteko gizonezko bat atxilotu zuten sexu-abusuen delitu baten ustezko egilea izateagatik.

 Gertaerak 19:30 inguruan gertatu ziren, Zaramaga kaleko merkataritzagune bateko saltoki batean, Bertatik patruila baten laguntza eskatu zuten bezero batek jasandako ustezko erasoa zela eta.

Bertaratu ziren agenteek segurtasun-zaindaria, gizonezko bat eta bi emakumezko (lokaleko langile bat eta bezero bat) topatu zituzten. Kontatu zutenaren arabera, bezeroa arropak begiratzen ari zen bitartean, gizonezkoak ukitzeak egin zizkion ipurmasailetan.

Egindakoagatik kargu hartu zionean, gizonezkoa alde egiten saiatu eta borrokan hasi zen biktimarekin, hark atxiki egin nahi baitzuen. Une horretan jaso zuen saltzailearen laguntza. Azkenik, saltokiko zaindariak atxiki zuen gaztea udaltzainak iritsi ziren arte.

Alderdien bertsioak entzutean eta borrokaren eraginez biktimak sorbaldan zuen lesioa ikusi ostean, udaltzainek atxilotu egin zuten gizonezkoa.

 Karabina-tiroak

Udaltzaingoak eginbideak abian jarri ditu Sansomendi auzoko bi etxebizitzatako leihoetan izandako kalteengatik. Hain zuzen ere, karabina-tiroek eragin zuten kaltea. Ikerketaren ondorioz, 18 eta 19 urteko bi gizonezko identifikatu dituzte ustezko egile gisa.

 Ibilgailu batek su hartu du

Suhiltzaileek Brasil kalean aparkatuta zegoen auto batean piztutako sua itzaltzen esku hartu zuten atzo. Suak beste bi ibilgailuri eta moto bati ere eragin zien. Motoa kiskalita geratu zen.

Beste hainbat irteera ere egin zituzten Gamarrako Atea, Gasteizko Zuazo Atea, Zubibarri, Ozeano Barearen Kalea, Urkiolako eta Zaramagako Atea kaleetan ekaitzak ur-putzuak sortu zituelako.

 

 

 

Share

Aranbizkarreko futbol-zelaiko aldagela berriak amaitzeko lanak esleitu dira

Tokiko Gobernu Batzarrak Construcciones Ugalde-Valera enpresari esleitu dizkio Aranbizkarreko futbol-zelaiko aldagela berriak egiten amaitzeko lanak. Lan horiek amaitu gabe geratu ziren, lehen kontratua esleitu zitzaion enpresak ezin baitzituen hartutako konpromisoak bete. 546.423,44 euroko inbertsioa egingo da, BEZ barne, eraikinari falta zaizkion azken ukituak egiteko, eta hiru hilabeteko gauzatze-epea izango da, zuinketa egiaztatzeko aktan finkatzen den datatik kontatuta.

Futbol-zelaiak ohiko jarduerari eutsiko dio lanek iraun bitartean. Lan horiei esker, behar bezala funtzionatzeko beharrezko zerbitzu guztiak dituzten aldagelak egingo dira eraikinean, PassivHaus iraunkortasun-irizpideen arabera. Hainbat lan-mota egingo da: iturgintza-, elektrizitate-, klimatizazio- eta arotzeria-lanak, lanpostuen egokitzapena eta segurtasun-neurriak jartzea. Era berean, kanpoaldea urbanizatzen amaituko da, eraikinetik Aranbizkarreko parkera eta oinezkoentzako bidera joateko bideak osatuta.

Lan hauen bidez hobetu egingo dira Aranbizkarreko futbol-zelaiko instalazioak. Eraikin nagusiak lau aldagela izango ditu, bakoitza zortzi dutxaz eta konketa batez hornitua. Horretaz gain, arbitro eta teknikarientzako bi aldagela, komunak, kontrol-aretoa, kontrol-langileen aldagela eta garbiketa-gela hartuko ditu. Bigarren mailako beste espazio bat ere izango da, zeinean jendearentzako komunak eta instalazio-gela egongo baitira.

 

 

Share

Bere flotaren iraunkortasunaren aldeko apustua egin du Udaltzaingoak, eta ibilgailu hibridoak eta elektrikoak eskuratuko ditu

Udaltzaingoari —errenta-sistemaren bidez— hamabost ibilgailu hornitzeko kontratazioa ontzat eman du Tokiko Gobernu Batzarrak. Zehazki, 7 patruila-auto elektriko izango dira, beste 7 hibrido eta 4×4 modeloko bat, azken hori diesel motorrekoa. Udalak orain artean eskuratu duen polizia-ibilgailu elektriko eta hibridoen sortarik handiena izango da, helburua baita patruila-lanak egiten dituzten autoen emisioen murrizketarekiko konpromisoan aitzindari izatea Estatuan.

Herritarren Segurtasunaren Sailaren, Ogasun Sailaren eta Udal Administrazioaren Sailaren arteko elkarlanak egingo du posible poliziaren unitate horiek berritzea, 1.065.600 euroko aurrekontua tarteko. Ibilgailu mota bakoitzaren ezaugarri espezifikoei dagokienez, 7 auto elektrikoek —SUV motakoak, 5 lekukoak— gutxienez 450 kilometroko autonomia izango dute; 7 auto hibridoek —SUV motakoak, 5 lekukoak, horiek ere—, entxufatzen ez diren motakoak izango dira, gasolina-motorrarekin, eta 4×4 modeloa, diesel-motorrekoa, Euro 6 emisio-mailara egokituko da.

Kontratuaren iraupena berrogeita zortzi hilabetekoa izango da, ibilgailuak entregatzen diren egunetik, gehienez ere beste 12 hilabetez luzatzeko aukerarekin. Kontratuan aurreikusten denez, 2022ko apirilean entregatuko dira ibilgailu hibridoak, eta ibilgailu elektrikoak, berriz, urte bereko uztailean.

 

Share

Alkateak Gasteizko bizitza soziala eta ekonomikoa berreskuratzeko, udal zerbitzuak hobetzeko eta hiria hobetzen jarraitzeko Europako funtsetan parte hartzeko apustua egin du

Gorka Urtaran Gasteizko alkateak gaur goizean azaldu du Udal Gobernuak urteko azken lauhilekoan izango duen ibilbide orria, eta baikortasun mezua helarazi die herritarrei datozen hilabeteei begira. Ildo horretan, hiriko bizitza soziala eta ekonomikoa pandemiaren aurreko mailetara berreskuratzearen, udal-zerbitzuak hobetzeko planetan aurrera egitearen eta hiria Europako funtsei esker eraldatzearen aldeko apustua egin du alkateak.

Alkateak azaldu duenez, lehenengo jarduera “hiriaren indarra berreskuratzea” da. Ildo horretan, helburua “datozen hilabeteetan gizarte, kultura eta kirol programazioaren eskaintza handitzea da, gure kaleetako bizitza soziala berreskuratzeko”, zehaztu du Gorka Urtaranek.

Gorka Urtaranek hiriaren egoera ekonomikoaren hobekuntza ere azpimarratu du. “Urte amaierarako enplegua eta Gizarte Segurantzan afiliatutako pertsonen kopurua berreskuratzen lagundu nahi dugu. Eta, zentzu horretan, argi geratu behar da Gasteizko Udala aliatua dela gure hiriko enpresentzat eta eragile ekonomikoentzat. Ekimen pribatuarekin elkarlanean aritu nahi dugu”, adierazi du alkateak.

Era berean, ordenantza fiskalen edo aurrekontuaren alorrean akordioak lortu behar direla esan du alkateak, Gasteiz berreskuratzeko bidean aurrera egiteko. “Zentzuzko proposamena aurkeztuko dugu”, aurreratu du.

Datozen hilabeteetarako Urtaranen Gobernuaren beste erronketako bat Gasteizko Agenda bultzatzen jarraitzea eta udal zerbitzuak eta azpiegiturak hobetzea izango da. Garbiketa-kontratu berria abiaraztearen, autobus elektriko adimendunaren zerbitzua abiaraztearen, tranbiaren obrak Salburura aurreratzearen, obra-planaren eta espazio publikoko ekimenen jarraipenaren bidez egingo da.

Udal politikaren hirugarren ildo nagusia Europako funtsen aldeko apustua izango da. “Gure esentziari eta arima berdeari eutsiz, Gasteiz eraldatzeko proiektuak bultzatu nahi ditugu, lehiakorragoa eta erakargarriagoa izan dadin”. Egunotan proiektuak prestatzen dabil Udala, irekiko diren edo ireki diren deialdietara aurkezteko.

 

Share

Azkena Rock jaialdiaren edizio berria babestea onetsi du udalak

20 rock talde baino gehiagoren emanaldiak izango dira laster Iradier Arenan

Irailaren 22tik urriaren 3ra bitartean Iradier Arenan egingo den Azkena Rock jaialdiaren edizio berezia babestea onetsi du gaur Tokiko Gobernu Batzarrak.

Antolatzaileek 20 rock talde baino gehiagoren emanaldiak antolatu dituzte, nazioko zein nazioarteko taldeenak, eta Hezkuntza eta Kultura Sailak 150.000 euroko laguntza emango du.

Iaz ezin izan zen Azkena Rock jaialdirik egin, pandemiaren ondoriozko segurtasun- eta osasun-neurriak zirela eta, eta, aurten ere, ezinezkoa izan da ohiko egunetan eta lekuan (Mendizabalean) antolatu. Alternatiba gisa, eta Kultura Bizian ekimenaren baitan, edizio berezia hartuko du Iradier Arenak, eta kontzertuak izango dira 12 egunez. Talde ezagunek joko dute, besteak beste, Mc Clan, Los Cigarros, Carolina Durante, Loquillo, El Drogas, Los Enemigos, Liher, Kaotiko eta Ray Collins Hot Club alemaniarrak.

Antzokietarako laguntza teknikoa

Halaber, hiriko antzoki sarean laguntza teknikoa emateko eta lan osagarriak egiteko kontratua esleitu du udal gobernuak, ostiraletako bilkuran.

Kultura Zerbitzuak 440.000 euro erabiliko ditu Principal antzokian, eta Jesús Ibáñez de Mataúco, Federico García Lorca, Beñat Etxepare eta Felix Petite antzokietan egiten diren ikuskizun eta ekitaldi kulturaletako elementu eszenografikoak muntatu, desmuntatu, maneiatu eta kudeatzeko, eta argiak, soinua eta bestelako materialak instalatzeko.

Share

Berpizkundearen plazako eguneko arreta-zentroko obren bigarren fasearen lizitazioa onetsi da

517.957 euroko aurrekontua du, 4 hilabeteko gauzatze-epea

 

Berpizkundearen plazako eguneko arreta-zentroko obren bigarren fasearen lizitazioa onetsi du udal-gobernuak.

517.957 euroko aurrekontua du proiektuak, adinekoei arreta emateko baliabide hori bukatzeko. Eraikuntza gelditu egin zen, lehen fase batean, enpresa esleipendunak bete beharrekoak bete ez zituenez.

Orain, Berpizkundearen plazako zentro horretan bukatzeke dauden obrak aterako ditu lizitaziora Gizarte Politiken, Adinekoen eta Haurren Sailak. Lau hilabeteko gauzatze-epea ezarri da, eta, hortaz, datorren urtean ireki ahal izango dira ateak.

500 metro koadroko azalera eraikia izango du eguneko arreta-zentroak: atseden-areto bat, sukalondoa, jantokia, komuna geriatrikoa, bulegoak, sendaketa-gela, baita askotarako espazioak ere, erabiltzaileen autonomia funtzionala eta soziala lantzeko aukera emango dutenak.

Zerbitzu hauek eskainiko dira zentroan:

  • Jantokia
  • Norberaren garbiketa eta higienea.
  • Gizarte-arreta.
  • Erizaintza-arreta.
  • Estimulazio-jarduerak.
  • Errehabilitazio-jarduerak.
  • Garraio egokitua

Hain zuzen ere, adinekoak beren etxeetatik adinekoen zerbitzuetara garraiatzea errazte aldera, garraio egokituko zerbitzuaren kontratazioari ekitea onetsi du gaur Tokiko Gobernu Batzarrak. 1.093.832 euro bideratuko ditu Gizarte Politiken, Adinekoen eta Haurren Sailak horretara, bi urtez.

Share

Mendizorrotzeko esparruko garbiketa esleitu du Gasteizek

Udal gobernuak Iparralde gizarte-etxeko estalkia hobetzeko lanak ere esleitu ditu, 232.000 euroan.

Udal Administrazioaren eta Eraldaketa Digitalaren Sailak kudeatzen duen Mendizorrotzeko esparruko garbiketa integrala egiteko kontratua esleitu du Gasteizko udalak. Tokiko Gobernu Batzarrak onetsitako zerbitzuak  3.383.076 euroko kostua izango du (BEZa barne), eta datozen hiru urteetarako indarraldia.

ISS Facility Services enpresari esleitu zaio kontratua, eta instalazioak garbitu eta desinfektatzeaz arduratuko da, honakoak barne hartzen dituelarik:  igerilekuak, aldagelak, komunak, harmailak, biltegiak, bulegoak, sarbideak, kanpoko espazioak, Mendizorrotzako pabiloia, Beti-Jai pilotalekuak, eraikin soziala, kirol-medikuntzako zentroa eta Mendizabaleko bainugelen eta dutxen eraikina

Era berean, Iparralde gizarte-etxeko gimnasioko eta kirol kantxako estalkia eraberritzea ere onetsi du Tokiko Gobernu Batzarrak,  instalazioak, behingoz, filtraziorik ez izateko. Udal Administrazioaren eta Eraldaketa Digitalaren zinegotzi Borja Rodríguezek adierazi duenez, “estalkiaren antzinatasuna dela eta -eta denbora gehiegi irauten ez zuten zigilatze-konponketa ugari ondoren–, teknikariek egiaztatu zuten euria egitean filtrazioak berriro agertzen zirela. Hori dela eta, arazoa errotik konpontzea eta esku hartze garrantzitsu bat egitea erabaki dugu. Iparralde gizarte-etxeko kantxa eta gimnasioko erabiltzaile ugariek zerbitzurik onena merezi dute, eta eraikinaren energia-eraginkortasuna ere hobetuko dugu. Indafer enpresa arduratuko da lanez, 232.410 euroko aurrekontuarekin (BEZa barne). Lanak gauzatzeko epea 70 egunekoa da.

Share