Prentsa Oharren banner

(Audioaz eguneratua) Automobilgintzaren eta mugikortasunaren sektoreko bederatzi eragile nabarmenek bat egin dute Vitoria-Gasteiz Araba Mobility Lab-ekin




  • Gasteizko Udalak eta Arabako Foru Aldundiak bultzatutako proiektua datozen asteetan jarriko da martxan, lehen enpresa, elkarte eta erakundeak sartu ondoren

Gorka Urtaran alkatearen adierazpenak – Mobility Lab

Automobilgintzaren eta mugikortasunaren sektoreetako lehen mailako bederatzi agentek bat egin dute gaur Vitoria-Gasteiz Araba Mobility Lab-ekin, Gasteizko Udalak eta Arabako Foru Aldundiak bultzatuta. Atxikimendu horiekin, sustatzaileak hurbilago daude lurraldeak proba-banku gisa balioko duen zentro bat izatetik, etorkizuneko mugikortasun-sistemen ingurune errealari buruz, bai pertsonen garraioaren arloan, bai logistikaren arloan.

“Tamaina ertaineko hiri eta lurraldeen artean mundu mailan abangoardiako posizioa lortu nahi dugu, lehen mailako bazkide globalen eskutik irtenbide berritzaileak eta iraunkorrak erabiliz. Izan ere, elkarrekin egindako lanaren funtsezko helburuetako bat da enpresa, erakunde, ikerketa-zentro eta proiektuak identifikatzea, baldin eta, tokiko eremutik nazioartera, sektore publiko eta pribatuaren lankidetzaren aldeko ekimen batean bazkide gisa sartzen badira “, adierazi dute Ramiro Gonzalez Arabako ahaldun nagusiak eta Gorka Urtaran Gasteizko alkateak, Europa Jauregian gaur egin duten ekitaldian.

Vitoria-Gasteiz Araba Mobility Lab esploratzeko espazio fisiko bat izango da, logistikaren eta mugikortasunaren arloko berrikuntza baldintza errealetan garatu eta testatu ahal izateko. Horretarako, ekosistema gisa diseinatuko da, laborategiekin eta beste espazio batzuekin, proiektu eta lankidetza berritzaile aldeaniztunak egokitzeko. Oraingoz, epe laburrean landu beharreko arlo nagusiak eta gaurko akordioa formalizatu den formula zehaztu dituzte.

“Uste dugu Gasteiz Araba Mobility Lab ahalik eta eszenatoki onenean sortu dela: Europako erreferentziazko hiria da ingurumen-politiketan, eta Udalak eta Aldundiak mugikortasun iraunkorraren aldeko apustu irmoa egin dute, bizikletaren eta garraio publikoaren erabilera areagotzearen emaitza positiboekin”, adierazi du Gorka Urtaranek. “Osagai guztiak ematen dira, Gasteizek dituen indarguneetatik abiatuta, hiri-laborategi gisa bultza dezagun ingurune erreal batean, pertsonen eta salgaien garraioari erantzuna emango dioten etorkizuneko mugikortasun-sistemak kontrastatu eta sustatu ahal izateko. Agertoki ezin hobea da, eta Gasteiz Green Deal Planean bikain txertatzen den proiektua. Eta etorkizuneko mugikortasun hori eraikitzeko, enpresak eta erakundeak izan nahi ditugu, lankidetza publiko-pribatua sustatuz eta aliantzak eginez “, azaldu du alkateak.

Helburu horretarako, Mercedes-Benz, Michelín, Talgo, CIC EnergiGUNE, Tecnalia, Euskadiko Mugikortasun eta Logistika Klusterra, Arabako Parke Teknologikoa, UPV/EHU, Eusko Jaurlaritza eta Sernauto proiektuan sartzea funtsezkoa da proiektuaren etorkizunerako. Agente horiek datozen asteetan eratuko den Fundazioko kide izango dira, eta Mobility Lab-i hasiera emateko balioko du. Fundazioak patronatukideei eta proiektu zehatzetan lagundu nahi duten enpresei irekita jarraituko du.

“Mundua izugarri ari da aldatzen, eta egoera berri honek mugikortasun adimenduneko irtenbideak behar ditu. Mobility Labek, mugikortasunaren eta logistikaren alorreko berrikuntza-gune gisa, erantzun eraginkorrak eta jasangarriak emango ditu merkantzien eta pertsonen fluxuari dagokionez “, azaldu du Emilio Titos Gasteizko Mercedes Benz enpresako zuzendari nagusiak.

“Proiektu hau funtsezkoa da Arabarako eta Gasteizerako, ondo konektatutako lurralde baten eta lurralde industrial eta logistiko baten aldeko apustuan. Dagoeneko martxan dauden apustuen jarraipen logikoa da, hala nola ahalmen handiko garraio adimendunarena edo Forondako aireportua HUB logistiko bihurtzea. Etorkizunari begira ekimen horien guztien artean sinergiak ezartzeko asmoak proiektu estrategiko hau ekarri du”, gaineratu du Ramiro Gonzalezek. Mugikortasunaren arloan beste mugarri batzuekin egin duen bezala, Gasteizko Udalak Arabako Foru Aldundiaren laguntza izango du berriz ere, etorkizuneko Gasteiz arabar guztiek nahi eta behar dutena izan dadin.

Orain arte egindako lanaren ondorioz, 3 ildo estrategiko nagusi eta lotutako 21 jarduera identifikatu dira. Ildo estrategiko horiek honela banatzen dira:

  • Berrikuntza erraztea, esperimentazio-espazioak sortuz eta proiektuak sustatuz.
  • Administrazio Publikoaren, enpresen eta ikertzaile- eta irakasle-agenteen arteko elkargune eta trukerako eta lerrokadurarako gune izatea.
  • Lankidetza tokiko, estatuko, Europako eta nazioarteko beste eragile batzuekin.

Hortaz, etorkizuneko Gasteiz Araba Mobility Lab programaren xedea izango da “Gasteizen eta Araban mugikortasuna eta logistika hobetzeko eta ehun ekonomikoaren lehiakortasuna bultzatzeko ekimenak, esperientziak eta pilotuak antolatzea, sistematizatzea eta artikulatzea”. “Mugikortasunean eta logistikan berrikuntza gune bat eraikitzea” izango du helburu, “Negozio aukerak sortuko dituena eta Gasteiz eta Arabarako politika eraldatzaileetan erreferente izango dena”.

 

Share

Prentsa deialdiak (2021-09-24)

Prentsaurrekoa. Mirian Isasiren ‘Tosigo’ erakusketa aurkeztea

Parte hartzaileak. Hezkuntza eta Kultura zinegotzi Paco Galve; eta Miriam Isasi, artista

Eguna. Ostirala, irailak 24

Ordua. 11:30

Tokia. Montehermoso Kulturunea

———————————————-

Arborikulturari buruzko XVIII. Biltzar Nazionalaren amaiera ekitaldia

Parte hartzaileak. Vitoria-Gasteizko alkate Gorka Urtaran

Eguna. Ostirala, irailak 24

Ordua. 17:15

Tokia. Europa jauregia, Francisco de Vitoria aretoa

—————————————–

Farmazialarien Munduko Eguna

Parte hartzaileak. Vitoria-Gasteizko alkate Gorka Urtaran

Eguna. Ostirala, irailak 24

Ordua. 18:15

Tokia. Arka plaza

Share

Erdi Aroko hiriguneko berdeguneak areagotzeko azterlan bat enkargatu du Ingurugiro Gaietarako Ikastegiak

Berdea eta biodibertsitatea areagotzea da Udala —auzoko eragileekin eta kolektibo sozial eta ekonomikoekin batera— gaur egun lantzen ari den Erdi Aroko hirigunea osorik berroneratzeko estrategian jasotako jarduketa-proposamen nagusietako bat

 

Laguntza teknikoa Paisaje Transversal enpresari kontratatzea onetsi du gaur Ingurugiro Gaietarako Ikastegiko kontseiluak, Erdi Aroko hirigunearen naturalizazioan aurrera egiteko, esku hartzea bideragarria den bide publikoko eta ondare eraiki publiko nahiz pribatuko espazioak identifikatuko dituen eta bertan azpiegitura berdeen arloko esku-hartzeak planteatuko dituen lan baten bitartez. Hainbat jarduketa izan litezke posible, hala nola zuhaitzak eta igokariak landatzea, lorategiak eta loreontziak jartzea, besteak beste.

Proiektu honen aurrekontua 37.503,95 eurokoa da eta 9 hilabetetan egin behar da lana.

2004 urtean Gasteizko Hiri Azpiegitura Berdearen Estrategia onetsi zenetik, esku-hartze ugari egin dira hiriko natura eta berdeguneak bultzatzeko. “Jarduketa horiei esker, hiriko biodibertsitatea eta horri lotutako ekosistema-onurak handitzea lortzen ari gara: airearen kalitatea hobetzea, klima-erosotasuna, euri-uraren iragazketa areagotzea eta abar. Bertako hirigintza-taxuera berezia dela eta, biztanle bakoitzeko espazio berdeen ratiorik txikiena duen auzoetako bat da Erdi Aroko hirigunea, eta, horregatik, lorategi-eremu txikiek eta beste elementu berde batzuek garrantzi handia dute”, azaldu du IGIko lehendakari Ana Oregik. Hain zuzen ere, berdea eta biodibertsitatea areagotzea da Udalak, auzoko eragileekin eta kolektibo sozial eta ekonomikoekin batera, gaur egun lanean diharduen Erdi Aroko hirigunea osorik berroneratzeko estrategian jasotako jarduketa-proposamen nagusietako bat

Espazioak eta jarduketak proposatu aurretik, azpiegitura-sareekin, trafikoarekin, eraikitako ondarearekin, hirigintza-bilbearekin, jabetzarekin, zuhaiztiekin eta berdeguneekin lotutako baldintzatzaile fisiko eta legalak aztertuko dira.  Era berean, planteatutako esku-hartzeen onarpen soziala eta horiek garatzeko eta mantentzeko herritarren inplikazio- eta partaidetza-maila hartuko dira kontuan, arrakasta bermatzeko faktore gisa.

Espazioen eta esku-hartzeen hainbat katalogo egingo dira —espazio eta esku-hartze bakoitzeko planoak, zirriborroak eta azalpen-txosten bana—, eta kudeaketa- eta mantentze-beharrak zehaztuko, baita aktore lokalen jarrera eta inplikazio-maila ere.

Azterketarekin batera, auzoa naturalizatzeko egokienak diren landare-espezieen katalogo bat aurkeztuko da, haien mantentze-lanen, etorkizuneko garapenaren eta horrek dakartzan ekosistema-onuren arabera. Halaber, azpiegitura berdearen kudeaketa partekatzeko proposamen bat egingo da.

Share

Urriaren 3an, igandea, egingo da Eraztun Berdearen 17. itzulia, oinez

Irailaren 30era arte eman daiteke izena.

 

Ingurugiro Gaietarako Ikastegiak, Kirol eta Osasun Sailak eta Peña Karria Klubak antolatu dute Eraztun Berdearen 17. Itzuli hori, Eraztun Berdea osatu, birika berde gisa jokatu, eta hiriaren eta landa-eremuaren arteko trantsizioari irtenbidea ematen dien hiriaren inguruko natur guneetan zehar. Hiriaren antolamenduan duen egitura-zereginaz gain, Eraztun Berdeak funtzio garrantzitsua du gasteiztarrontzako zein bisitarientzako aisialdi eta jolasteko gune gisa.

Ataria – Salburuko Hezeguneak Interpretatzeko Zentrotik irtengo da, eta Elorriaga, Olarizu, Armentia eta Gamarran zehar ibiliko da, besteak beste. Irailaren 30era arte eman daiteke izena. 300 leku daude, guztira, eta  izen ematearen hurrenkeraren arabera erreserbatuko dira tokiak, 3 euroko izen-ematea ordaindu ondoren.

Izena on line eman daiteke udalaren webgunean, telefonoz 010 (945 16 11 00.) edo aurrez aurre gizarte-etxeetan. Itzuliaren egunean ezingo da izenik eman.

Izen-ematea gauzatzean, janari-edarietarako txartel bat emango da, izenduna, eta ezinbestekoa izango da parte hartzeko zein ibilbideko zerbitzuak baliatzeko. Izena webgunearen bidez eman bada, irteera-kontrolean banatuko da txartela. Jan-edariak banatzeko hiru gune egongo dira; bi ibilbidean zehar eta beste bat helmugan. Horretaz gain, hainbat opari zozketatuko dira parte-hartzaileen artean, eta banatutako txartelaren zenbakia erabiliko da horretarako.

Antolatzaileek ez dute bere gain hartuko izena eman ez dutenen edo itzuliaren arauak betetzen ez dituzten gorabeheren gaineko erantzukizunik.

Informazio gehiago: https://bit.ly/39waHVa

 

Share

Asteburuan badmintonik onena izango dugu berriz ere Gasteizen, senior mailako Espainiako txapelketa jokatuko baita

  • Autonomia erkidego guztietako 250 kirolarik hartuko dute parte

Irailaren 24tik 26ra Estatuko badmintonik onena izango da Aranaldeko kiroldegian. Seniorren Espainiako txapelketan autonomia-erkidego guztietako 257 kirolari arituko dira. Txapelketa honek azaroaren amaieran Huelvan egingo den Munduko Txapelketarako balioko du. Datorren asteburuan, kategoria eta modalitate desberdinetako egungo Espainiako txapeldunek ere jokatuko dute.

Hainbat urtez Estatuko badminton-zirkuituetan izandako esperientzien ondoren, Gasteizek lehen aldiz hartuko du txapelketa hau. 50 pertsona inguruk parte hartzen du antolakuntzan, muntatze-lanetan, edukieren kontrolean, arbitrajean, match kontrolean  eta txapelketako epaile lanetan. Arabako Federazioak lan handia egin du partiduetako laguntzaileak prestatzen.

Kirol eta Osasun zinegotzi Livia Lopezek  aurkeztu du txapelketa, eta berarekin izan dira Arabako Badminton Federazioko lehendakari Angel Ruiz eta erakunde laguntzaileen ordezkariak: Gerardo Escarza, Arabako Foru Aldundiko Kirol Zerbitzuko burua, eta Arantxa Ibáñez de Opacua, Vital fundazioaren zuzendaria. Halaber izan dira aurkezpenean Hector Tobar, Aronova klubeko lehendakari eta jokalaria; Dina Abouzeid, Just Bádminton klubeko lehendakari eta jokalaria; eta Gorka Moso, Euskadiko Federazioko ordezkari eta probako epaile arbitroa.

“Aintzatetsi egin nahi dugu Badminton Federazioak eta hemengo badminton klubek egiten duten lan handia, bereziki, pandemiak eragindako murrizketek zaildutako garai honetakoa. Lan horri esker Gasteizek gero eta protagonismo handiagoa du kirol honetan, eta horren adibiderik argiena dugu datorren asteburuko txapelketa“ adierazi du Livia Lopezek.

Gure helburua badminton nazionalean erreferente izatea da, eta hirira datozen jokalari guztiek berriz itzultzeko gogoz alde egin dezaten saiatuko gara” adierazi du Ángel Ruiz Arabako Badminton Federazioko lehendakariak.

Aranalde kiroldegiko zortzi pistetan 180 partida jokatuko dira egunero, irailaren 24an eta 25ean (larunbatean eta igandean) . 21 tantoko 3 setetik onenak pasako dira. 9:00etan hasiko dira partidak. Bi egun horietan, talde-fasea, final-laurdenak eta finalerdiak jokatuko dira kategoria eta modalitate desberdinetan. Kategoriak: bederatzi adin-tarte. Modalitateak: emakumezkoak banaka, gizonezkoak banaka, emakumeak binaka, gizonezkoak binaka, biko talde mistoa. 45 final partidak igandean jokatuko dira, eta sariak eguerdian banatuko. Ez da ikuslerik izango, baina partidak Espainiako Badminton Federazioaren Youtube kanalaren bitartez ikusi ahalko dira zuzenean.

Espainiako senior mailako txapelketako 257 kirolariak —174 gizon eta 83 emakume– 30 urtetik 79 urtera bitartekoak dira. 80 klubetako kirolariak dira eta, horien artean Arabako taldeetako 14 kirolari. Esaterako, egun Espainiako txapeldun diren Dina Abouzeid eta Héctor Tobar. Txapelketa honen historian izan den parte-hartze bolumen handienetakoa izango du Gasteizko hitzorduak.

+info: Campeonato de España Sénior de Bádminton

 

 

Share

(Eguneratua) Susana Alfonso Herritarren Segurtasunaren Saileko zuzendari izendatu dute

Egungo Giza Baliabideak Kudeatzeko Zerbitzuko buru Javier Sáez Lanas ordezkatuko du, Gobernuaren Arabako ordezkariorde izendatuko baitute.

 

Giza Baliabideen Kudeaketaren Zerbitzuko egungo buruak Javier Sáez Lanas ordeztuko du, Gobernuaren Arabako ordezkariordea izendatu dute.

Susana Alfonso, Gasteizko Udaleko Giza Baliabideen Kudeaketaren Zerbitzuko egungo burua, Herritarren Segurtasunaren Saileko zuzendari izendatuko dute, bihar, Javier Sáez Lanasen ordez, honek datorren astean Gobernuaren Arabako Ordezkariorde kargua hartuko baitu.

Susana Alfonso soziologian lizentziatua da Deustuko Unibertsitatean eta Master MBA Enpresen Zuzendaritza eta Administrazioan. Gasteizko Udaleko funtzionarioa da 2002tik, Gizartegintza Sailean soziologo gisa hasi zenetik. 2011n Funtzio Publikoaren Sailera pasa zen, eta ordutik, kudeaketaren arduraduna eta Giza Baliabideen Kudeaketa Zerbitzuko buru aritu da, etapa desberdinetan.

Horrenbestez, Susana Alfonso izango da Herritarren Segurtasunaren Saila zuzenduko duen lehen emakumea. Gaur, Tokiko Gobernu Batzarraren aparteko bilkuran onetsi dute izendapena, eta 2019tik zuzendari den Javier Sáez Lanasek karguari uztea ere onetsi dute. Laster Gobernuaren Arabako ordezkariorde izendatuko dute Sáez Lanas, Carlos Zapateroren ordez.

Share

Saltoki batean lapurtzen saiatzeagatik atxilotuta

Udaltzaingoak 25 urteko gizonezko bat jarri du gaur epailearen aurrean. Gizonezkoa atzo atxilotu zuten udaltzainek San Martin plazako saltoki batean indarkeria erabiliz saiakuntza graduan lapurreta-delituaren ustezko egilea zelakoan.

Saltokiko jabeak Udaltzaingoari jakinarazi zion bere establezimenduko burdin sarean, sarrerako atean eta zaintza-kameran kalteak zeudelako. Irudiak berrikusi ostean, udaltzainek ustezko egileetako bat topatu zuten Mediterraneoaren hiribidean.

Susmagarriak zalantzazko jatorria zuten bi mugikor zeramatzan. Gainera, ez zuen helbide ezagunik eta guztia gertatu zen orduan non zegoen galdetu ziotenean ez zuen azalpen koherenterik eman. Ondorioz, atxilotu egin zuten.

Txirrindulari bat larri zaurituta

Atestatuen taldea gaur goizeko 06:45ean Zaramaga kaleko merkataritzagune baten parean gertatu den istripuaren nondik norakoak ikertzen ari da. Istripua auto eta bizikleta banaren artean gertatu da eta txirrindularia, 31 urtekoa, larri zauritu da (iturri medikoen arabera). Ondorioz, Santiago ositalera eraman dute anbulantzian eta han ospitaleratuta geratu da.

 

Share

Gasteizko Emakumeen Etxeak irudia eta web-orria estreinatu ditu, eta presentzia handiagoa izango du sare sozialetan

Jabetze Feministarako Eskolak datorren astean abiaraziko du ikasturtea, arrazakeriari eta emakume beltzen sexualitateari eta identitateari buruzko komedia dramatiko batekin; Hegoalde gizarte-etxean eskainiko da lana.

 

Gasteizko Emakumeen Etxeak irudia eta web-orria berritzeko baliatu du ikasturte hasiera, eta sare sozialetan ere presentzia handiagoa izango du. Hala iragarri dute Berdintasun Zerbitzuko zinegotzi Miren Fernández de Landak eta zerbitzuko buru Mireia Espiauk Jabetze Feministarako Eskolaren ikasturte berriaren aurkezpenean. Izan ere, datorren asteazkenean, irailak 29, abiaraziko da Emakumeen Etxearen prestakuntza-proiektuaren, hots, eskolaren programazio berria, Silvia Albert aktorearen “No es país para negras” ikuskizunarekin. Hegoalde gizarte-etxeko Jesús Ibáñez de Matauco antzokiak hartuko du inaugurazio-ekitaldia, eta oraindik bada lekurik, edukiera handitu baita covid-aren aurkako neurri berriak direla eta.

Miren Fernández de Landa zinegotziak bereziki azpimarratu nahi izan du Eskolaren proiektua (hamarkada batetik gorako ibilbidea duena) eta Emakumeen Etxea (duela bi urte ireki zena) batzen dituen lotura. “Eskola Emakumeen Etxean txertatzen da, haren prestakuntza-proiektu gisa. Gainera, ahalduntze kolektiborako prozesuak sustatzen dituzten ekimenak hartzen ditu Etxeak, emakumeak beren intereseko gaien inguruan antolatu daitezen eta beren boterea handitu dezaten, alegia, baliabide material eta sinbolikoen erabilera eta kontrola bereganatu dezaten. Azken batean, emakumeek zuzenean haiengan eragina duten erabakietan esku har dezaten da Etxearen helburua, berdintasun-politiketan eta gizarte-aldaketan parte hartuz”. Horrekin lotuta, zinegotziak eskerrak eman dizkie “Gasteizerako Etxea sortzeko prozesu luzean lagundu diguten emakume guztiei eta, bereziki, Sorginenea-Tu Casa Feminista elkarteari, zeinak abiarazi eta lehenengo hamahiru hilabeteetan kudeatu baitzuen”.

Ikasturte berriarekin batera, Emakumeen Etxeak logoa estreinatuko du; horrek proiektua emakumeak “ahalduntzerako espazio gisa” identifikatuko du, “non edukiontzia ez ezik edukia ere garrantzitsua baita. Etxearen siluetaren  bitartez, espazioari berari egiten zaio erreferentzia: topaketarako espazio irekia. Ortzadarraren sinboloak edukiaren garrantzia sinbolizatzen du, kolektibitatea, aniztasuna eta mugimendua. Sinbolo feministaren bitartez, azkenik, proiektuaren indarra, oinarria eta helburu bera identifikatzen ditugu”, azaldu du Berdintasuneko zinegotziak.

Irudia berritzeaz gain, Emakumeen Etxeak www.vitoria-gasteiz.org/emakumeenetxea web orria eguneratu du, Udalaren webgunearen barruan. Proiektuari buruzko informazioa, jardueren agenda, eskaintzen dituen zerbitzuak, talde egonkorrak eta Jabetze Feministarako Eskolaren prestakuntza-jarduerak jasotzen ditu web-orriak.

Bestetik, Emakumeen Etxeak presentzia izango du Instagram sarean (@EmakumeenEtxeaVG), sare sozialak tresna estrategikoa izan baitaitezke zabalkunde lanetan; orobat, feminismoaren inguruko eztabaidak eta gogoetak sustatu nahi dira horren bidez, ahalduntzeko  beste tresna bat izan daitekeen aldetik.

Gazteei irekitako Etxea

 Profil berria irekitzeko beste arrazoi bat Etxearen proposamenak gazteengana hurbiltzea da. Horixe da proiektuak etapa berrian lortu nahi duen erronka nagusietako bat, Jabekuntzarako Eskolak ume eta gazteei begira sortutako #FeminismoanItzel programazioarekin abiarazitako ildoa sendotzeko.

 

Web-orri berritua

 

Jabetze Feministarako Eskola, 2021-2022 ikasturtea 

 

 

 

Share

Larrialdietarako Arabako Funtsak 30.000 euro bideratu ditu Haitiko lurrikarak eragindakoei laguntzeko.

  • Elikagaiak eta premia-premiazko higiene-produktuak banatuko zaizkie 300 pertsonari.

 

Gasteizko Udalak eta Arabako Foru Aldundiak eratutako Larrialdietarako Arabako Funtsak 30.000 euro bideratuko ditu,   Nazioarteko Elkartasuna -Solidaridad Internacional elkartearen bitartez, abuztuaren 14an Haitin izandako lurrikarak kaltetuei laguntzeko. Richterren eskalan 7.2ko intentsitatea izan zuen lurrikdarak.

Lurrikaraz geroztik, Haitik, eta bereziki nekazaritza eremuek, egoera humanitario eskasa bizi dute. Gainera, lurrikara gertatu zenean, Haiti segurtasun-larrialdi egoeran zegoen, uztailaren 7an errepublikako lehendakaria hil zutenetik. Lurrikarak larriagotu egin ditu arazo guztiak. UNICEFen arabera, 212.000 pertsona urik eta saneamendurik gabe geratu dira, edateko uren 56 sistemetan izandako kalte larrien eta beste 1800ek izandako kalte txikien ondorioz. 60 instalazio sanitariotan kalteak izan dira, eta horietako 28tan oso larriak.

Ereiteko garaia urrian hasi behar denez, lehenetsi egin behar da larrialdi- laguntza, pertsona ahulenak, bereziki bost urtetik beherakoak, eta haurdun eta bularra ematen duten emakumeak babesteko.

Lurrikarak gehien kaltetu dituen hiru departamentuetan bikoiztu egin da elikadura-segurtasun falta larrian dauden pertsonen kopurua, eta dagoeneko 754.000 pertsona inguru dira.  Komunikatzeko zailtasunak daude azpiegituren egoeragatik, azpiegitura faltagatik eta segurtasun-arazoengatik, eta hori dela eta nekazaritza eremuak dira kaltetuenak, ezin baitituzte oinarrizko zerbitzuak eskuratu.

Nazioarteko Elkartasuna–Solidaridad Internacional elkartearen laguntzak honakoak ditu hartzaile: haurdun dauden edo bularreko haurrak dituzten emakumeak, haur txikiak dituzten familiak, adinekoak, mugitzeko zailtasunak dituztenak, gaixoak, zaurituak edo hildakoak dituzten familiak eta etxea suntsitu zaienak.

Laguntza honen bitartez, elikagaiak eta premia-premiazko higiene-produktuak emango zaizkie Levy-Mersan 1. sekzio komunaleko  300 laguni –zehazki Camp-Perrin, Hegoaldeko departamentukoak– . Mendian isolatuta dago, eta zaila da bertara iristea.

 

 

 

 

Share