Prentsa Oharren banner

Gasteizko Azpiegitura Berdearen Estrategia eredu, Life Urban Klima 2050 proiektuaren lan-bileran

Gasteizen klima-aldaketaren kontra garatutako irtenbideak aurkeztu ditu alkateak, 20tik gora organizazio publiko eta pribatuk parte hartzen duten europar proiektu horretako jardunaldi batean

 

Urban Klima 2050 proiektuaren inaugurazio-mahaian parte hartu du gaur Gorka Urtaran alkateak, Garapen Ekonomiaren, Iraunkortasunaren eta Ingurumenaren sailburu Arantxa Tapiarekin eta Europako Batzordearen Life Programako Baliabide Naturalen, Klimaren, Ekonomia Urdinaren eta Energia Garbiaren Unitateko arduradun Christian Strasserekin batera.

Klima-aldaketaren kontra Gasteizen inplementatu diren eta aurreikusten diren ekintzak azaldu ditu, hau da, “hiriko-arazoak konpontzeko diseinatuta dauden ekintzak, zeinek, gainera, hiriaren azalera berdea, biodibertsitatea eta zerbitzu ekosistemikoak areagotzeko balio baitute. Munduko biztanle gehienak hirietan biltzen dira, eta hiriak dira emisio gehienen erantzule. Beraz, egiten dugunak eragin handia izango du planetako emisioetan eta kliman, baita pertsona gehienen osasunean eta bizi-kalitatean ere. Hirietan, CO2 emisioak hiru multzo handitan sailka litezke: hiriko garraioa eta mugikortasuna, sektore ekonomikoa, eta eraikinak. Hiru parte horietako bakoitzak, gutxi gorabehera, hirietako emisio guztien herena egiten du. Hortaz, horietako bakoitzaren inguruan aldaketa-politikak landu beharra daukagu”, nabarmendu du Gorka Urtaranek.

Ildo horretatik, hiru ardatz horietan finkatu ditu lehentasunak alkateak, klima-aldaketaren kontrako borrokari dagokionez:

  • Mugikortasun aktibo eta iraunkorraren alde egitea, oinezkoa, bizikleta eta garraio publikoa lehenetsiz beste mugikortasun-modu batzuen aldean.
  • Sektore ekonomiko eta industrialari laguntzea, ekonomia berderako trantsizioan. Ez ekoizpen-modu iraunkorragoak geureganatuz bakarrik, baita eredu iraunkorragoan oinarritutako negozio-hobi berriak sortzen lagunduz ere.
  • Eraikinetan, eraikinen birgaitze urbanistiko eta energetikoaren arloko politiken bitartez, efizienteagoak izan daitezen energia-kontsumoari dagokionez, eta energia-iturri berriztagarriak balia ditzaten.

Hiri Azpiegitura Berdearen Estrategia bandera-ontzitzat harturik Gasteizko proiektuei dagokienez, esparru urbanoan Klima-aldaketaren Euskal Estrategia zabaltzea du helburu Life Urban Klima 2050 proiektuak. Eusko Jaurlaritzak —Ihoberen bitartez— gidatzen duen proiektu hori onetsia du Europar Batasunak, klima-aldaketa arindu nahiz horretara egokitzeko Proiektu Integratuen Arloaren barruan, eta, guztira, Euskadiko hogeita hiru entitate publiko eta pribatuk parte hartzen dute bertan, Gasteiz barne.

Ingurugiro Gaietarako Ikastegiak 755.383 euroko aurrekontua du proiektuan parte hartzeko (horietatik, Europako Batzordearen LIFE programak 453.230 euro jarri ditu), eta bi jarduera-ildo nagusietarako erabiltzen ari da: naturan oinarritutako irtenbideak eta lurraldearen erresilientzia hobetzeko hiri inguruko azpiegitura berdea.

Lehenengoa, Gasteizen dagoeneko inplementatu diren edo inplementatzeko bidean dauden naturan oinarritutako irtenbideen katalogo bat da, eta, aldi berean, bai tenperaturetan bai prezipitazioetan espero diren aldaketek hirian izango duten eraginaren eredu teorikoa. Katalogo bizia da; handituz joango da, esku-hartze berriak egin ahala. Oraingoz, 106 jarduera jasotzen ditu; 79 dagoeneko gauzatu dira, 12 gauzatzen ari dira eta 15 gauzatzeke daude.

Bigarren jarduera-ildoari esker, hainbat proiektu burutu ahalko dira: Aramangeluko nekazaritza ekologikoko parkea, gertutasunean oinarritutako nekazaritza ekologikoa sustatzeko; fitokudeaketaren bidez Gasteizko aldirietan hondatutako guneak leheneratzea, zerbitzu ekosistemikoak bultzatzeko (bioaniztasuna, konektagarritasun ekologikoa eta CO2ren hustubide efektua, besteak beste), eta, azkenik, Gasteizko aldirietako 200 hektarea inguru agrologikoki sailkatzea, etorkizunean, gaitasun agronomikoa beste irizpide bat izan dadin hiri-plangintzan.

“Hiriak dira aldaketaren eragile nagusiak, eta, horregatik, klima-neutraltasunari hainbat ikuspegitatik heldu behar diogu eta sektore ekonomikoa trantsizioan inplikatu”, esan du alkateak, bukatzeko. Ildo horretatik, azpiegitura berdearen garapena eta naturan oinarritutako irtenbideak nabarmendu ditu, bizi-kalitatea eta osasuna hobetzeko eta CO2 hustubide gisa jarduteko giltzarri gisa.

 

 

 

Share

Prentsa-deialdiak (2021-10-01)

Prentsaurrekoa. Umbra 2021 aurkeztea

Parte hartzaileak. Lehen alkateorde eta Enpleguaren Sustapen, Enplegua, Merkataritza eta Turismo zinegotzi Maider Etxebarria; Enpleguaren Sustapen, Merkataritza eta Turismo foru diputatu Cristina González; Merkataritza eta Turismo sailburuorde Jesús García de Cos; eta Carlos Torrijos Argia kultur elkarteko arduraduna

Eguna. Ostirala, urriak 1

Ordua. 10:45

Tokia. Montehermoso Kulturunea

 

Share

Judimendiko hornidura- eta saneamendu-sarea berritzeko lanak esleitu ditu AMVISAk

5.394.851 euro inbertituko ditu auzo hori eta hiriko beste gune batzuk hobetzeko.

AMVISAko Administrazio Kontseiluak Judimendiko hornidura- eta saneamendu-sarea berritzeko lanak esleitu ditu gaur. Hiriko beste zona batzuk hobetzea ere barne hartzen dute lan horiek. Balgorza-Arana aldi baterako enpresa-elkarteak egingo ditu lan horiek, 5.394.851 euroan; gauzatzeko epea hiru urtekoa izango da.

Judimendin, hornidura-sareko fibrozementu edo burdinurtu griseko hodien ordez, burdinurtu nodular eta polietileno edo mahuka-hodiak jarriko ditu AMVISAk. Saneamendu-sarean, berriz, mahuka-sistema erabiliko da, honen bitartez ez baita zangarik ireki beharrik, kolektoreen narriadura dela eta altxatu beharra dagoenean izan ezik.

Judimendi auzoko hogei bat kaletan egingo dira lan horiek. Herrandarren kalean, esaterako, Done Jakue hiribidetik Olagibel kalera doan kolektorearen edukiera hidraulikoa hobetuko da, baita Urriaren Hamabiaren kalearekiko bidegurutzeko zati batekoa ere.

AMVISAren lehendakari Marian Gutiérrezek azaldu duenez, “ Judimendik —eta beste auzo batzuek, Txagorritxu edo Pilarrek, esaterako— oso ur-sare zaharra dute, eta. konpondu ezean, etorkizunean arazoak sor ditzake. Horregatik egin ditugu obra hauek eta inbertsio handia,  hobetu egingo baita sarearen efizientzia eta bizilagunei eskaintzen diegun zerbitzuaren kalitatea”.

Herritarrei enbarazurik ez sortzeko, zangarik gabeko teknologiak erabiliko dira, ahal den neurrian, obrak egiteko (relining, sliplining, mahuka); hau da, ordeztu nahi den hodiaren barruan beste bat sartzea. Eragozpen gutxiago sortzeaz gain, gauzatze epeak laburragoak dira, eta errentagarriagoak.

Beste auzo batzuk

Hiriko beste gune batzuetan ere egingo dira hornidura-eta saneamendu-sarea hobetzeko lanak: zehazki, Aranbizkarreko, Aranako, Sansomendiko, Mendizorrotzeko eta San Kristobaleko 11 kaletan. Gaur esleitutako kontratuak lan hauek ere barne hartzen ditu.

Share

Gasteizko herritarren postontziak 1.148 galdera jaso ditu aplikazioaren bidez; aurreko hiruhilekoan baino % 8,3 gehiago

  • Udalak hamar egun baino gutxiagoan erantzun dio herritarren Postontzian egindako kontsulten % 91ri Enpleguaren eta Herritarren Parte-hartzearen zerbitzuek  kontsulten  % 100 erantzun dute epe horretan.
  • Behera egin dute nabarmen udaltzaingoari, berdeguneei eta bide publikoetako kalteei buruzko kontsultak.
  • Gora, berriz, egoitza eta erregistro elektronikoko kudeaketei eta mugikorreko HUT berriari buruzkoak.

Gasteizko Udalaren herritarren postontziak 4.810 gai erregistratu zituen 2021eko bigarren hiruhilekoan. Hau da, 2020ko hiruhileko beraren aldean % 10,5 jaitsi da gaien kopurua. Jasotako iradokizun eta eskaeren % 84 inguru itxi dira.

Mugikorretarako aplikazioaren bidez 1.148 iruzkin iritsi dira, aurreko hiruhilekoan baino % 8,3 gehiago. 333 iruzkinetan argazkia erantsi da. Espazio publikoak, mugikortasunak eta garraioak metatzen dituzte mugikorrez jasotako mezuen erdia baino gehiago.

Postontziko gaien kopurua pandemiaren aurreko mailan dago berriz, hirian, gutxi gora-behera, bizitza normalizatua egitearen isla. Zentzu horretan, nabarmen jaitsi dira udaltzaingoarekin lotutako kontsultak: % 36,6 jaitsi dira, eta 2019ko hiruhileko beraren antzeko kopuruetara iritsi da. TUVISAri buruzkoak ere % 19 jaitsi dira, ordutegiak eta maiztasunak normaltasunera bueltatuta. Bestalde, hirian obrak izanik ere, % 22 jaitsi da, aurreko hiruhilekoaren aldean, seinaleztatze eta balizatzearekiko lotutako gaien kopurua.

Hala ere, igo egin dira egoitza eta erregistro elektronikoko kudeaketarekin lotutakoak, eta  mugikorreko HUT berriarekin lotutakoak. Nabarmen igo da kontsulta kopurua, aurreko urtearen aldean % 51eko hazkundea da. 2020koaren antzeko igoera, pandemia zela eta hilabete batzuetan herritarrei laguntzeko bulegoak itxi eta online izapidetzea areagotu zenean.

Udaleko sailek azkar erantzuten jarraitzen dute. Hamar egun baino gutxiagoan erantzundako gaien ehunekoa hazi egin da, % 91 izatera iritsi baita, hau da, aurreko hiruhilekoan baino puntu bat gehiago, eta duela urtebete baino % 2 gehiago. Enpleguaren eta Herritarren Parte-hartzearen zerbitzuek erantzun dute azkarren, eta kontsulten % 100 erantzun dute 10 eguneko epe barruan.

Borja Rodríguez, Herritarren Partaidetzaren zinegotzia: “Herritarren postontzian jasotzen diren datuen azterketak erraztu egiten digu gobernuaren eta sailen kudeaketa hobetzea, Gasteizko herritarren eskariei erantzuteko. Hiruhileko honetan, gainera, hiria bizimodu normalizatu batera itzuli dela  erakusten dute zenbakiek”.

 

Share

Atxilotua indarkeriarekin lapurreta-saiakera egiteagatik eta udaltzainen aurkako atentatuagatik

Udaltzainek atzo 56 urteko gizonezko bat atxilotu zuten indarkeria erabilita lapurreta-saiakera eta agintaritza-agenteen aurkako atentatua delituen ustezko egilea izateagatik.

21:30 baino zertxobait lehenago, Alde Zaharrean Udaltzaingoa esku hartzen ari zela, kale-jantzian zihoan eta telefonoz hizketan ari zen udaltzain batek mugikorra kentzen saiatu zen gizonezko batek emandako bultzada jaso zuen. Udaltzainak telefonoari eustea eta gizonezkoari beso batetik heltzea lortu zuen korrika ihesean joan ez zedin. Une hartan, udaltzainaren eta haren lankidearen aurka eraso egin zuen eta, ondorioz, atxilotu egin zuten.

Gaur eramango dute epailearen aurrera.

Share

“Gazteak eta ludopatia” jardunaldiak jokoarekiko mendekotasunaren prebentzioko eragileak bildu ditu  Europa jauregian

Livia Lopéz Kirol eta Osasun zinegotziak “Gazteak eta ludopatia” jardunaldiaren hasiera-ekitaldian parte hartu du, gaur, Europa biltzar jauregian. Jardunaldiak ASAJER elkarteak antolatu ditu. Psikologiaren eta gizarte-lanaren arloko adituek eta jokoarekiko mendekotasunaren prebentzioan lan egiten duten taldeek hartu dute parte jardunaldiko jardueretan, eta gazteak ere mahai inguru bateko protagonista izan dira.

Livia Lopezek gogoratu egin ditu udalak azken urteetan ASAJERen eskutik emandako pausuak, ludopatiarekin lotutako nahasmenduak dituztenen profila aldatu egin baita. Ildo horretan, Udalbatzak 2019an hartutako konpromisoa azpimarratu du, izan ere, horren haritik gazteei zuzendutako hainbat kanpaina eta prebentzio-ekimen egin da.

Share

Beste pausu bat eman da hirigune historikoa berroneratzeko estrategia koordinatuko duen “Casco Bizia” bulegoa martxan jartzeko

21 Zabalgunearen kontseiluak herritarrei laguntzeko “Casco Bizia” bulegoa handitzeko obren lizitazioa onetsi du gaur. 105.414 euroko lizitazio-aurrekontua du, eta 4 hilabeteko gauzatze-epea.

21 Zabalgunea Erdi Aroko hirigunea berroneratzeko eta biziberritzeko estrategia ezarri eta garatzen ari da, udalaren hainbat sailekin, auzo-elkarteekin eta gizarte-eragileekin koordinatuta. Ildo horretako ekintzetako bat dugu 21 Zabalguneak auzoan duen “Casco Bizia” bulegoa indartzea eta zerbitzu gehiagoz hornitzea, bizilagunei hurbileko arreta eskaintzeko eta aipatutako estrategiaren kudeaketa integrala egiteko gune gisa. Horretarako handitu egingo da bulegoak Pintore kaleko 45.ean duen aretoa, elkarteak berak areto horren ondoan — Pintore kaleko 43an— duen aretoa gehituta. Gune berri horretan teknikariek eta herritarrek osatutako hirigune historikorako mahaiak lan egin eta jardungo du, bestelako jarduera osagarrietarako ere izateaz gain.

Alkateak Aldabeko Auzogunean aurkeztu zuen, 2021eko apirilaren 21ean, Erdi Aroko hirigunea berroneratzeko estrategia partekatu hau, eta iragarritako ekintzetako bat izan zen bizilagunei eta inplikatutako agenteei arreta eskaintzeko, koordinatzeko eta kudeatzeko gune bat izatea.

Pintore kaleko 43.eko aretoak 76 m2 inguru eraiki ditu, eta gune gardena da, askotariko jarduerak egiterik izan dadin, besteak beste, elkarrekin lan egitea eta jardutea, hirigunearen berrorenaratzearekin lotutako estrategia eta proiektuak diseinatu, jarraitu eta ebaluatzeko. Komun egokitua izango du, eta instalazioak (klimatizazio, aireztapena, hornikuntza, elektrizitatea…) Pintore kaleko 45.eko instalazioekin bateratuko dira.

 

Share

Gasteizek Terrorismoaren Biktimen Oroimenezko Zentroa sartu du eskola-bisiten programan

Maider Etxebarria: “ezinbestekoa da ikasleak kontzientziatzea giza eskubideen eta balio demokratikoen garrantziaz”

Gasteizko Udalak Terrorismoaren Biktimen Oroimenezko Zentroa sartu du ‘Vitoria-Gasteiz Hiri Hezitzailea’ programan, eta, horri esker, doako eskola-bisitak jarri ahal izango dira martxan. Alkateorde Maider Etxebarriak eta Hezkuntza zinegotzi Estibaliz Cantok lankidetza protokoloa sinatu dute  Oroimenezko Zentroaren zuzendari Florencio Domínguezekin, ekimenari argi berdea emateko.

“Oso pozik gaude akordio honekin, ezinbestekoa delako ikasleak kontzientziatzea giza eskubideen eta balio demokratikoen garrantziaz. Duela ia hamar urte amaitu zen ETAren jarduna, baina elkarbizitzaren alorrean badela egitekorik uste dugu”, adierazi du Maider Etxebarriak. Bestalde, Oroimenezkoaren zuzendariak azpimarratu duenez, Euskadin terrorismoaren bizipen zuzenik izan ez duen belaunaldi bat dago, zorionez. Horrexegatik, ez daki indarkeriak zer ekarri dion gure oraintsuko historiari. Ez dakite zer nolako mina eragin duen, nola ezegonkortu zuen bizitza publikoa edo nolako mehatxua izan zen bizikidetzarentzat”. Domínguezek gogorarazi duenez, Oroimenezko Zentroak “historia horri buruzko informazioa zabaltzeko aukera ematen du, biktimen sufrimendua gogorarazi eta gazteengan indarkeria gaitzesteko eta giza eskubideak defendatzeko jarrera sendotzearren. Udalak eta Oroimenezko Zentroak elkarlanean jardun nahi dugu museoa bera eta zentroak eskaintzen duen material didaktikoa ikastetxeen eskura jartzeko”. Estibaliz Cantok erantsi duenez, “protokolo honek zenbait balio bultzatzen lagunduko digu, hala nola gizabidea eta bakearen kultura”.

Oroimenezko Zentroa udaleko hezkuntza-programan sartzeko ideia “ekainean inauguratu zenetik” mamitu da; izan ere, hainbat ikastetxetako arduradunek gero eta interes handiagoa erakutsi dute erakusketa bisitatzeko, baita Euskaditik kanpokoek ere. Horrenbestez, hemendik aurrera, ikasleek Oroimenezko Zentroa bisitatu ahalko dute, “bertako langileen azalpenekin batera”, Etxebarriak azaldu duenez, “hiru garaitan banatutako errepaso historikoa egiteko: diktadura frankista, trantsizioa eta demokrazia”. Bisitan terrorismoarekin lotutako gertakari nagusiak gogoratuko dituzte, besteak beste, ETAren hasiera, GRAPO taldeak, GAL eta Martxoaren 11. Erakusketak hiru galderaren inguruan hausnartzeko gonbita egingo du: ‘nolatan gertatu zen?’, ‘zer egingo nukeen nik egoera horretan?’ eta ‘zer egin dezaket errepika ez dadin?’. Osagarri gisa, Oroimenezkoak material didaktikoa jarriko du ikastetxeen eskura.

Bisita gidatuek —doakoak— ordubete iraungo dute, eta gaztelaniaz, euskaraz, ingelesez edo frantsesez egin ahal izango dira. Parte hartzeko, aldez aurretik izena eman beharko da, memorial@centromemorialvt.com helbidera mezu bat bidaliz edo 945 19 81 30 telefono zenbakira deituz.

Share

Bizan zentroek Adinekoen Nazioarteko Eguna ospatuko dute bihar, Andre Maria Zuriaren plazan adierazpen bat irakurriz eta zenbait jarduera eginez

 

BIZAN zentroen sareak (lehengo adinekoentzako zentro soziokulturalak) Adinekoen Nazioarteko Eguna ospatuko du bihar, urriak 1, Nazio Batuen Batzar Nagusiak duela 31 urte ezarritakoari jarraituz.

Horren haritik, adierazpen bat irakurriko da, eta zentroen erabiltzaileek zenbait jarduera egingo dituzte Andre Maria Zuriaren plazan, denbora eta espazioa beste adin eta gizarte-talde batzuetako pertsonekin partekatuz.

“Adinekoak bizitzaren zein unetan dauden ohar daitezen nahi dugu, eta gizartean zenbateko indarra eta pisua duten. Komunitatean ikusgarriago bihurtu nahi ditugu, eta gizarteari egiten dioten ekarpena ikusarazi. Izan ere, adinekoak oso presente daude gure egunerokoan; gizarte aberats eta plural batean, halakoa baita gurea, esku-hartze aktiboa dute, eta esperientzia,  jakinduria, balioak eta bizitzeko modu bat jartzen dituzte“, adierazi du Gizarte Politiken, Adinekoen eta Haurren zinegotzi Jon Armentiak.

Urriaren 1eko jarduera-programa 17:45ean abiatuko da, Andre Maria Zuriaren plazan, musika lagun. 18:05ean, “Jar ezazu adineko bat zure bizitzan” pregoia irakurriko da, adinekoek eguneroko bizitzan duten egitekoa islatzeko asmoz.

Ondoren, jai giroko ibilaldia egingo da hiriaren erdialdetik. Aldi berean, Andre Maria Zuriaren plazan eztabaida antolatu da gai honen inguruan: adinekoek gizarteari egiten dizkioten ekarpenak; zer espero du gizarteak haiengandik, eta zer espero dute haiek gizartetik?

19:15ean amaituko da jardunaldia, adierazpen bat irakurriz.

Jon Armentiak esan duenez, “ekitaldi horiek guztiak aukera paregabea izango dira BIZAN sareren erabiltzaileek aisialdi eta partaidetza arratsalde batez goza dezaten, herritar orori irekitako ospakizun baten aitzakian“.

 

BIZAN sarea

16 zentrok osatzen dute BIZAN sarea. San Martinekoa izan zen sarean sartzen azkena, duela urtebete baino gutxiago. Zentro horien bidez, Gizarte Politiken, Adinekoen eta Haurren Sailak 60 urtetik gorako pertsonen eta haien bikotekideen zahartze aktiboa eta parte-hartzea sustatzen dute. Gaur egun ia 36.000 erabiltzaile dituzte, eta txartela doakoa da.

Gasteizen, 65 urte edo gehiago duten 54.500 pertsona inguru bizi dira.

Share