Prentsa Oharren banner

Prentsa-deialdiak (2021-09-16)

Mugikortasun Asteari hasiera ematea

Parte hartzaileak. Vitoria-Gasteizko alkate Gorka Urtaran; eta Mugikortasunaren eta Espazio Publikoaren zinegotzi Raimundo Ruiz de Escudero

Eguna. Osteguna, irailak 16

Ordua. 12:00

Tokia. Andre Maria Zuriaren plaza

Share

Mendizorrotza eta Esmaltazioetako biribilgunearen arteko ardatza asfaltatzea azken txanpan dago, eta datorren astean itxi egingo da trafikorako

Mendizorrotza eta Esmaltazioen arteko trafiko-bideak berriz asfaltatzeak azken txanpari ekingo dio, eta datorren astean, obrak puri-purian egongo baitira, itxi egin beharko da bide-zati osoa. 1,7 milioi euroko inbertsioa egin du Udalak Salbaterrabide, Araba eta Zumakadi kaleak asfaltatzeko egiten ari diren lanetan, bi kilometroko ibilbide zuzena osatzeko, 23.000 metro koadroko azalera hobetuz. Lan horiek bukatzen direlarik, bertatik igaroko dira garraio publikoa (TUVISA eta BEI) eta trafiko pribatua. Oso sakona da esku-hartzea, 25 zentimetro fresatu baitira, eta guztira hiru asfalto-geruza zabalduko baitira. Zona hori egoera oso txarrean zegoen, eta bertatik egunero pasatzen ziren herritarrek eta gidari profesionalek eskatua zuten konpon zedila.

Obra osoaren eragin nagusia datorren astean izango da, 20tik 26ra bitartean. Egun horietan, Gasteizko Udaleko Mugikortasunaren eta Espazio Publikoaren Sailak errodadura-geruza asfaltatuko du, intentsitate handienarekin lan egingo duten bi aglomeratu-talde independenterekin. Astelehenean eta asteartean, bide nagusiaren elkarguneetan egingo dituzte lanak, eta gainerako hiru egunetan, berriz, trazaduran bertan.

Makinak lanean ari diren bitartean, ardatz osoko trafikoa moztu beharko da, Lasarteko ateko biribilgunetik Esmaltazioetakoraino, bi noranzkoetan, baita ardatzeko sarbide guztiak ere. Zuzenean eragingo dute obrek zenbait lekutan, hala nola Bataneko bizitegi-eremuan, Arabako ospitale psikiatrikoan eta unibertsitatera Agirre Miramón kaletik sartzen diren autobus-lineen egungo geltokian. Izardui komandantearen kalean barrena ezingo da Zumakadi ibilbidera sartu. Aipatutako mozketek, era berean, eragina izango dute TUVISAren zenbait linearen ibilbidean (2A, 2B, 3, 8, 10 eta hilerrikoa), desbideratu egingo baitira, baita hiri-hondakinen bilketan ere.Obrek iraun duten hilabete guztietan eragindako enbarazurik handien hori irailaren 24an bukatuko da, arratsaldez. Egun horretan, trazadura nagusia eta bidegurutzeak seinale horizontalik gabe ireki ahal izango dira, behin-behinean. 27ko astean, berriz, seinaleztapen horizontala jartzeko lanei ekingo zaie. Ibilgailuen trafikoarekin bateragarri izateko moduan planifikatu da fase hori.

Share

Udal Musika Bandak 2020ko Urrezko Zeledonen galan joko du, irailaren 22an

Principal antzokian izango da emanaldia, 19:30etik aurrera

Gasteizko Udal Musika Bandak kontzertua eskainiko du Principal antzokian, irailaren 22an, ‘Urrezko Zeledon’ saria emateko egingo den galan. Arratsaldeko zazpi eta erdietan hasiko da ekitaldia.

Hezkuntza eta Kultura zinegotzi Estíbaliz Canto, Udal Musika Bandaren zuzendari Luis Orduña eta Urrezko Zeledonen lehendakari Josemari Velez de Mendizabal izan dira aurkezpen-prentsaurrekoan.

Oraingo honetan Mikel Delikak jasoko du saria, beirate historikoak zaharberritzen eta beirateen ondarea kontserbatzen eta mantentzen egindako lanagatik.

“Artisautza artistikoa, festa-artisautza, omentzeko aukera paregabea da. Mikel Delika festaren artisaua da, eta, horrenbestez, bakearen artisau” adierazi du Jose Mari Velez de Mendizabalek.

 Horretaz gain, aipamen berezia egingo zaio Deportivo Alavesi, bertako neska-mutilak gure hiriaren ordezkari baitira mailarik goreneko futbol txapelketetan “ gaineratu du zinegotziak..

Hori dela eta, Gasteizko bandak kirol-espiritua duen programa interpretatuko du. “Musikak futbol partidu bateko giroan murgilduko gaitu une batzuetan, baina baita une zeremoniatsuagoetan ere, bake unibertsalaren aldeko “oihu” batekin amaitzeko, baldintzarik gabekoa bizitzako arlo guztietan” adierazi du Luis Orduñak.

Pieza hauek entzun ahal izango dira: ‘Welcome Oberture‘,  Otto M. Schwarzena; ‘Alkate Soñua‘, Felix Sistiagarena; ‘Celedón’, Mariano San Miguelena, ‘Libertadores’, Óscar Navarrorena eta ‘Himno al Deportivo Alavés’, Alfredo Donnayrena.

Estibaliz Cantok eskertu egin dio Orduñari pandemian erakutsitako kemena, eta bandaren denboraldi berrirako abonamenduak agortuta daudela iragarri du. “Osasun-krisiaren eboluzio ona eta gure herrialdean egindako txertaketa-kanpaina arrakastatsua direla eta, edukiera handitu ahal izatea espero dugu, pertsona gehiagok izan dezan udal bandak hastear den ikasturterako proposatutako kontzertu interesgarriekin atsegin hartzerik” adierazi du.

Urrezko Zeledonen galarako sarrerak 3 eurotan eros daitezke, Principal antzokiaren ohiko bideak baliatuz.

Udalaren Folklore Akademiak ere hartuko du parte ekitaldian, eta streaming bidez jarraitu ahalko da Radio Vitoriaren webgunean.

Informazio gehiago

Share