Prentsa Oharren banner

Gazteen artean espiritu ekintzailea sustatzeko Escape room bat abian jarri du Araba Ekinean-ek, on line

Aplikazioa deskarga daiteke dagoneko, eta urriaren 16ra arte egongo da erabilgarri

Gasteizko Udalak, Arabako Aldundiak, Eusko Jaurlaritzak —SPRI eta BIC Araba taldeen bitartez— eta Vital Fundazioak antolatutako Araba Ekinean ekimenak Escape room bat abian jarri du, on line —‘Ekintzailetzaren arrastoan’ izenburuarekin—, Arabako gazteek beren espiritu ekintzailea frogatzerik izan dezaten, bahitutako pertsona-talde bati laguntzeko ahaleginean. Urriaren 16ra arte egongo da eskuragarri abentura, AdventuriQ doako aplikazioaren bitartez, bai iOSen, bai Androiden. “Ekintzailetza publiko gazteago batengana hurbiltzea da helburua, modu ludikoan eta gure lurraldean jarraitzaile asko dituen formatu baten bidez”, nabarmendu du Gasteizko lehen alkateorde eta Ekonomia Sustapeneko zinegotzi Maider Etxebarriak. 12 urtetik gorako edonorentzat gomendatzen da jarduera.

Araba Ekinean-en Escape Room horretan parte hartzeko, urrats hauek egin behar dira:

– AdventuriQ aplikazioa deskargatu, doan, mugikorrean edo tabletean.

– Alta eman, erabiltzaile bat sortuz, helbide elektronikoarekin eta pasahitzarekin.

– “Ekintzailetzaren arrastoan” abentura bilatu eta kargatu, Game Pin honekin: 674637845.

Abentura puntuaziorik handienarekin eta denborarik laburrenean osatzen duenak 50 euroko opari-txartela jasoko du sari gisa, hiriko saltoki batean gastatzeko.

Araba Ekinean-en ekitaldi nagusien hilabetea

Europa jauregiak Araba Ekinean-en bi ekitaldi nagusiak hartu baino egun batzuk lehenago ekin zaio ekimen horri. Irailaren 29an, 19:00etan, “Zure ideiak balio du” lehiaketako finalisten 20 ideien aurkezpena izango da, eta 15:30ean, berriz, ekintzaileen eta finantza-, babes- eta aholkularitza-entitateen arteko B2B IV. topaketa. Urriaren 5ean, asteartez, 17:00etatik aurrera, Ekin Day jardunaldi nagusia izango da, Araba Ekintzailea 2021, Ekintzaile Handia eta Araban Ekiten sarien eta ideia-lehiaketako irabazleen sariak banaketa barne. Sarrera doakoa da, baina izena eman beharra dago, alavaemprende.com webgunean.

Share

Dantza tradizionala eta olerkiak uztartzen dituen “Harria” ikuskizunarekin estreinatuko du Olarizuk Antzoki Berdea

Mulixka eta Iñaki Perurenaren proposamenarekin jarriko du martxan Olarizuko etxaldearen ondoko topagune berria udalak

 

Edukiera mugatuta egongo da eta iristen den ordenaren arabera osatuko da

Olarizuk datorren ostiralean, hilak 24, 19:00 etan, estreinatuko du bere Antzoki Berdea, natura, dantza tradizionala eta kontaketa elkartzen dituen Harria ikuskizuna tarteko. Udalak martxan jarri du, beraz, aire zabalean elkartzeko gune hau, Olarizuko parkearen erdian.

Osasun neurriak direla eta, edukiera mugatuta egongo da eta iristen den ordenaren arabera osatuko da.

Duela gutxi amaitu dira Olarizuko etxaldearen ondoko harmaila berdea eraberritzeko lanak, zein Olarizuko ingurune hori Euskadiko Botanikoa bihurtzeko aurreikusitako proiektuetako bat baita.

“Olarizu birdimentsionatu eta Eraztun Berdeko harribitxia bihurtu nahi dugu, edukiz eta erakargarriz betez bi alorretan: aisialdia eta zabalkundea. Aisialdi-lekua da Olarizu, eta erromeriak egiten dira bertan. Gainera, Gasteizko Mendietara eta natur intereseko beste leku batzuetara joateko bidea da“ adierazi du Gorka Urtaran alkateak. Antzoki berdeaz gain, honakoak ere izango dira: aintziraren gaineko pasabidea (duela hilabete batzuk jarria), informazio-bulegoa (parkera iristen direnei ongi etorria emateko), sarrerako hizkiak, argiztapen hobea, udal mintegiaren lekualdatzea (bisitatu egin ahalko da), landare erabilgarrien lorategia. Horretaz gain, labirinto begetala eta tirolinen eta jolas naturalizatuen eremua ere aurreikusita daude proiektuan.

Antzoki berdea Olarizuko etxaldearen ondoko lurzati batean eraiki da. Etxalderaino doan bidea du mugakide lursail horrek ekialdean; hegoaldean eta mendebaldean, berriz, Mendiolara doan bide batek inguratzen du.

Eserleku jarraitu bat eta harmailak egoteaz gain, jendeak belarrean eseri eta etzaterik izan dezan nahi da. Indusketa eta betelanak egin dira antzokia eraikitzeko, eta 1.600 metro kubiko lur mugitu dira horretarako. Agertokiak Olarizu hiribidetik datorren bidetik du sarbidea.

Harriaz

Mulixkak eta Iñaki Perurenak HARRIA aurkeztu dute. Ordubeteko ikuskizunak dantza tradizionalak eta harri-jasotzaile ezagunaren bertsoak uztartzen ditu. Mulixka euskal dantza taldeak (Gasteiz, 2016) sentimenduz eta identitatez betetako koreografiaz jantziko du antzoki berdea, Josu Sanchez dantzariaren zuzendaritzapean. Harriarekin lotutako alderdiak eta horiekin lotutako kirolen zertzeladak nabaritu ahalko ditugu dantzetan.

 

 

Share