Prentsa Oharren banner

Prentsa-deialdiak (2021-09-10)

Gorka Urtaran alkatearen prentsaurrekoa

Gobernu-batzordearen ondoren, Vitoria-Gasteizko alkate Gorka Urtaranek Udalaren gaur egungo gaiak hizpide izango ditu.

Parte hartzaileak. Vitoria-Gasteizko alkate Gorka Urtaran

Eguna. Ostirala, irailak 10

Ordua. 11:00

Tokia. Udaletxeko prentsa aretoa

Share

Gasteiz, Masterchef Poloniako saioetako baten agertoki

Ia ehun pertsonak osatutako lantalde bat Gasteizen filmatzen ari da, Masterchef Poloniako hamargarren ediziorako. Programak Espainia plaza hautatu du agerlekurako, bertan grabatzeko eliminazio-proba bat, sei lehiakiderekin. Filmaketari esker, Arabako hiriburuaren zenbait txoko ikusiko dituzte Polonian, esaterako Aihotz plaza, San Migel elizako balkoia eta Arkupeak. Gorka Urtaran alkateak zorte ona opa izan die partaideei, lantaldeari ongi etorria eman ondoren.

Share

Errekisitoria judizialagatik atxilotua, Autobus Geltokian ateak indarrez irekitzen saiatu ostean

Udaltzainek bart goizaldean 61 urteko gizonezkoa atxilotu dute, haren gaineko errekisitoria judiziala zegoelako, Autobus Geltokiko zenbait atea indarrez irekitzen saiatu ostean.

Gertakariak 02:15 inguruan gertatu dira, 092 zenbakira egindako dei batek Autobus Geltokian udaltzainen presentzia eskatu duenean. Gizonezko batekin arazoak zituzten, instalazioko zenbait ate indarrez irekitzen saiatzen ari baitzen.

Patruila batek gizonezkoa identifikatu du eta dokumentazioa egiaztatu ondoren, ikusi dute bilatzeko, atxilotzeko eta Burgoseko Epaitegian aurkezteko agindu bat zuela indarrean, beraz, agindua bete eta gaur geratu da epailearen esku.

 

Share

Olarizuko Erromeria eta Gasteizko 840. urteurrena kupoian

Irailaren 13an eta 26an zozketatuko dira

Gasteiz, 2021eko irailaren 9a (ONCE). ONCEren kupoiak Arabako bi gai nabarmenen berri emango du hilabete honetan. Alde batetik, irailaren 13an (astelehena) zozketatuko den eguneroko kupoia, Olarizuko Erromeria tradizionalari eskainia, eta asteburuko kupoia, irailaren 26an (igandea) zozketatzekoa, Gasteiz hiriaren fundazioaren 840. urteurrenaren ospakizunarekin batera. Bi irudiak salgai daude dagoeneko, eta 11 milioi kupoitan (5,5 milioi irudi bakoitzean) islatuko dira, estatu osoan zehar bi efemerideak ezagutzera emateko.

Kupoien xehetasunak jakinarazi zituzten, Gasteizko Udalean egin zen aurkezpenean, Gorka Urtaran Alkateak; Juan Carlos Andueza ONCEren Euskadiko lurralde-Ordezkariak; Rafael Ledesma ONCEren Euskadiko lurralde Kontseiluko presidenteak, eta Teresa Salgado ONCEren agente saltzaileak.

Gorka Urtaran Gasteizko alkateak eskerrak eman dizkio ONCEri “hain gureak ditugun bi efemerideak” azpimarratzeagatik. “Olarizuko erromeria Gasteizeko bereizgarrietako bat da, udari agur esan eta ikasturte berriari ongietorria emateko. Eta belaunaldien arteko topaketa batean egiten dugu, oso gasteiztarra. Gasteiz 1181. urtean sortu zela ospatzea ere harro egoteko modukoa da hiriarentzat, harro egoteko moduko aberastasun historiko eta kulturala erakusten baitu” ere adierazi du alkateak.

Bestalde, ONCE Euskadiko lurralde-ordezkari Juan Carlos Anduezak gogorarazi duenez, “Iaz pandemiaren ondorioz izandako geldialdiaren ondoren, agente saltzaileek ONCEren joko-produktuak eskaintzen jarraitzen dute herri eta hirietako kaleetan, eta, aurten, Euskadin 17 milioi euro baino gehiago banatu dira sarietan, eta udalerri saridunen zerrenda luzea da“.

ONCEk Euskadiko ekitaldi esanguratsuenetako batzuk jasotzen eta islatzen jarraitzen du, eta, horrela, herritarrek ONCEren jokoetan jartzen duten konfiantza eskertzen du; izan ere, joko horiei esker, 3.400 pertsona-itsu edota ikusmen murriztuko pertsona inguruk, EAEko Erakundeko afiliatuek, beharrezko prestazio sozial eta teknikoak jasotzen dituzte, eta erabat haien gizarteratzearen alde egiten dute.

Olarizuko Erromeriako kupoia

Olarizuko Erromeriari eskainitako kupoia irailaren 13an (astelehena) zozketatuko da, eta, beraz, ONCEren eguneroko kupoia denez, 1,5 euroren truke, 35.000 euroko 55 sari eskainiko ditu bost zifratan. Beste 0,5 euroren truke, seriean jokatuz gero, 25 urtez hilean 3.000 euroko “paga” bat irabaztea eskaintzen du, 35.000 euroko ordainsariari gehituta.

Aurten pandemiaren aurrean prebentzioagatik erromeria egingo ez den arren, XIX. mendetik, Ama Birjinaren jaiotzaren jaiaren ondorengo astelehenean (irailak 8), erromeria herrikoia egiten da Gasteizko hegoaldeko Olarizuko zelaietan, Olarizuko muinoa koroatzen duen gurutzeraino igotzeko.

Goiz horretan bertan, Udalbatzaren urteroko bisita egiten da udalerria mugatzen duten mugarrietara. Duela 500 urte baino gehiagoko administrazio-ohitura da, eta Montero Mayor delakoaren jarduneko alkatea du buru. Arratsaldean, hainbat jarduera ludiko izaten dira landetan, familia osoarentzat. Erromeria honekin udako zikloa ixten da eta uztak biltzeagatik eskerrak emateko nekazarien erritua betetzen da.

Gasteizko 840. urteurreneko kupoia

Toki gutxik dute izen eta abizena, Vitoria- Gasteizek duen bezala. Nafarroako Antso VI.a erregeak eman zion “Victoria Berria” izena, hiria 1181ean sortu zuenean. Garai hartan, harresiz inguratutako hiribildu bat zen, Nafarroako erresumaren defentsarako aurreratua zena. “Gasteiz” abizena muinoan zegoen herrixkarena da.

Gasteizko fundazioaren 840. urteurrenari eskainitako kupoiak, ONCEren asteburuko kupoia izanik, sari nagusi bat eskaintzen du bost zifra eta 300.000 euroko serieari, gehi 5.000 euro hilean 20 urtez jarraian, lehenengo erauzketan saritutako zenbakiaren eta seriearen kupoi bakar bati. Gainera, hilean 2.000 euroko sariak ere eskaintzen ditu 10 urtez jarraian, bigarrenetik bosgarrenera bitartean egindako ateraldietan saritutako zenbaki eta serieen lau kupoiei.

ONCEren kupoiak ONCEko 20.000 agente saltzailek merkaturatzen dituzte. Gainera, www.juegosonce.es webgunetik eta baimendutako establezimendu laguntzaileetan eros daitezke.

 

Share

BEI protagonista izango da Mugikortasun Iraunkorraren Europako Astearen 20. urteurrenean

Irailaren 16tik 22ra bitartean Gasteizen izango diren ekintzen artean, nabarmentzekoak dira lehenengoz joaterik izango dutela herritarrek BEIn, erakustaldi modura; hilaren 18an, larunbatez, Terrorismoaren Biktimen Memorialaren inguruan egingo den kale-jarduera, eta mugikortasunari eta osasunari buruzko informazio-ibilbideak.

 

Irailaren 16tik 22ra bitartean kontinente osoko 2.000 hiritan egingo den Mugikortasun Iraunkorraren Europako Astearen aurtengo edizioa aurkeztu du Gasteizko Udalak gaur. Hain zuzen ere, 20 urte beteko ditu Europako Batzordearen ekimenak, mugikortasun iraunkorraren aldaketak herritarren osasunaren hobekuntzarekin lotzen dituen goiburuarekin: “Zure osasunagatik, mugi zaitez modu iraunkorrean”. Azken bi hamarkadetako lorpenak aldarrikatzeko programa bat prestatu du Arabako hiriburuak. Izan ere, aste horretan probatu ziren proiektu pilotuak izan ziren horietako zenbait, hala nola, Judimendiko Tornay Medikuaren kalean berriki egin den esku-hartze berria, edo beste zenbait, Antso Jakitunaren kalekoa, Foru kalekoa eta San Antonio kalekoa kasu, edo erdialdeko superetxadia.

 “Estatuko lehen hirietako bat izan zen gurea, aste hau ospatzen, eta geroztik izan dituen edizioak laborategi gisa baliatu izan dira, mugikortasunean eta espazio publikoan izan diren hainbat aldaketa probatu eta bultzatzeko. Herritarrengana hurbiltzen, hiriko mugikortasun-proiektuak hurbiletik azaltzen eta herritarren iradokizunak bertatik bertara jasotzen laguntzen digu aste hori ospatzeak”, nabarmendu du Mugikortasunaren eta Espazio Publikoaren zinegotzi Raimundo Ruiz de Escuderok.

Datorren ostegunean, irailak 16, hasiko da programa, kale-jarduera batekin, Andre Maria Zuriaren plazan, urte hauetan guztietan ibilgailu pribatuari irabazitako espazioari buruz ohartarazteko asmoz, horrek gure eguneroko bizitzan izan duen eragina erakutsiz —osasunean, aisialdian, harreman sozialetan, baita ekonomikoan ere, merkataritza-ardatz berriak bultzatu baititu—. Egun berean, Tecnaliak bultzatutako mugikortasun iraunkorraren inguruko jardunaldia egingo da Atarian.

Irailaren 17an, ostiralez, oinezko martxa bat egingo da, 20:00etan, “Hiri lasaitua eta osasungarria” izenburupean, Mugikortasun Iraunkorraren Planaren barruan eraldatu diren espazio urbanoetan barrena. Udal-teknikariek eta osasunaren arloko profesional batek gidatuko dute jarduera hori, zeinek azalduko baitute bai espazioaren eraldaketa, bai gure ongizatean duen eragina. Parte hartu nahi dutenek Udalaren webgunearen bitartez eman ahal izango dute izena, eta kamiseta bana jasoko dute, doan.

Asteko jarduera nagusia irailaren 18an izango da, larunbatez, Terrorismoaren Biktimen Memorialaren inguruan; izan ere, birmoldatu egingo da espazio hori aurki, eta herritarrek erabiltzeko plaza handi bat egingo bertan. 11:00etatik 14:00etara bitartean, mugikortasun iraunkorraren eta gure osasunean dituen onuren inguruan sentsibilizatzeko jarduerak egingo dira. Bertaratzen direnek, Euskal Herriko Fisioterapeuten Elkargo Ofizialaren eskutik, modu iraunkor eta osasungarrian nola mugitu jakin ahal izango dute, eta oinez, korrika nahiz bizikletaz modu egokian ibiltzeko aholkuak jasoko dituzte. Osasun mentalari buruzko lantegietan ere parte hartu ahal izango dute, Ediren kooperatibaren eskutik, eta haurrek, berriz, lantegi artistikoetan, beren hiri ideala eraikitzeko. Bestalde, mugikortasunarekin zerikusia duten hiriko hainbat saltoki ere instalatuko dira bertan, aholkuak eta produktuak eskaintzeko, eta Udalak bultzatutako proiektuak ezagutaraziko dira, hala nola Bici-Cargo. Leku berean, BEI bertatik bertara ezagutzeko aukera izango da, unitateetako bat bertan izango baita, herritarrak igotzerik izan dezaten. Informazio-gune zentral bat izango da, musikarekin.

Irailaren 20an, astelehenez, mugikortasunari eta osasunari buruzko jardunaldi bat izango da, bi alor horietako adituekin, mugikortasun iraunkorragoak gure bizi-kalitatea eta osasun fisiko eta mentala zenbateraino hobetzen duen eztabaidatzeko. Udalaren webgunearen bitartez eman ahal izango da izena.

Irailaren 21ean, asteartez, Egibideko ikasleek eta Udalaren adinekoen zentroetako pertsonek “8 80 hiriak” lantegiko ondorioak azalduko dituzte udaletxean. Hain zuen ere, bi kolektibo horiek hirian barrena mugitzeko dituzten benetako beharrak azaleratzea baitu helburu lantegiak.

BEIren lehen ibilbidea, bidaiariekin 

Irailaren 22an bukatuko da programa, ‘Hiria nire autoa gabe’ Europar Egunean, BEI garraiobide berria herritarrengana hurbildu nahi duen ekimen batekin: Boulevardeko eta Mendizorrotzeko geltokien arteko ibilbide gidatuak. Ibilbide horietan, ibilgailua probatu ahal izango dute herritarrek, eta bertatik bertara ezagutu garraio-sistema horren ezaugarriak: irisgarritasuna, segurtasuna, iraunkortasuna, maiztasunak, txartelak eskuratzeko modua eta abar. Parte hartu nahi dutenek Udalaren webgunearen bitartez eman ahal izango dute izena, lekua bermatzeko, baina sarrera librea izango da, edukiera bete arte.

Udalak, halaber, hiriko mugikortasun iraunkorraren 20 urte hauei buruzko bideo bat kaleratuko du, aldaketen berri emateko, bertatik bertara bizi izan dituzten gasteiztarren ahotik.

Share

TUVISA: zerbitzurik gabeko geltokiak Ironman lasterketa dela eta

Irailaren 12an, igandea, Ironman Vitoria-Gasteiz 2021eko lasterketa egingo da eta honako geltoki hauek zerbitzurik gabe egongo dira:

L3: 9.30etatik 18.10etara aurreikusita:

– Zurbanoko Atea, 2

– Zurbanoko Atea/Biosfera

– Buesa Arena (bi noranzkoetan )

– Larragana/Bergarako Atea

– Larragana/Kapelamendi

L5: 13:00etatik 00:30etara

aurreikusita:

– Boulevard Salburua/Union

enparantza

*Aldi baterako geltokia egingo da (Bruselas Etorbidea, 7 L6)

– Martxoak 8, 27

Share