Prentsa Oharren banner

Juanjo Menaren hitzaldia Udal Musika Eskolaren 25. urteurrenean

Alkate Gorka Urtaran, Kultura, Hezkuntza eta Kirol zinegotzi Estíbaliz Canto eta beste zinegotzi batzuk Udal Musika Eskolaren 25. urteurrena ospatzeko ekitaldien barruan Juanjo Mena orkestra zuzendariak eman duen hitzaldian izan dira.

Aurretik, ospakizunen barruko beste jarduera bat inauguratu dute: Ángel López Luzuriagak “25. urteurrena ilustratzen” izenburuaz egingo duen sailaren lehenengo ilustrazioa.


Share

Harrera ERASMUSeko irakasle eta ikasleei

Kultura, Hezkuntza eta Kirol zinegotzi Estíbaliz Canto, Enpleguaren eta Garapen Ekonomiko Iraunkorraren zinegotzi Nerea Melgosa eta beste zinegotzi batzuk, EHUrekin batera Erasmus + KA2 programan parte hartzen duten beste bost europar unibertsitateetako irakasle eta ikasleei Udalak egin dien harreran.

 

Share

Prentsa-dialdiak (2017-10-03)

Subredes Fao Ciheam  biltzarrari hasiera ematea

Parte hartzaileak. Ingurumen eta Hirigintza koordinatzaile Alvaro Iturritxa; Nekazaritza, Arrantza eta Elikagaien Politikako kontseilariorde Bittor Oroz; Neiker institutuko zuzendari nagusi Leire Barañano; eta FAO eta CIHEAM (International Center for Advanced Mediterranean Agronomic Studies) erakundeetako ordezkariak

Eguna. Asteartea, urriak 3

Ordua. 10:45

Tokia. Europa Biltzar Jauregia, Francisco de Vitoria aretoa

——————————–

Prentsaurrekoa. Udal liburutegi sareko urria eta abendua bitarteko jarduerak aurkeztea

Parte hartzaileak. Hezkuntza, Kultura eta Kirol zinegotzi Estibaliz Canto

Eguna. Asteartea, urriak 3

Ordua. 11:00

Tokia. Udaletxeko prentsa aretoa

Share

Ia 10.000 pertsona hurbildu dira Zabalganeko gizarte etxera ate irekiko jardunaldietan

Ekipamendu berriak ohiko jardunari ekingo dio gaur, gizarte etxe eta kirol instalazioetako ikastaroak eta jarduerak hasiko baitira

Zabalganeko gizarte etxeak 9.893 bisita izan ditu irailaren 28tik, ate irekiko lau jardunaldietan, eta gaur ohiko jardunari ekingo dio, gizarte etxe eta kirol instalazioetako ikastaroak eta jarduerak hasiko baitira.

Ireki zen egunean bertan 2.313 pertsona hurbildu ziren; ostiralean, berriz, 2.261. Asteburuan handitu egin zen bisita-kopurua, larunbatean 2.520 eta igandean 2.799 zenbatu baitziren.

Ate irekiko lau jardunaldietan, bisita gidatuak egin ziren, etxeak dituen espazioak ezagutu ahal izateko, eta hainbat jarduera eta lantegitan parte hartzeko aukera izan zen: igerilekuan bainua hartu, dantza-aretoan dantzaren bat praktikatu, bidezko merkataritzako produktuak dastatu, edo pintura eta eskulanen lantegietan parte hartu.

Gainera, ludoteka eta ludokluben sareak jai handia egin zuen, eta bakarrizketak eskaini ziren jarduerak amaiera emateko.

Share

Urban Commerce Foroaren XII edizioa urriaren 5ean izango da, Europa Jauregian

 

 

 

 

 

 

  • ‘Slow Commerce ¿mito o posibilidad a la que aspirar en nuestras ciudades?’ izango da jardunaldiaren izenburua. Gaur egun dena mugitzen da erosketa-prozesuen inguruan, abiadura handiz; horixe izango da jardunaldiaren ardatza.
  • Konektibotasunaren eztanda, bezeroekiko harremanetarako bide berriak, azkartasuna, berehalakotasuna … dira merkatari txikiek serioski hartu behar dituzten erronka berrietako batzuk.

Nerea Melgosa adierazpenak

Datorren ostegunean, urriak 5, Urban Commerce Foroaren hamabigarren edizioa izango da, Europa Kongresu Jauregian. Gasteizko Udaleko Enpleguaren eta Garapen Ekonomiko Iraunkorraren Sailak antolatuta, merkatari txikiengan eta bezeroekiko harreman mota ezberdinetan zentratuko da hitzordua; izan ere, azkartasuna gailentzen da kontsumitzaileekin jokabidean faktore nagusi gisa.

Jardunaldi teknikoa xehekako merkataritzako profesionalei zuzendua egongo da, baita sektore horretan diharduten bestelako eragileei ere: erakunde publikoak, unibertsitatea, enpresa elkarteak, aholkularitza enpresak, etab.

‘Slow Commerce ¿mito o posibilidad a la que aspirar en nuestras ciudades?’ izenburupean, bezeroen jokabideak ulertzen saiatuko gara, baita honako alderdiak aztertzen ere: hiri-merkataritzak horiei ematen dien erantzuna, gune metropolitarrek uten konpromiso eta iraunkortasuna, egungo zein etorkizuneko erosketa-prozesuen euskarri izan daitezkeen negozio-eredu berriak.

 

 

Goizeko saioa

Jordi Borja soziologoa arduratuko da esku-hartzeei bidea irekitzeaz; ‘Comercio, Cultura, Ciudad’ hitzaldia eskainiko du. Jarraian, Javier Rovira ESICeko irakasle eta ‘Consumering’ liburuaren egilearen txanda izango da. Rovirak «erosle mosaiko» kontzeptua azalduko du. Ondoren, Soziologian doktore eta ikertzaile den Daniel Sorandok parte hartuko du, eta «jentrifikazio» terminoa ekarriko du mahai gainera.

Diana Gavilanek, Marketin Sentsorial eta Esperientzialean espezialista denak, erosketaprozesuak jorratuko ditu, bost zentzumenak erabiliz. Eta, jarraian, Brenda Chavez idazle eta kazetariak moda sektorea berrasmatzeko prozesua hurbilduko die bertaratutakoei.

Bazkaria baino lehen, mahai-ingurua eta eztabaida egingo da bertaratutakoen eta hizlarien artean. Goizeko saioa Adela Balderasek aurkeztu eta moderatuko du (coach motibazionala eta errendimendu handiko trebatzailea).

 

Arratsaldeko saioa

Jesus Cao Flow-ko zuzendariak abiatuko du arratsaldeko saioa (funtzionatuko duten merkataritza-espazioak sortzen ditu Flow enpresak). Bezeroaren Esperientzien Mapari buruz mintzatuko da; tresna horrek aukera eskaintzen digu mapa batean islatzeko bezeroak zein etapa, interakzio, kanal eta elementu zeharkatzen dituen eskainitako zerbitzuaren puntu batetik besterako bidean.

Ondoren, mahai-ingurua burutuko da, ‘Nuevos modelos de negocio en retail’

izenburupean. Eztabaidan hauek izango dira parte-hartzaileak: Maitena Ganboa, Ganboa Jewellery tailerrekoa; Oscar Perez, Orbea-koa; Mikel Feijoo, Skunk Funk markakoa; Maria Pilarek, Velvet Bakery gozotegikoa; Paloma Garcia, The Circular Project-ekoa; eta Amadeu Barbany, Barbany-koa.

Esperientzia trukearen bitartez, erosketak egiteko eredu gizatiarrago bat berreskuratzeko proposamenak planteatuko dira, egun bezeroekin harremana edukitzeko bide eta modu berrien aurrean, non azkartasunak inflexio-puntu garrantzitsua markatzen duen.

 

Urban Commerce

Urban Commerce ekimena 2006an sortu zen. Urte horretan Gasteizko Udalak Hiriko Saltokien inguruko Nazioarteko Kongresu bat antolatzearen aldeko apustua egin zuen. Helburua: hiria merkataritzaren biziberritze-prozesu baten erreferente bihurtzea eta hiriko saltokien modernizazio eta berrikuntzaren inguruko esperientziak partekatzeko gune bat izatea.

Urban Commerce markaren barruan sartzen diren jardueren artean, nazioarteko lau kongresu eta zazpi jardunaldi tekniko antolatu dira 2006tik. Foro horiek profesional prestigiotsuen arteko topagune bihurtu dira, arlo askotan: hirigintza komertziala, iraunkortasuna, marketina, kontsumo joera berriak, immigrazioaren fenomenoa komertzioan, berrikuntza, enpresa komertzialean aplikatutako teknologia, irisgarritasun konponbideak, eta abar.

Urban Commerce ekimena hasi zenetik 11 urte pasa dira. 2017an Gasteizko Udalaren Enplegu eta Ekonomia Iraunkorrerako Sailak Urban Commerce ekimenari jarraipena emateko erronka hartu du bere gain. Horretarako, jardunaldi tekniko bat antolatzea erabaki zuten, honakoei zuzenduta: saltoki txikietako profesionalei eta erakunde publiko, unibertsitate, enpresa elkarte, aholkularitza eta abarren bidez sektore horren lehiakortasuna hobetzeko lan egiten dutenei.

INFO: 2017ko Urban Commerce

Share

Carlos Zapaterok Udaltzaingoaren lana goraipatu du, “Gasteiz Euskadiko hiriburu seguruena egiteagatik”

Udaltzaingoak Aingeru Zaindarien eguna ospatu du.

Herritarren Segurtasunaren zinegotzi Carlos Zapaterok Udaltzaingoak egunero egiten duen lan bikaina goraipatu du, horri esker Gasteiz Euskadiko hiriburu seguruena bihurtu baita, hots, delitu-tasa txikienekoa. Aingeru Zaindarien eguna ospatzeko Agirrelandan antolatutako ekitaldietan egin duen hitzaldian nabarmendu du Zapaterok poliziaren lana.

Udal buruzagi eta agenteek, talde politiko eta erakundeen ordezkariek, beste segurtasun indar eta kidegoetako kideek eta epailetzako kideek osatutako entzuleriaren aurrean, Herritarren Segurtasunaren zinegotziak zorionak eman dizkio Udaltzaingoari, “gasteiztarren segurtasunaren bermea baita, eta estatu demokratiko ororen oinarrizko zutabe diren eskubide eta askatasunen defendatzailea”.

“Gasteiz hiri segurua egin duzue, eta hori ez litzateke posible izango zuen konpromisorik eta sakrifiziorako eta zerbitzurako espiriturik gabe. Ez litzateke posible izango zuetako bakoitzak lanean duzuen profesionaltasunik gabe”, eskertu du Zapaterok, eta esku-hartze “eredugarriak” nabarmendu ditu, hala nola droga-landaketen suntsiketa, genero-indarkeriaren kontrako borroka edo Andre Maria Zuriaren jaietako antolakuntza berezia, “horri esker Zeledonen jaitsieran beira desagerraraztea lortu baitugu, eta zaurituak eragoztea”.

Bere sailaren kudeaketari dagokionez, Zapaterok aipatu du “ahalegin handia egiten ari” direla “gure polizia gero eta modernoagoa izan dadin eta bitarteko hobeak eduki ditzan, zerbitzu publikorik onena ematearren”.

Besteak beste, ibilgailuen flota berritu izana nabarmendu du zinegotziak, eta laster 32 agente berri sartuko direla Arkautiko Akademian prestakuntza osatzera, zeinak datorren urteko udaberrirako kalean praktikak egiten arituko baitira. “Laguntza garrantzitsua izango da zerbitzu guztiak betetzeko ahalegin handia egiten ari  den plantilla batentzat. Eta halaxe aitortu nahi dut publikoki. Eskerrik asko. Arduradun politikoa naizen aldetik, promozio horri lehenbailehen beste batek jarraitzea da nire asmoa”.

Carlos Zapaterok, halaber, Udaltzaingoaren eta beste segurtasun kidego batzuen arteko koordinazioa azpimarratu du. Amaitzeko, eskerrak eman dizkie “Udaltzaingoko agente guztien eta bakoitzaren familiei, badakidalako haien sostengua eta ulermena funtsezkoak direla gure poliziek hiriari zerbitzu ona eman diezaioten”.

Hitzaldiaren ondoren, diplomak banatu zaizkie azken urtean erretiroa hartu duten agenteei eta zerbitzuan 30 urte baino gehiago daramaten langileei. Orobat aipamen eta esker berezia egin zaie Iruñeko udaltzainei, Andre Maria Zuriaren jaietako segurtasun antolaketa diseinatzen laguntzeagatik.

Share