Prentsa Oharren banner

Prentsa-deialdiak (2017-10-04)

Vitoria-Gasteiz Trail mendi-lasterketako elastiko ofíziala aurkeztea

Parte hartzaileak. Kultura, Hezkuntza eta Kirol zinegotzi Estibaliz Canto; eta Itziar Galdos (Ascentium, lasterketako enpresa antolatzailea)

Eguna. Asteazkena, urriak 4

Ordua. 10:30

Tokia. Udaletxeko harrera aretoa

————————–

Prentsaurrekoa. Udazkenean hiria ezagutarazteko ekintzak eta webserie aurkeztea

Parte hartzaileak. Enpleguaren eta Garapen Ekonomiko Iraunkorraren zinegotzi Nerea Melgosa; eta Argiztuko sortzaile Asier Macazaga

Eguna. Asteazkena, irailak 4

Ordua. 11:00

Tokia. Udaletxeko prentsa aretoa

—————————

Prentsaurrekoa. Gorbeia Kalea Merkataritza Elkarteak antolatu duen moda solidarioaren desfilea aurkeztea

Parte hartzaileak. Enpleguaren eta Garapen Ekonomiko Iraunkorraren zinegotzi Nerea Melgosa; Gasteizko Podemoseko bozeramaile Jorge Hinojal; Gorbeia Kalea Merkataritza Elkarteko presidente Victor Manuel Ibáñez; eta ASPANAFOA elkarteko presidente Maite Fonseca

Eguna. Asteazkena, urriak 4

Ordua. 11:30

Tokia. Udaletxeko prentsa aretoa

——————————-

Harrera ekitaldia Mendebaldea institutuari

Udalak harrera egingo die Mendebaldea zein Alemaniako Neusäss hiriko Grammar Justus von Liebig ikastetxeetako ikasle eta irakasleei; azken horiek Gasteizen daude Kultur Trukeak direla eta.

Parte hartzaileak. Kultura, Hezkuntza eta Kirol zinegotzi Estibaliz Canto

Eguna. Asteazkena, urriak 4

Ordua. 12:00

Tokia. Udaletxeko harrera aretoa

——————————

Harrera ekitaldia Congreso de Calidad en la Automoción biltzarraren antolatzaileei

Udalak harrera egingo die XXII Congreso de Calidad en la Automoción, Evolución. Gestión 4.0 biltzarraren batzorde antolatzaileko partaideei.

Parte hartzaileak. Vitoria-Gasteizko alkateorde Itziar Gonzalo

Eguna. Asteazkena, urriak 4

Ordua. 20:00

Tokia. Udaletxeko harrera aretoa

Share

Alkateak Gasteizko eredua erakutsiko du Ipar Irlandako ‘Belfast international homecoming 2017’ nazioarteko biltzarrean

 

Gasteizko alkate Gorka Urtaranek ‘Belfast international homecoming 2017’ (belfasthomecoming.com) biltzarrean hartuko du parte bihar arratsaldean. Gasteizko alkatea irlandar diasporaren urteroko bilerara gonbidatu dute, Gasteizko eredua azal dezan bizikidetza eta aniztasunari, ekintzailetzari, talentu adimentsuari, turismoari eta mugikortasunari dagokienez. Ipar Irlandan egiten den nazioarteko bileran hainbat herrialdetako buruzagiek eta lehen mailako enpresek hartuko dute parte. Gasteizko alkateak ‘Belfast international homecoming 2017’ biltzarraren inaugurazio jardunaldian emango du hitzaldia, ‘Basque lessons for Belfast – Leading the 21st Century City’ izenburuarekin.

Gorka Urtaranek azken urteetan Arabako hiriburuak hainbat arlotan izan duen eboluzioa azalduko du. Besteak beste, Gasteiz Euskadiko hiriburua dela azalduko die Irlandako entzuleei, eta 2012az geroztik Europako Hiriburu Berdea dela, hiriaren ingurumenarekiko konpromisoa dela eta. Orobat, mugikortasun iraunkorraren goraldiaren berri emango du, hiriko joan-etorrien % 70 oinez edo bizikletaz egiteraino.

Gasteiz ikerketaren eta berrikuntzaren aldeko apustua egiten duen hiri modernoa dela azalduko du halaber, industriak pisu garrantzitsua baitu, eta enpresa handiak —hala nola Michelin eta Mercedesen— baitaude bertan. XXI mendeko hiri bat, gizarte eta ekonomiaren ikuspuntutik erronka handiei aurre egin behar diena. Gizartearen alorrean, bizikidetza bermatzeko erronkari, aniztasunean elkarrekin bizitzea sustatuz, eta Euskadin urte askotan indarkeria eta giza eskubideen urraketa larriak izan direla gogoratuz. Ekonomiari dagokionez, Gasteizek eta Euskadik bi erronka nagusiri egin behar diete aurre: tokiko industria 4.0 molde berrira egokitzea, eta abiadura handiaren etorrera, barrutik eta kanpotik ondo konektatutako hiria bihurtzearren.

Horiek alde batera utzita, Gorka Urtaranek hiriak turismo-helmuga gisa dituen onurak aipatuko ditu, eta biltzarreko parte-hartzaileak Gasteiz ezagutzera gonbidatuko, gastronomia, jaiak, turismo iraunkorra eta, bereziki, Arabako hiriburuko biztanleak goraipatuz.

 

Share

Urritik abendura arteko liburutegi-programak irakurtzeko zaletasuna sustatzeko 74 jarduera barne hartzen ditu

Gazte eta helduentzako jarduarak

Haur eta familientzako jarduerak

Haur, familia, gazte zein helduentzako jarduerak antolatu dira, 35 euskaraz, 38 gaztelaniaz eta bat ingelesez.

 Kultura, Hezkuntza eta Kirol zinegotzi Estíbaliz Cantok urritik abendura arteko liburutegi-programa aurkeztu du gaur prentsaurrekoan; orotara 74 jarduera barne hartzen ditu: 35 euskaraz, 38 gaztelaniaz eta bat ingelesez.

 Cantok azaldu duenez, “programaren helburua da herritarrak Udal Liburutegien Sareak dituen espazio eta zerbitzuetara hurbilaraztea eta irakurtzeko ohitura hartu eta sendotzen laguntzeko tresna dinamizatzailea izatea“.

2017ko urrian, azaroan eta abenduan garatuko da programa, gizarte etxeetako liburutegietan, eta haur, familia, gazte eta helduentzako jarduerak biltzen ditu.

Batetik haur eta familientzako jarduerak ditugu, euskaraz eta gaztelaniaz (ipuin-kontalariak, lantegiak, antzerkia, pailazoak, txotxongiloak, musika); bestetik, gazte eta helduentzako jarduerak.

Umeekin eta familiekin batera hainbat alderdi landuko dira: adiskidetasuna, dibertsitatea, desberdinarekiko sentiberatasuna, tolerantzia, artea, jolasa, musika, zientzia, poesia, genero berdintasuna, jakin-mina eta irudimena.

Besteak beste, Gloria Fuertesen mendeurrenarekin lotutako bi jarduera antolatu dira, eta ipuinen kontaketa, hauen eskutik: Rocío Bonilla, Badut Taldea, Matiz-Educación en Valores, Kultur Gasteiz eta Pilar Alonso.

Gazte eta helduentzako jardueren artean idazleekiko topaketak izango ditugu, irakurketa-klubak, hitzaldiak, lantegiak, antzerkia, ipuin kontalariak, musika, bakarrizketak eta errezitaldiak.

Zehazki, Juan Luis Zabala, Alaine Agirre eta Alicia Ayalak emango dituzte hitzaldiak; komikiarekin eta poesiarekin lotutako jarduerak ere egingo dira, eta irakurketa-klubetan bi berrikuntza izango  dira: nobela beltza, David Manganak gidaturik, eta irakurketa erraza, Elena Pirisen eskutik.

Share

Alkateak eta Herritarren Segurtasunaren zinegotziak ongi etorria eman diete Udaltzaingoko etorkizuneko 32 agente berriei

 

  • Hautaketa probak gainditu dituzten 32 hautagaiek urriaren 16an ekingo diote prestakuntza-prozesuari, Arkautiko Akademian
  • Udaltzaingorako LEP hau hirian azken 6 urteetan egin den lehena da, eta horri gehitzen zaizkio berriki abiarazitako barne-sustapenerako prozesuak, suhiltzaileen kidegoaren errefortzua eta agintaldia amaitu aurretik egitekoa den deialdia
  • Gorka Urtaranek “Udaltzaingoa modernizatzen  eta herritarrentzako arreta hobetzen” jarraitzeko konpromisoa adierazi du

Alkate Gorka Urtaranek, Herritarren Segurtasunaren zinegotzi Carlos Zapaterok eta Gasteizko Udaltzaingoaren arduradun nagusiek ongi etorria eman diete Udaltzaingoko etorkizuneko 32 agente berriei, zeinek kalifikazio onenak lortu baitituzte urte hasieran abiarazitako hautatze prozesuan —ia 1.400 hatagai aurkeztu ziren—.

Urriaren 16an ekingo diote udaltzain izateko prestakuntza-prozesuari, Polizia eta Larrialdietako Euskal Akademian, administratiboki praktiketako funtzionarioak direlarik.

“Gasteizko Udaltzaingoak modernizatzeko eta herritarrentzako arreta hobetzeko asmo handiko planak ditu. Agintaldi honetan auzoko polizia indartzearen aldeko apustua egin dugu, eta duela gutxi genero-indarkeriaren kontra borrokatzeko unitatea zein adingabeena indartu ditugu. Egia da Gasteiz hiri segurua dela, Udaltzaingoari esker neurri handi batean, baina horrek ez du esan nahi ez dugula zer hobetu; besteak beste, herritarrekiko hurbiltasuna eta delinkuentzia mota berrien  kontrako borroka”, nabarmendu du alkateak harrera egiteko ekitaldian.

Udaltzaingorako LEP hau hirian azken 6 urteetan egin den lehena da, eta horri gehitzen zaizkio berriki abiarazitako barne-sustapenerako prozesuak, suhiltzaileen kidegoaren errefortzua eta agintaldia amaitu aurretik Udaltzaingoa indartzeko egitekoa den deialdi publikoa.

Share