Prentsa Oharren banner

Prentsa-deialdiak (2017-10-09)

Mejorando Vitoria-Gasteiz Hobetuz prozesuaren bozketaldiari hasiera ematea

Parte hartzaileak. Partaidetzaren eta Gizarte Etxeen zinegotzi Isabel Martínez; eta Funtzio Publikoaren zinegotzi Estíbaliz Canto

Eguna. Astelehena, urriak 9

Ordua. 10:00

Tokia. Aldabe gizarte etxea

————————–

Prentsaurrekoa. 2017ko Enpleogune, Vitoria-Gasteizko Enplegu Foroa aurkeztea

Parte hartzaileak. Garapen Ekonomiko Iraunkorraren eta Enpleguaren zinegotzi Nerea Melgosa; eta UPV/EHUko Arabako Campuseko errektoreorde Ivan Igartua

Eguna. Astelehena, urriak 9

Ordua. 10:30

Tokia. Udaletxeko prentsa aretoa

—————————-

Bisita Arakako Amvisaren araztegira eta ur andela berri bat abian jartzea

Parte hartzaileak. Vitoria-Gasteizko alkate Gorka Urtaran; Amvisako presidente Jaione Agirre; Amvisako gerente Ángel Llamazares; eta Amvisako kontseiluko ordezkariak

Eguna. Astelehena, urriak 9

Ordua. 11:00

Tokia. Arakako ur araztegia (Gasteiz-Legutio N240 errepidea, 6,3. kilometroa)

* Jarraian, nahi duten komunikabideek Krispiñako ur araztegia ikusi ahal izango dute alkatearekin eta Amvisako ordezkariekin batera.

Share

Asteburuko aurreikuspenak

Ostirala, urriak 6

  • Bizikidetza eta Aniztasun zinegotzi Nerea Melgosa SIDALAVAk bere 30. urteurrena dela eta antolatu duen ekitaldian izango da 18:00etan, Loma Jenerala plazan
  • Kultura, Hezkuntza eta Kirol zinegotzi Estibaliz Canto Cheek by Jow taldearen Noche de Reyes/Twelfth Nights antzezlana ikusten izango da 20:30ean, Teatro Principal Antzokian.

 

Larunbata, irailak 7

  • Gorbeia kaleko Merkatarien Elkarteak Aspanafoa elkartearen alde antolatu duen ongintzako desfilea ikusten izango dira Enpleguaren eta Garapen Ekonomiko Iraunkorraren zinegotzi Nerea Melgosa eta Partaidetzaren eta Gizarte Etxeen zinegotzi Isabel Martinez 19:00etan, Europa jauregian.
  • Alkateorde Itziar Gonzalo Lautada Abesbatzak eskainiko duen Sebastien Iradierren inguruko kontzertu monografikoa entzuten izango da 19:30ean, Jesus Guridi kontserbatorioan.

 

Igandea, urriak 8

  • Gizarte Politiken eta Osasun Publikoaren zinegotzi Peio Lopez de Munain Minbiziaren kontrako Martxan izango da 11:30ean, Arka plazan.
  • Gazteria zinegotzi Iñaki Prusilla eta Kultura, Hezkuntza eta Partaidetzaren eta Gizarte Etxeen zinegotzi Isabel Martinez 19:00etan, Europa jauregian. Irantzu Lekuren Judimendiko ‘Ahoz aho’ muralaren inaugurazioan izango dira 13:00etan; Gazteria Zerbitzuak antolatutako Haziak lehiaketako proiektu irabazleetako bat da hauxe.
  • Herritarren Segurtasun zinegotzi Carlos Zapaterok parte hartuko du X. Vitoria-Gasteiz Trail lasterketako sari banaketan 13:00etan, Estadio Fundazioan.
  • Kultura, Hezkuntza eta Kirol zinegotzi Estibaliz Canto Araski eta CB Bembibre taldeek jokatuko duten Nesken Saski Baloi Ligako partida ikusten izango da 18:30ean, Mendizorrotza kiroldegian.

 

 

 

 

 

 

Share

Jaiotzazaletasunaren hiriburu bihurtuko da Gasteiz datorren zubian

 

 

 

 

 

Jaiotzazaleen LV. Biltzar Nazionalak 300 jaiotzazale inguru ekarriko ditu Euskadiko hiriburura.

Goiuriko eskulangintza azokak, 10 jaiotza-erakusketek, hitzaldiek eta Andre Maria Zuriaren Kofradiarentzako oroigarriak osatuko dute jardunaldiaren programa.

Bisitariek Floridako jaiotza monumentalaren bikaintasuna ezagutu ahalko dute,  harpearen sarreran Jesus haurtxoaren jaiotzaren misterioa jarriko baita.

Floridako kioskoan girotutako jaiotza ebakigarri baten 100.000 ale banatuko dira Estatu osoan.

 

Urriko zubian jaiotzazaleen hiriburu bihurtuko da Gasteiz, Jaiotzazaleen Biltzar Nazionalak Euskadiko hiriburua aukeratu baitu urteroko topaketarako. Ekitaldi horren inguruko jarduerak aurkeztu dituzte gaur Gorka Urtaran alkateak eta Arabako jaiotzazaleen elkarteko lehendari Iñigo Bastidak.

300 biltzarkide, laguntzaile eta bisitari-kreditatu inguru etorriko dira Gasteizera, eta guztiak hiriko ostalaritza-establezimenduan geratuko dira biltzarrak iraungo dituen lau egunetan.

Gorka Urtaran alkateak eskerrak eman dizkie beren beregi  Arabako Jaiotzazaleen Elkarteak koordinatuta ekitaldi hau antolatzen eskuzabaltasunez  parte hartu duten Gasteizko eta Arabako elkarte jaiotzazaleei: “Belén de Laguardia” elkartea , Burguko Gorosti Taldea,  Gotzaindegiko Francisco de Asís Fundazioa eta Andre Maria Zuriaren Kofradia. ” Gure hirian oso errotuta dago jaiotzazaletasuna, haurtzaroko oroitzapenetan oso barneratua dugu Floridako jaiotza, segur aski, munduko onena  jaiotza monumentalei dagokienez. Nork ez du Karmengo elizako  jaiotza-erakusketa zoragarria bisitatu!.  Ekitaldi honekin zabaltzen duzuen Gasteizen irudia  balore kultural eta tradizionalei lotutakoa da, hunkitu egiten duten baloreak dituen hiriarena, balio neurtezinekoa” adierazi du Gorka Urtaranek.

Hainbat jarduera nabarmentzen dira egun horietarako biltzarreko agendan. Biltzarreko ohiko topaketa eta mahai-inguruez gain, jardunaldiek gasteiztarrei eta zubian Gasteizera etorriko diren bisitariei irekitako hainbat proposamen eskaintzen dituzte. Esaterako, irudigileen erakusketa, Goiurin, ostiraletik igandera bitartean, 10:3oetik 14:00etara eta 16:30etik 20:00etara (igandean goizez bakarrik).

Bisitariek Floridako jaiotza monumentalaren ahalmena ezagutu ahalko dute,  harpearen sarreran Jesus haurtxoaren jaiotzaren misterioa jarriko baita. Biltzarraren egunetan, Jesus haurtxoaren, Ama Birjinaren eta San Joseren irudiak jarriko ditu udalak  harpearen sarreran.

Hainbat elizatan -Karmengo elizan, Aingeruen Andre Mariaren elizan eta San Frantzisko elizan –, Farolen Museoan eta Arabako Jaiotzazaleen elkartearen jaiotzak jarriko dira ikusgai, baita Arabako Lautadako beste zenbait gunetan ere. Azken hauen artean, Gasteiztik oso hurbil dagoen Burgu udalerriko garai bateko Arbuluko elizakoa nabarmendu behar da, jaiotzei buruzko museoa bihurtua.

Arabako Jaiotzazaleen Elkartearen lehendakari Iñigo Bastidak nabarmendu duenez, “gure jarduerak Gasteizen turismoa sustatzeko baloi izatea nahi dugu, etorriko diren ia 300 pertsonek gure hiriaren eta probintziaren onurak ahoz aho zabal ditzatela“.

 

Jaiotza ebakigarria, Andre Maria Kofradiari oroigarria eta bisitak Araban zehar

Jardueren artean azpimarragarria da Joaquin Jimenezek emango duen “Tradiciones navideñas alavesas” hitzaldia, non Araban Eguberriekin lotuta ditugun ondare eta ohiturak ezagutzera emango baititu.

Jaiotzazaletasunaren urteko sariak ere banatuko dira, horien artean jaiotza-ebakigarrien diseinu-lehiaketaren irabazlea nabarmentzen da. Irabazlea Floridako kioskoan girotu da eta 100.000 ale banatuko dira Estatuan.

Bestalde, Jaiotzazaleen Federazioak gure hiriko patroiari egindako oroigarria banatuko zaio Andre Maria kofradiari, berak gorde dezan.

Jaiotzekin zerikusia duten bitxiak gordetzen dituzten inguruko hirietara ere joango dira biltzarkideak, esaterako Guardiara, non mugimendua duen jaiotza barrokoa martxan jarriko den. Jaiotza hori autoktonoa da, XVIII. mendekoa (1.749. urtekoa). Orobat bisitatuko dituzte Gesaltza-Añanako Gatz Harana  eta hortik oso hurbil dagoen Akreko Done Juan monasterio tenplarioa.

 

65.000 jaiotzazale Estatuan eta 1,2 milioi nazioarteko federazioan

Araban 120 jaiotzazale daude federatuta, gehienez Arabako Jaiotzazaleen Elkartean bilduta.

Elkarte horrek Miranda de Ebron eta Arrasaten elkarteak sortzea sustatu eta lortu du. Arabako Elkartea 1988tik da Estatuko federazioko kide (78 elkarte eta 65.000 pertsona biltzen ditu) eta lehendakari 2010etik. Jaiotzazaleen Nazioarteko Federazioak 1.200.000 kide mugitzen ditu.

 

Biltzarreko kartela

Nabarmentzekoa da biltzarraren kartel ofiziala bera; Peli Fernández de Romarateguik 95 urterekin Asisko San Frantziskorengan inspiratuta egindako mosaikoa, hain zuzen ere. Fernandez de Romarategui misiolaria eta elkarteko kiderik beteranoena da. Gasteiztar askorentzat ezezaguna den artista honek Urikolako basilika eta Ekuadorreko Manabi kantoiko hainbat eliza dekoratu ditu, besteak beste.

 

Share

Baratza aretoari laguntzeko hitzarmena onetsi du Kulturak, 6.000 euroko igoerarekin

Estíbaliz Canto zinegotziaren ardurapean dagoen Kultura Zerbitzuak hala proposaturik, Arrakala Koop. Elkarte Txikiarekiko lankidetza-hitzarmena onetsi du Tokiko Gobernu Batzarrak. Haien proiektuak, “Baratza Aretoa” izeneko areto independenteak, Gasteizen era guztietako arte diziplinak —bereziki antzezte-arteak— ikertu, sortu, prestatu eta erakutsi ahal izateko espazio bat, teknikoki egokitua eta neurri handikoa, eskaintzea du helburutzat.

Udalak proiektuari lagundu nahi dio, eta horretarako 10.000 euro emango ditu —aurreko urtean baino 6.000 euro gehiago— hitzarmenaren barruan jasotako jardueretarako.

Estíbaliz Cantoren esanetan, “sailetik kultura-ehundura lokala sustatzeko egiten ari garen ahaleginarekin bat dator kopuru-igoera, hura hobetzen duten kanpoko ekimenei laguntzeko nahiarekin bat.  Baratza aretoa —zeinek, gainera, sorkultzaren alde ez ezik berrikuntzaren alde ere egiten baitu—, sorkuntza-fabrika bat da, eta gure helburuak partekatzen ditu.”

Share

Gasteizko Industriari Laguntzeko Plana onetsi da

  • Urtaranen gobernuak oniritzia eman dio erabilerarik gabeko Industria-lurzorua berraktibatzeko eta hiria enpresentzako erakargarriago bihurtzeko neurriak biltzen dituen agiri bati
  • Lehen fase batean, industrialdeetan 1,5 milioi euroko inbertitzea aurreikusten da

Tokiko Gobernu Batzarra onetsi egin du Industriari Laguntzeko 2017-2020 Plana, Gasteizen lehikortasuna –hiri industrial den aldetik– sendotu nahi duen ekimena, industria-azpiegiturak garatu eta sustatzearen bitartez, industria modernoarentzako erakargarri bihurtuaz. Planak esku-hartze garrantzitsuak aurreikusten ditu: industrialdeak biziberritzekoak, erabili gabeko lurrak berreskuratzekoak, eta ekonomia zirkularraren eta 4.0 industriaren ingurukoak, besteak beste.

Udal politikaren inguruko azken eztabaida orokorrean alkateak iragarritako Industriari Laguntzeko 2017-2020 Plana Gasteizko Udalak duen era horretako lehen agiria da, eta bat egiten du aurretiazko beste ekimen batzuekin, esaterako agintaldi hasieran Industria Zerbitzua sortzearekin, Industria Mahaia abiaraztearekin, industrialdeen eskakizunentzako postontzi berariazko bat sortzearekin, eta hiriko industrialdeetan dagoen erabilerarik gabeko zoruak kudeatzeko erakundeen arteko koordinazioa hobetzearekin.

Aurretiazko diagnostikoaren arabera, Gasteizko lurzoru industrialen % 34 erabilerarik gabe dago gaur egun. Horrenbestez, urratsak eman dira lurzoru hutsen prospekzioa eta inbentarioa egiteko, horren bidez merkatuan baldintzak hobetzeko eta enpresa berriak erakarri ahal izateko. Horrekin batera, hasia da industrialdeak biziberritzeko lehen obren kontratazioa. Joan den astean deitu zen Ehari-Gobeuko industrialdeko Bitorialanda eta Bitoriabidea kaleak eraberritzeko lanen kontratazioa, eta horiei beste hiru inbertsio gehituko zaizkie(Jundiz kalea eraberritzea, esku-hartzea Larragana kalean, eta industrialde guztietako seinaleztapen horizontala hobetzea ), guztira 1.439 euroko aurrekontua jotzeraino. Lehen inbertsio-fase honetan Lehentasunezko Jarduketarako Eremutzat jotako bideei egin nahi zaie arreta.

“Gure hiriaren etorkizuna gure industriaren menpe dago, neurri handi batean. Industria da krisiaren ondorioei hobekien erantzun dien sektore ekonomikoa, kalitate handieneko enplegua sortzen duena, eta gainera, enplegua sortzen du baita gainerako sektoreetan ere. Horretarako, gure industrialdeetan esku-hartzeko plan bat abiarazi dugu, erakargarriago bihurtzeko, lurzoru hustuak berreskuratuaz, gure prestakuntza-eskaintza berbideratuaz, eta industrialdeak gainean dugun industria-etapa berriaren abangoardian jarriaz”, iragarri du Gorka Urtaran alkateak.

Industrialdeak zaharberritzeaz eta erabilerarik gabeko zoruak berreskuratzeaz gain, Industriari Laguntzeko 2017-2020 Planak garraio publikoa industrialdeetara ere bideratzea aurreikusten du, Mugikortasun Planaren berrazterketaren bitartez. Halaber, bidegorriak egitea aurreikusten da industrialde guztietara. Industrialdeetako segurtasunaren eta berdeguneen alorrean ere hobekuntzak egin nahi dira.

Ekonomia zirkularraren sustapenari dagokionez, Industriari Laguntzeko Planak aurreikusitako ekimenen artean bada lankidetza aukera bat Ingurumeneko udal alorrarekin, berriro zirkulaziora eraman daitezkeen industria-hondakinak identifikatzeko eta hondakin horien kudeaketan enpresei laguntzeko. Asmoen artean dago, baita, tokiko turismo-industriarekin lan egitea Biosphere ziurtagiriaren inguruan. Horrez gain, 4.0 industriaren alde egingo da berariaz, automozioaren ea logistikaren inguruan industria-hub bat eraketa planteatzen da, hartara 4.0 hiria sustatzeko. Horretarako, hub horretan parte hartu dezaketen enpresak identifikatuko dira.

Industriari Laguntzeko Planaren helburu estrategikoetako bat Gasteizko Udalak kalitateko enplegu industrialari eusteko estrategiak sustatzea da. Horretarako, eta ikusita zenbait alorretako (hala nola automatizazioa, digitalizazioa eta robotikarenetan) profil profesionalen eskaria handitzen ari dela, planteatzen ari da LHko, enpresaren munduko, Unibertsitateko eta gainerako erakundeetako eragile publiko eta pribatuekin batera lan egitea, etorkizuneko enplegu kualifikatuetara halbait gehien doituko diren prestakuntza-programak jorratzeko.

 

Share

Datorren asteartetik aurrera, txakurrak lotuta eraman beharko dira Gasteizen

 

 

 

 

 

 

Animalia horiek aske ibili ahal izango diren lekuak arautzen dira dekretuan, berdegune zedarrituak

Azarotik aurrera, Udalak zigortu egingo ditu araudia betetzen ez dutenak, 120 euro inguruko isunak jarriz

Txakurrak aske ibili ahal izango diren lekuak arautuko dituen dekretua datorren astelehenean sinatuko duela iragarri du Gorka Urtaran alkateak. Asteartetik aurrera, orduan jarriko baita indarrean dekretua, txakurrak lotuta eraman beharko dira hirian, aske ibili ahal izango diren zenbait berdegunetako eremu zedarrituetan izan ezik. Orobat azaldu du alkateak hilabete batez Udaltzaingoak ohartarazi eta informazio emango diela araudia betetzen ez dutenei. Azarotik aurrera, berriz, 120 eurotik gorako isunak jarriz zigortuko ditu Udalak arau-hausteak.

Datorren astean onetsiko den testu horren arabera, hiriko bide, parke eta leku publikoetan, txakurrak kontrolpean eraman beharko dira, egoki den —eta gehienez bi metroko luzera izan beharko duen— katearekin, uhalarekin edo beste sistemaren batekin lotuta. Aldi berean, ordea, arriskutsu izan daitezkeen txakurtzat jotzen ez direnak aske ibili ahal izango diren lekuak zedarritzen dira. Arriskutsuek, noski, beti joan beharko dute lotuta. Nolanahi ere, maskoten jabeak behartuta egongo dira, beti, haien gaineko kontrola edukitzera, hau da, bistan edukitzera, eta besteri enbarazu eta kalterik eragin ez diezaieten esku hartzeko moduko distantzian.

Berdeguneak izango dira txakurrak aske ibili ahal izango diren eremuak. Hori bai, salbuespen batzuekin, zein baitira jende askok aisialdirako baliatu ohi dituen zenbait ingurune, zeinetan gizakien presentzia lehenetsi nahi baita. Hauek dira zona horiek: katedraleko parkea, unibertsitate-campuseko lorategiak —Maria de Maeztu lorategia salbu—, Prado parkea, Florida parkea —Uraren Ezkutuko Lorategia barne—, eta Natura 2000 Sarean sartuta dauden eremuak —Salburua, Zadorra, Arabako Lautadako harizti-irlak eta Gasteizko Goi Mendiak—. Dekretuan orobat jasotzen da bertan festak edo ekitaldiak egin bitartean txakurrek ezingo dutela aske ibili berdeguneetan, beren ongizateagatik ere.

Eraztun Berdean —Salburua, Zabalgana, Olarizu, Armentia eta Zadorra—, espezie basatiei ez eragite aldera, txakurrek, oro har, lotuta joan beharko dute, salbu eta berariaz seinaleztatutako lekuetan —erantsitako planoan zehazten dira—. Era berean, guztiz debekatuta egongo da animaliei bide publikoan edateko dauden ur-iturrietatik zuzenean edaten uztea, baita animaliak haur-jolasetarako esparruetan —zabuak, txirristak eta abar— ibiltzea eta egotea ere.

Bestalde, udalerriko nekazaritza-eremuko ingurune ez urbanoetan txakurrak —arriskutsu izan daitezkeenak izan ezik— aske ibili ahal izango dira, batez ere mendi-bide eta nekazaritza-bideetan, landutako soroak errespetatuz, baldin eta kontrolatuta badaude, kontrakoa adierazten duen seinalerik ez badago eta aplikatzekoak diren sektore-araudietan —ehiza, babes-eremuak, fauna-erreserba eta abar— galarazita ez badago.

Txakurrak aske ibili ahal izango diren eremuen planoak

Share

Udala eta EHU elkarlanean arituko dira hezkuntzaren eta ikerkuntzaren alorrean

 

 

 

 

 

Gasteizko alkate Gorka Urtaranek eta EHUko erretore Nekane Balluerkak lankidetzarako esparru-hitzarmena sinatu dute hurrengo urteetarako

Gasteizko Udalak eta Euskal Herriko Unibertsitateak lankidetzarako esparru-hitzarmena sinatu dute gaur, elkarren artean koordinatu eta elkarlanean aritzeko neurriak zehazteko, bi aldeentzat ez ezik herritarrentzat ere onuragarri izan dadin. Baterako jarduera-ildoak garatuko dira ikaskuntza eta ikerketaren alorrean, prestakuntza eta gaikuntzarenean, sentsibilizazioa eta zabalkundearenean, baita aholkularitzaren eta lantaldeen sorkuntzarenean ere.

Gasteizko Udalaren eta EHUren elkarlana orain arte oso onuragarria izan da; beraz, bi erakundeek horretan jarraitzea erabaki dute, lankidetza-hitzarmena sinatuz. Nekane Balluerka errektoreak adierazi duenez, “espero dugu hitzarmen honek aurrerantzean baterako beste ekimen batzuk bultzatzeko balio izatea. Unibertsitatean eta campusean bizi dugun nahia ere jasotzen du, zein baita herritarrei eskaintzen zaizkien prestakuntza- eta kultur-jardueretan gero eta gehiago inplikatzea, eta EHUtik egin ahal dugun neurrian, hiriaren garapen integralean laguntzea”.

Gorka Urtaran alkateak, bere aldetik, nabarmendu du “Gasteiz balioak eta talentua dituen hiria dela. Balioak, hala nola iraunkortasuna, hezkuntza eta elkartasuna, horiek gidatzen baitute gure garapena. Eta talentua, zeinek jarduera ekonomikoa bultzatu, kalitateko enplegu sortu eta 4.0 industriarantz jotzeko aukera ematen baitu. Bi kontu horietan, funtsezko eragilea da unibertsitatea, eta horregatik da hain garrantzitsua eskutik hartuta joatea, eta elkarrekin lan egiten jarraitzea.”

Lankidetza sistema horren helburu nagusia izango da bi erakundeen interesekin bat datozen jarduera-ildoak garatzea. Jarduera-eremu nagusiak —horietako batzuetan lehenago ere elkarlanean arituak dira bi erakundeak— hauek izango dira: hezkuntza, kultura, enplegua eta kirola.

Ekintza zehatzak bideratzeko, berariazko hitzarmen edo kontratuak egingo dira, horien izaeraren arabera eta EHUren estatutuak garatzeko araudiaren ildotik.

 

Share

Udalak 57.000 euro inbertituko ditu Gamizeko hirigunean irisgarritasuna hobetzeko

Gasteizko Udalak Gamiz menpeko toki erakundeko zentro sozialaren ingurua zolatzeko lanak esleitu dizkio gaur goizean Construcciones Aguillo enpresari. Udalak 57.178,98 euro inbertituko ditu bi hilabetez egingo diren lanetan.

Gamiz Gasteizko udalerriko hego-ekialdean dago, eta hiri ingurunean irisgarritasuna hobetu beharra du. Izan ere, zentro sozialaren ondoan bada urbanizatu gabeko errepide bat, eta azpiegituraren sarbideak bi eskailera ditu. Gainera, elizara doan arrapalak malda handia du, % 18tik gorakoa.

Hori guztia dela eta, Nekazaritza Eremuaren Zerbitzuak proiektu bat landu du zentro sozialaren sarreraren mailan 3,5 metroko zabalera duen plataforma bat eraikitzeko, eta hori % 8ko arrapala baten bidez errepidearekin lotzeko.  Sarbidetik haratago, % 6ko eta %7ko beste bi arrapala jarriko dira, pasealekua elizarekin lotzeko. Hormigozko zolataren gainean hormigoizko galtzadarria botako da, eta arrapala zein eskaileretan eskudelak jarriko. Orobat, oraingo iturriaren ordez beste bat jarriko da. Bide batez, Gasteizko Udalak argiteria, euri-uren bilketa eta beste hobetuko ditu.

 

 

Share

100.000 eurotiko gorako diru-laguntzak, euskara ikasteko

99.000 euro baliatuko ditu Gasteizko Udalak HABEk homologatutako euskaltegiei 2017-2018 ikasturterako diru-laguntzak emateko. Gaur goizean onetsi du Tokiko Gobernu Batzarrak partida hori, zeinen bitartez joan den mendeko laurogeiko urteetatik funtzionatzen duen laguntza-programa hori garatuko baita, Eusko Jaurlaritzak ematen dituen laguntzen osagarri. Euskararen Erabilera Normalizatzeko Planaren ardatzetako bat da, helduen euskalduntzea baita bertan jasotzen diren helburu nagusietako bat.

Gainera, haur eta gazteen aisialdiko begirale eta zuzendari izateko ikastaroak antolatu eta emateko 6.300 euroko diru-laguntza ere onetsi du Gasteizko Udalak gaur goizean. 2017-2018 ikasturteko eskoletarako izango da kopuru hori. Herritarren gizarte-bizitzako hainbat esparrutan euskararen erabilera sustatzea da laguntza horien xedea, hala nola kirolean, kulturan eta aisialdian. Lehentasunezko kolektibo estrategikoa da begiraleena hirian euskararen erabilera sustatzeari dagokionez, gazteekin etengabe harremanetan dauden pertsonak izaki.

 

Share

Hiri-baratzeetarako gune berria sortuko du Urtaranen gobernuak Lakuabizkarrean

Viveros Eskalmendi enpresari esleitu dizkio lanak Tokiko Gobernu Batzarrak, 99.000 euroan eta gauzatzeko hiru hilabeteko epearekin

Udalak hiri-baratzeetarako gune berria sortuko du Lakuabizkarrean. Viveros Eskalmendi enpresari esleitu dio Tokiko Gobernu Batzarrak gaur goizean lan horiek egiteko aukera emango duen kontratua. % 17,6 egin du behera enpresa horrek lizitazio-prezioa, eta, horrenbestez, 98.879,27 euro kostako da obra, BEZ barne. Obrak gauzatzeko epea, berriz, hiru hilabetekoa izango da.

Hartara, Gasteizko Udalak hiri-baratze berriak egokituko ditu Lakuabizkarreko lursail batean, auzo horretan hiri-azpiegitura berdea sustatzeko ekimen aitzindaria garatzen ari baita. Gaur egun, Olarizu, Urartea eta Zabalganean ditugu hiri baratzeak eta baratze komunitarioak. “Emaitza onak eta herritarren interesa ikusita, Ingurumenaren eta Espazio Publikoaren Sailak Lakuabizkarreko leku hori aukerakoa izan daitekeela uste du. Izan ere, erabili gabeko hainbat lursail daude bertan”, azaldu du Gorka Urtaran alkateak.

Aukeratutako lursailak espazio publikoak ditu lau aldeetatik. Mendebaldetik, Irati kalea (oinezkoentzako esparrua). Hegoaldetik, Ori kalearen paralelo den parkea. Iparraldetik, Andia Mendiaren kalea. Ekialdetik, Getaria kalea (oinezkoentzako esparrua). Pieza laukizuzena da, 9.300 metro koadro dituena.

Erdian 24 x 24 metroko plaza bat utziko da, komunen eta biltegiaren moduluak jartzeko, bai eta mahaiz eta zuhaitzez hornitutako aisialdi gune bat ere. Bide nagusiaren alboetan sei uraska jarriko dira, horietako bi iturriarekin, sei zuhaitz, eta izpiliku zerrendak, lekuak banatzeko. Lursaila 2,5 metroko altuerako zutoinez itxiko da. Oinezkoentzako bi ate izango dira, Irati eta Ori kaleetatik sartzeko. Komunak, aldagelak eta biltegiak bi modulu prefabrikatutan egokituko dira. Lursailean lurrak batetik bestera mugituko dira, zabortegira eraman beharrik ez izateko. Landare-lurra baratzeetarako baliatuko da, eta zangetatik ateratakoa, erdiko plazarako.

Azpiegitura berdea

Gainera, orobat onetsi du Tokiko Gobernu Batzarrak, gaur goizean, Lakuabizkarreko azpiegituren sisteman egingo diren hainbat jarduera kontratatzeko dosierra. Proiektu aitzindari horren bitartez, gaixorik dauden zuhaitzak eta garapen-arazoak dituztenak ordeztuko dira hainbat ingurunetan, zenbait txorko handitu eta zoladura hobetuko. Hain zuzen, Donostia kalean egingo dira lan horiek —Baiona kaletik Landaberde kalera bitartean—, Wellingtongo Dukearen kalean —15-19—, tranbiaren geltokira bitarteko tartean, eta Blas de Otero kalean, merkataritza-gunearen ondoan. Esku-hartze errazak dira. 75.000 euroko aurrekontua izango dute, eta gauzatze-epea, berriz, bi hilabetekoa.

 

Share